Lur lokartua III
Ordokietan zehar nekaezin
hemen gutxi mintzatzen da helmugaz,
bideaz egiten da solasa, eta basoez.
Helmugak errauts dezake agian
bidaian bilduriko ezagutza eta begiradak.
Eta lotan zaude ene haragiak
esnaturik nahi zaituenean.
Orduan bakarrik izan daitezke kontsolabide
laino eta literaturaz egindako tren mitikoak.
Itzalen artetik ametsak gauzatzen,
eta amesgaiztoak.
Soldaduak etxerako bidean alai.
Familia bisitatzera doan emakumea,
urtean behin, badakizue.
Itxura garrantzi gutxikoa da hemen
eta denbora geltokietan neurtzen da soilik.
Trubetzkoi eta iraultzaile erromantikoak,
abendua gehiegi maite zuten haiek.
Xake jokalariak. Haur lasaiak.
Neba-arreba gazteak, ederrenak.
Eta Puxkin agertu ahala esnatu egiten zen gizona:
Ez, bizitzak ez nau gogaitzen,
Bizitza maite dut, bizi nahi dut;
gaztaroa ihesean ikusi arren
ez zait gogoa hozten.
Ene jakinminari pozgarri zaizkio oraindik
fantasiaren amets maiteak,
sentsazio oro.
Arin doa Puxkinen hegatsa
ibai maiteminduen gainetik.
Hau ez da literatura, zeren lur lokartuan
ibaiak ere maitemintzen baitira, adibiderik bada.
Eta gero Tatiana Nikolaievna. Lauaxetaren
marinel eta txo mozkortuak, ederrenak.
Hilobien aurreko mahai eta eserleku
zurezkoak, itzalekin hitz egin eta bazkaltzeko.
Izen bat eta bi data.
Usolie-Sibirskoie bigarren dataren ondoan
idatziko balute, bai dotorea ene hilarria.
Eta Puxkin agertu ahala esnatu egiten zen gizona:
Zer esan nahi du zuretzat nire izenak?
Oroigarri bakarra
paper batean utziriko aztarna hila
hilartitzaren antzera,
letra arraroz idatzita
inork ulertzen ez duen hizkuntza batean.
Eta gero haurrak ur ertzean jolasean.
Iragana eta iraganaren oroimena
saltzera beharturik zegoen emakumea.
Listvianka-ko elizaren aurrean belarritakoez,
bereaz eta nireaz, eta haien esanahiez
mintzatu zitzaidan mutil urduria, ederrena.
Eta Puxkin agertu ahala esnatu egiten zen gizona:
Bizitzak engainatzen bazaitu
ez atsekabetu, ez harrotu,
jasan itzazu egun goibelak,
alaiagoak helduko dira.
Geroan bizi da gure gogoa,
gure arima orainak du lotzen.
Dena da iheskorra.
Etorriko denari ongi etorri.
Eta gero buriatar guztiak, Ust' Orda-koak,
Aginsk-ekoak eta errepublikakoak,
sorlekua deserri. Mundu zati handi honi
lur lokartua deitu zioten jende ahantziak.
Eta Puxkin agertu ahala esnatu egiten zen gizona:
Ezin ezabatu lerro tristeak.
w1998