Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-19-3
Rikardo Arregi
1958, Gasteiz
 
 

Nahiz eta autobusak greban egon

ez gintuan berandu heldu.

Lurrean hiru hosto geratzen dira horbela biltzeko garaia

aspaldian pasatu delako. Udazkenaren hosto berantkorrak.

Lou Reedena oso ondo egon duk

baina nik ez diat ikusi.

Aukeratuak bakarrik bustitzeko ari du euria izkutuka

etengabeko kantata bat goizeko amildegietara jaurtikiz

automobilen gurpilek kantatzen dituzte errezitatiboak,

orekatua eta sakona euria gauean. Oroipenak

teilatuetan agertzen eta nahasten dira tantaka.

Egunsentian kapitolioko tenpluan

Zeusen eradalearen ohorez prestatu genituen

sakrifizioak. Hiriko murrailak

berreraiki ditugu harri zaharrak profitatuz

eta hargin trebeenek egin dituzten berriez.

Ogia erosi duk?

eta egunkaria?

Aterpeetan marmore zurizko zutabeak

altxatu ditugu. Dakizunez Augustorena erori zen

lurrikaran. Ezagutu behar dituzulako

izkiriatzen dizkizut gauza guzti hauek.

Planeten egia kupidagabeak goiztiri madarikatuetan agertzen dira

euria beharrezkoa da orduan

itzalaren hasperenak isladatzeko.

Hurrengo asteburuan

hirekin joango nauk.

 

w1993