Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-19-3
Rikardo Arregi
1958, Gasteiz
 
 

Porfirogenitos

 

Zuzen-zuzen begiratzen dut aurrerantz

estatua baten antzera, zuek honela nahi duzuelako.

Ene ondoan Zoe ederra,

ezin ditut bere begi dizdiratsuak ikusi.

Alde batean eta bestean konteak, fraideak,

jeneralak, apezpikuak, aholkulariak

funtzionariak, gure Patriarka Saindua.

Betiko esaldi ederrez horniturik hasten diren diosalak

onartzen ditut eta hitz egokiez erantzuten.

Helezina eta maitatua naiz zuentzat

baina nire artega eta etsipenetik urrun zaudete.

Gorrotoak zuen bihotzetan du lekua

baina beldurra eta ederrespena azaltzen dira zuen aurpegietan

bisitatzen gaituzten mendebaldetarren aurpegietan bezala,

erne bainago eta zuen elizak, ondareak eta karguak

ene eskuetan ditudalako.

Inoiz irakurriko ez dituzuen poemetan nigar egiten dut soilik

Enbaxadoreak berri on eta txarrekin datoz.

Oi Tesalonika ederra, itsasoaren mirail gardena,

uhin urdinetatik datozkizu urrea eta mina.

Bulgariarrek hitz leialez bere erregeren agurrak

igorri egiten dizkidate, baina gure zilarra nahi dute.

Astunak dira koroa eta bitxiak,

purpuraren beroak itotzen nau.

Eslabiarren mandatariek hitz leunez bere jaunen agurrak

igorri egiten dizkidate, baina gure bizitza nahi dute.

Gero, tituluak lortu dituzuen horiek

zuen izenak entzutean, harrotasunez beterik, lagunen artean,

gehiago makurtzen zarete.

Baina nik estatua baten antzera beti

zuzen-zuzen begiratzen dut aurrerantz

eta altxatzen naizenean

belaunikatzen dira lurrari, marmore garbia, behatuz

bulgariar eta eslabiarrak, mendebaldetarrak, eta zuok.

 

Betiko indarrez eta lasaitasunez hartzen ditu

Inperioaren gorabeherak gure Enperadore Sagaratuak.

 

Hauxe kondatu zidan Kavafisek

Alexandriako ostatu ilun hartan.

 

w1993