Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-09-6
Luis Berrizbeitia
1963, Abadiņo
 
 

Egia non dagoen ez dakit

Egia non dagoen ez dakit

baina badakit hurbilago duela

bila dabilkionak.

Libertatearen arbola non hazten den ez dakit

baina badakit baratza geure bihotzean duela

eta fruitua geure izpirituaren udan.

Gerlaren zaldia non bizi den ez dakit

baina badakit geure eguneroko akar txipietan bazkatzen dela

eta errausmenduaren pentzetan adierazten

bere kolerazko irrintzina.

Etorkizuna non dagoen ez dakit

baina badakit ibai bat dela

iraganaren mendietan sorturik

orainaren ibarretan hedaturik

geroaren itsaso hondogabean gorpuztuko dena

egunsenti eder edo galerna deboilagarriaren kolorez

pintatutako emakume baten antzera.

Jakituria non dagoen ez dakit

baina badakit bakarrik bizi ez dela

liburuetako xuxurlo ixiletan laket ez duela

eta huntzostoa nola harrietan

halaxe errotzen dela hura ere geure aurpegiko zimurretan.

Zoriona non dagoen ez dakit, baina badakit

hitz emez mintzo dela

eta izpiritu atzarriak baizik ezin adi dezakeela

solasik edo ordurik xumeenean.

Egiaz, egia non dagoen ez dakit

baina badakit mitxeleta bat dela

eta atsegin dut pentsatzez

ixtant batez

agian lerro hauetan ere pausatu dela.

 

w1992