Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-09-6
Luis Berrizbeitia
1963, Abadiño
 
 

Espresio perfeta

Zein ote da espresio perfeta

galdetzen diozu zure buruari

orri isilaren iseka zuriari

itzuri nahiz.

Inguruko gauzei oharturik, haiei galdetzen diezu lehenik

mahaineko liburu sortari, boligrafo etzanei,

hormako argazki histuei, egutegi zekenari

oroimenaren oihartzunak edo liburuen hitzak bezain isilik

ez baitute fitsik erantzuten.

Hastiatua, leihora hurbiltzen zara

eta handik, urrunera, haitz bat ikusten duzu

eta haren gibelean eguzkia

astiro ezkutatzen, prezisio suharrez.

Zu hari begira, eguzkia nola ezkutatzen den

begira dagoen gizaseme bat zara

eta zure aurretik egon diren guztiak orobat

baina zein da horren espresio perfeta

temaz galdetzen diozu kristalean erratuz

urrats kexuan dabilen euli katiguari

horren hegan nahiak ere hitz bat besterik ez baitu

baina hitz hori...

hitz hori zenbat aldiz ez ote duzu entseatu

zein luzaz ez ote duzu zelatu, nerabeak amodioa

                                                                bezain lehiaz

zein gostarik inoiz erdietsi ere ez ote duzu loriazko

                                                                      une batzuetan

hatxeman ezineko hitz hori

zure gogoko hitz bakarra.

Herriaren azken erribaletako mugan

haizeak zuhaitzak biluzten dihardu

pasio pausatuzko errito zaharrean fagoak

ezkiak, zumarrak, platanoak fereka inbisiblez biluzten.

Amoros isil hoientzat ere espresio perfetik

ez dea? ...

Karrikan, mutiko bi ostikoka lotzen dira, karraxika

ama enoatuak jauzian etorri eta zartakoz bereizten dituzten arte.

Urrutirago

neska mutil bi, adin florian, eskutik oratuta isilik doazi.

Beharbada espresio perfetik ez dago —egiten duzu—

forma eternorik ez agian irudiaren irudiarentzat.

Eta salbabide duina da.

Arratsak gauaren jaka beltza jazten du,

hainbeste tarratada distiratsu dituena.

Orduan zuk leihoa kitatu, orri biluzia kajoian sartu

eta tabernara bidean

espresio perfeta gauzak berak dira

aitortzen diozu zure ezgaitasunari.

 

w1987