Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Otoitza
Pretoriako gartzelan
urriak zortziko
goizeko seirak
bedeinkatuak izan bitez
eta segada
eta zure etsipen gotorra
eskilarak igotzean zure urguilua
gauzei, argiari, gizonei azken soa
borrero zuria eta aiuma tipi batekin
zure zintzur betan lehertua
bedeinkatuak izan bitez Benjamin
bedeinkatua izan bedi zure haurtzaro landerra
bular ahituan edoski zenuen herra
zure kulparik eza
bedeinkatua izan bedi nerabezaro
ametsik gabea, zerbait haunditurik
zure buruari egin zeniokeen lehen galdera
hura, erantzuna adarretik sagar umoa bezain berez heldurik
kezkarik gabe besarkatu zenuen gerla
geroztik ziztuka igaro den bala, edo haragia
sarraskitu dizun zakurraren kika tzarra
nozitu duzun hainbeste gorroto ere bedeinkatu
eta zorigaiztoko eguna, eta juie koldarra
bedeinkatuak izan bitez, bai, Benjamin Moloise
zure sofrimendua, zure amarena
zure populu beltz guztiarena
ziega ugerrean ibili nahi ez duten orenak
haiek pilura minkatz batzuk bezala ezin irentsiz zenbiltzala
borondate oneko jendean —neugan ere bai, ene dohakabea—
menturaz ezarri zenuen ustea, eta nik
eta guk egunkarietako zalapartaren muinean hel! kosmiko hori
entzuten jakin gabe, entzutera entseatu ere gabe
kafesnea hartzean «beltz gixajoa» errukior bat presaz
besterik ez esana
bedeinkatua bada zure bizitza bakartia eta zure heriotza bakarra
bedeinkatua zu, zerorri, gizona,
eta, arren,
bedeinkatua
azken orduan, guztiak burutuz
amore eman gabez izkribatu duzun azken poema.
w1992