Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Alexandriako agurea
Konstantinos dut izena.
Gozokiak, arropa zarpailen azpiko gorputz beteak
begirada zohardiak eta Historia maite dut.
Gaztaroan okerreko bidetan amildu nintzen
asko sofritu dut.
Sidongo ontziak itsasoan bezain zauli
irristatu zaizkit niri urteak haragian, ia igerri gabe.
Ihes egiteko sasoia joan zen
orain, urteek bentzutua
arrauna itzultzeko gertu
hiri zaharkitu honetan nire oroitzapenekin bizi naiz
behialako maitale amoltsuen, behialako ohantze suharren
oroitzapenekin.
Ez dakit gauza askorik; agian, bakarrik, hitzak antolatzen
gure leinu jipoituaren hitzak
marmora edo arrengurak bezala,
hetaz balia poemak izkribatzen ditut
poema tipi, soil, doiak
alosien eta malenkoniaren opari xuhurrak
gogokoak zaizkidanean lagunen artean banatzen baititut
neronek neure eskuz josiriko kaierretan.
Goitikora, ez dut ezer espero, ez dut ezer zor
inori ez diot ezer eskatzen
munduaren itzulikak finera bakardade sinple honetara
ekarri duen agure honek
behar duen guztia jadanik bere baitan baitu
bere baitan dena, bai, eskumenean:
astia, papera ta luma
tristura zerbait orobat
eta geroari bere oihartzun bat uzteko gogoa.
w1987