Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-09-6
Luis Berrizbeitia
1963, Abadiño
 
 

Hariaren desbiribiltzea

Nire bizitzaren haria duela berrogei urte hasi zen

desbiribiltzen munduan

borroka zailezko errepide patarretan

nekean eta ametsetan.

Nire izenik ez dut esango —zer munta du izenak

zauriak denonak direnean?

Gaztetan armak hartu nituen

ideia sinple batzuen sustengutan

ideien izenik ez dut esango

—zer munta dute ideiek haien aldeko lehia bat denean?

estrosadak prestatu nituen, heriotzak

eztanda gorriak erein gauaren errai ixiletan

bahitu, lagunak galdu, zehazki kolpatu

eta ber zehaztasunez kolpeak eraman

gerlan ari nintzen eta gerlan ari denak badaki zeri dagokan.

Nire saria ez zen garaitza izan

baina ihesa, eta herri urrunaren oroitmin arrailgarria

desolaziozko herbeste batean.

Itsasoa zeharkatu nuen, eta orain kontinente berri honi

ematen diot ene indarra

gibelean utzi zaharrari ene nigarra.

Farabundo Martiko azken ofensiban ibili naiz

Guayacal bataloiko kapitain.

Atzo preso hartu naute.

Bihar Carolinan edo Missourin

jaiotako berun puska batek zigilatuko du

nire adimenaren jauregia

bolborazko zigilu baten segurtasun eternoan.

Nire bizitzaren haria antzina abiatu zen

desbiribiltzen munduan.

Zer marrazki eihotzeko inork ez du jakingo sekulan.

 

w1992