Musikaren lurraldeak II
Kantaidazue Schuberten lied bat,
lied triste bat,
Malko Euria edo Ezki Lorea,
baso ilunez beterik,
erreka gardenez hanturik,
amodio ezinez gainezka.
Jo ezazue leun pianoa
eta kantaidazue lied tristeena.
Egiozue lekua su bazterrean
Franz gaixoari.
Eta Herz hitza kantatzea suertatzen bada,
emaiozue behar duen doinu eta keinua
mila zortziehun eta hogeita zazpigarren urteko
erromantikoak baikinan
eta gutarik batek
sendaezinezko gaitz lotsagarria bailuen.
Inork ez baitu inoiz gailenduko
gure ausartzia eta edertasuna.
w1998