Arabiera eta arabiarren gorazarrea
Zuen hizkuntzaren ikasketari ekitean
altxor galdua bilatzen dutenen antzera
mapetan idatziriko ikur misteriotsuen esanahiek,
itsasneskek bezala, deitzen didate paradisua kausitzeko.
Iraganeko malkoak gorri bihurtu
irekitzen ditut zentzumenak oro
eta aloe tanta bat odolean eriden
non Banu Kasitarrek —Jainkoak bedeinka ditzala!—
bidea erakusten duten keinuka.
Zoriontsu izan zineten Jemengo palazioetan
gaur errauts, oi Gudman, oi al-Khawarnaq
dizdiratsuak dira eta oso altuak
ilunabarra heltzean zeruko izar dirudite leihoek
eta ilargia iluna da haien ondora badator.
Zoriontsu zineten hirietan ere
hitzezko eta harrizkoak, oi Iram, oi Bagdad
basamortuko gau epelean galdu zitzaizuen kobrezko hiria,
perla harean galtzen baita.
Eta orain Ahmad Pariseko geltoki hartan
jauregiaren errege baino le roi du balai dena
kristauen lur hotzean ur ez den marmorea garbitzen,
nola ez gogoratu jasmin eta hiriak.
Ibn al-Faqih al-Hamadanik kondatzen digunez
al-Khawarnaq bukatzean an-Numan erregea
goiko solairuraino igo zen Sinimmar arkitektoarekin,
bizantiarra zena. Orduan an-Numanek, edertasunaz inguraturik,
erran zuen: «Ez dut honelako jauregirik inon ikusi»
eta Sinimmarrek, harro: «Kentzen bada nik dakidan adreilu bat
lurrarekin bat eginen da palazio osoa». Erregek
galdetu zion: «Norbaitek gehiago daki hori?». «Ez —ihardetsi
bizantiarrak— neuk soilik». Eta an-Numanek agindua
eman zuen arkitektoa goikaldetik jaurtiki zezatela.
Eta atzokoan hementxe bertan seigarren pisutik
erori zen igeltsero arabiarra lan baldintzak zirela eta,
ez dira gaur alabastrozko jauregiak eraikitzen.
Gau eztiak solasean ematen ditugu lagunekin,
lili eta liburuen usain beroak
biguntzen du gauzen presentzia ankerra.
Orduan Abu Nuwas edo Ibn Sahl edo besteren batek
amodioa eta ardoa goratuko du
eta arrenkurak lasaitzeko
gramatika izanen da sendagai.
Nola partikulek ez baitute deklinabiderik
hala ez dut nik ere zurekin batzeko esperantzarik.
Gorputz eta oihalen usain gozoak
biguntzen du denboraren urrats iheskorra,
ipuin, istorio, gutun eta poemez
hornitzen ditugu urmaelak eta bailak.
Lapislazuli antzera zela lurra, kantatuko du al-Maqqarik
oihartzun mikatzenak notek sakabanatuz
al-Qods eta Bayrut-en itzalek hoztuko dute haizea.
Egunsentia aldarrikatzen duen seinaleak letrak oro
ditu astintzen
eta goibeltzen.
Kontsolatzeko agian berriz azaltzen didazue
Imru'l-Qays nire zain egonen dela paradisuaren atarian.
w1993