Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-09-6
Luis Berrizbeitia
1963, Abadiño
 
 

Cordeliaren xerka

Gaur kalera atera naiz ohi baino goizago

trena hartu dut eta abiatu naiz lanera

garai honetan trena bizitza baino azkarrago doa

eta bidaiarien begitartean ezartzen du

akidurazko maskara horriblea.

Ene aurrean agure bat egon da

buruan lore sorta, soinekoa zarpildua

lepoan urrezko katea, oinak agerian

begi bietan zoramenezko pindarra

alabarik ote dudan galdetu dit, esan diot ezetz

eta harek hobe dudala horrela, orduan ezagutu dut

Lear gaixoa

Zer ari haiz hain goizik tren hunetan, jaun erregea

galdetu diot

Cordeliaren xerka

Cordeliaren xerka? Baina... Cordeliarik badea?

Bai, bai, iraka artean eguzkiak ernarazten duen larrosa

ergelen erresuman eraikitzen den zogia

asun flokaren erdiko lili garbia

urde saldoari egotzi perla xuria.

Bai, haurra, sinis nazak ontsa

ez iruditurik ere, Cordelia nonbait badela.

Eta hitz hoien gainean ixildurik

leihotik kanpora so jarri da

amets konplikatu batean erratua bezala.

Iritsi naiz ene geltokira

utzi dut trena eta abiatu naiz nire bulegora

nire ziegara

buruan galdera bat ziztaka:

Cordeliarik badela?

Eta orduan ene baitan ahots bat altxatu da

—ez baitakit norena—

eta mintzo segretuz adierazi dit erantzuera:

Bai,

Cordelia bat beti izanen da

badeno munduan norbait haren xerka.

 

w1992