Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-19-3
Rikardo Arregi
1958, Gasteiz
 
 

Erran, erran

nolakoak ziren arrainen mugimenduak hondargabeko hondartzetan,

zein erraz erre genituen dantzarien artean bihotzetako taupadak,

eta geroko oinazea.

 

Erran, bai, erraidazu

hiriaren harmailetan utzitako hodeien nekezia,

nola bilatzen zuten baleek ilargirako bide azula,

zergatik ez diren hauts bihurtzen ateak larrosa zaharrak bailiran

edo zer nolako mekanismok bultzatzen duen hanka bat aurrerantz antigoaleko estatuengan.

 

Kondaidazu, konda

hasierakoa eta bukaerakoa,

nola edan genituen zilarrezko eraztunetan zikutarik gozoenak Brnora zihoan tren hartan.

 

Gogora ekarri

marrubiek sortutako barre eta algarak,

eta musuak,

eta zure ahoa eztia isurtzen ispiluen artean

eta kafearen usaina organoaren tutuetatik jaisten.

 

Erran, erraidazu arren

zergatik argitu zenuen harrien gaua,

zergatik hontza elikatu.

 

w1993