Edonon ilargia
Eta hamarrak edo zirelarik
ageri zen ilargia zeruan,
hementxe beste edonon bezala,
itsasoaren gainean hementxe.
Zuri, handi, dotore sortaldean,
argazkitarako prest.
Alboratuko dute afaria
turista arduratsuek, jakina,
argazkigintzak du lehentasuna
oraintxe beste edonon bezala
ordu desberdinetan.
Japonian egin dituzte jadanik
argazki lainotsuak
tenplu hutsen artean,
betiko mendiaren magalean;
presatiak laboratorioan
lanean emaitzen zain.
Ilargia ilargi.
Ameriketan argazki makinak
prestatzen ari dira gauerako,
egutegietan ikusi dute
noiz den —gaur— ilbetea.
Edonon dago leku egoki bat,
hemen itsasoa da,
mendi ubel gorriak,
herrixka bat hondartzan.
Beste edonon bezala hementxe,
hementxe beste edonon bezala.
Ilargia ilargi.
Hondartzaren bukaeran etxe bat,
guztiz bestelakoa,
panpinen bizileku.
Gertaera goibelak ilargitan.
Zaharrek diotenez
gizon arrotz batek zuen eraiki
oso aspaldian alabarentzat,
uste baitzuen hemengo haizeak,
hemengo itsasoak,
senda lezaketela
haurraren gaixotasun hilgarria.
Bai ederra ilargi honen isla
teilatu isiletan. Min gordea.
Hementxe beste edonon bezala.
Ezer ez da berri, ezer ez zahar.
Heriotz ahantzi bat
beste mila heriotzen artean.
Ilargi bakar bat
mila ordutan, mila argazkitan
puskaturik, mila begiradatan.
Mila koloreko harri biziek
hatsa digute mindu,
beste edonon bezala hementxe,
non zeru-lurrek Arrieta izen
latitude honetan
bitxia hartu duten.
w1998