Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-09-6
Luis Berrizbeitia
1963, Abadiño
 
 

Irazkia

Bide bakar bat dago xehe bakarrarentzat

derrotara baizik ezin iritsi daiteke edonondik

diote gure labyrintoetako seinaleek.

Zerua eroriko den eguna hurran dago

iragarri dute atlanteek, akiturik baitira engoitik

eustez, sofritzez.

Tabernariak bandeja batean dakarkigu

                                                bere emaztea eta olibak.

Deliberazio luzetik aterata jujeek sentenzia letu dute:

«Inozent gira».

Hareatza erdian ontziak itsaso baten bila ari dira

ihesaren gorazarre urdin edo, agian, sukarraren begitanzio

den horren bila, gaixoak.

Arraildura eta dolamena gaur ezkondu dira

nobioak izan baitira bi mila urtez

eta gaurgero basko aunitzez erditzea espero baitute.

Ohantze bakoitzean historio triste baten tolesdurak

sintaxi nahasizko narrazioetan.

Matematikako maisuak prolema bat jarri du:

«Nor da aitorrago semaforo bat zeharkatzeko lehia populatuan?»

eta erotu zaio askatzean.

Ozeanoa zeharkatu behar duten hegaztinakkontroladoreen esanen zain daude katigariozko zirkulu baten hegaltan.

Gizon bat urkaturik agertu da ostatuko pasiloan, eta ohar bat

«Juje jauna, enea da ogena; hala esaten zidaten beti».

Abel, abel!, hotsegiten zuten lehenagoko euskaldunek

eta airean erleak geratzen ziren

gaur taxi bat ere ez.

Artisaua soka bat eihotzen ari da, eta ber denboran, urrun batean,

haur bat jaio da, urteek gizon, gerlak partisano

eta asturuak eta jelosiak traidore bilakatuko dutena

eta bere etxean goxoki kantuz, damuaren soka eihotzen artisaua.

Gure sokak

gure historiak ere dagoeneko eihoak irazki latz eta hauskizunean.

 

w1987