Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-09-6
Luis Berrizbeitia
1963, Abadiño
 
 

Esperantzazko solasa

Agure zimel bizartsu bat

aurrean umeteria isila, adi,

eta hura ahots marrantaz

eskolaren atzeneko minutuak ahitzen

trenpu txarrean, zeren

gaur Yehudak ez baitu transkribatu ongi diktatua

eta Joshuak zaflako bat jaso behar izan baitu, kalakariz,

baina dagoeneko bakea berriz gailendua da

eta maisuak ihardun dezake bere gogara.

Historiako zenbait gauza azaldu nahi luke bukatzeko

bainan dudan dago zein pasarte hauta:

Abrahemen pasadizu ta lanak

Noe, Salomon... betegintzarre haik

ala Babiloniako katigarioa

Vespasiano, Masada

Constantino, errausmendua...

Haurrak begira ditu, ekurugaitz eta atera nahiak

bainan agurea xortu-xortua geratu da

bere baitan derrota eta loria askoren oihartzuna aditzen

hain goratik zein behera jauts daitekeen gogoan ezin hartuz

geroztik listua akigaitza

eta ohorea esku ahurrean bildu ezineko ura

direla pentsatuz

izpirituak eta bizkarrak makurtzeko bide aunitz

asmatu direla goibelik pentsatuz

baina finean ere etsiz

patu guztiak bururaino bete behar direlako etsiz

Jainkoari erregutuz bakarrik

arren

ez dakigula inoiz gerta egiten digutena

guk beste inori egin behar izatea

ez gaitezela inoren bizia —gauza xume hori—

barkatzeko kenkan inoiz suerta

emaitzetan emailea zordunago geratzen den bezala

ez gaitezen finean geu ere

infernuko deabru guztiekin

zordunago errenda.

Baina mardaila goraka baitoa

iskanbilak gogoeta eten eta iratzarri egiten du

eta egundaino ikusi gabeko gauza batzuetan bezala

begiak haur egonezinetan pausatzen ditu

hor jarraitzen baitute, lazamenduan, zalaparta berratzen

eta ezin sinetsi hor aurrean dituela

ez direla oraindik suntsitu

ezein ezpatak, segadak edo suk

ez dituela oraino zehakatu, ito, kixkildu

ez ezein irainek gizatasunean kordokatu

                                                  eta arnegamendura lerratu

baina aitzitik, hor dirautela

sail nimiñoa, bizipoz hutsa

etorkizuna iduri hunkigarrienez jantziz

Amschel kaikua

Jacob liburuzuloa

mazela igurdika ari den Joshua katapusintx eroa

zein baino zein egiago

zuhaitz urtetsuaren aldaxka berriak

edo harakinak zintzurra egindako bigantxaren odol beti berria

erion amaigabean.

Eta hoien esperantzaz bihotza betan altxaturik

Dabiden loria gora eta suber hartaz mintzatuz

finitzen du gaurkoz agureak

gaurkoz eta bi mila urtez

ber hitzez

ber oinazeaz mintzatuko den

dolamen eta esperantzazko solasa.

 

w1987