Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-09-6
Luis Berrizbeitia
1963, Abadiņo
 
 

Ez dut ezer egin

Ez dut ezer egin

ez dut ezer ezagutu

ez dut ezer ikasi

sobera esaldi higatua ez balitz

kasik esango nuke ez naizela bizi

izan. Nire izena bezain traketsa izan naiz

naturak ez nau dohatsutasunera

darontsaten dohain mundutarrez hornitu

emakumeen dardarak ez nau inoiz sobera piztu

baina haien misterio biguinak bai maiz harritu.

Maitatu ditut inperio hilak

gerlarien ezpatak, elezaharrak,

kantore nordikoak, gizasemeen fantasiak

eta agian maitatu ere ditut gizasemeak.

Oroit naiz, edo oroitu uste, umetan

dohatsua nintzela, baina orduan ez nekien

orain ere ez dakidan bezela

gure amonak ingelesen mintzaira infinitoa

irakatsi zidan

donario ederragorik inork egin ez zizakedan

errepublika andeatu bateko semea naiz

baina manera oso zibil batean

ez ene arbasoen gisan, zeren ni ez bainaiz

hil ezpataz, ez dut inor hil ezpatan

eta lotsa naiz

izarrak hainbat dira ene pesalonbreak

inora eraman gabe zarratu zaizkidan bideak

hormak gainera abailduz ito nauten labyrintoak

ene ametsetako lezeetatik jauziz

karraxi artean irestera naramaten tigreak

eta ene fiertasunak ixurtzetik begiratu dituen malkoak

baina hoiek oro iraganeko gauzak

dira, orain aspaldi du etsitu dudala

erresignatu naizela

ez egitera, ez ezagutzera, ez esatera

sobera esaldi higatua ez balitz kasik esango nuke

ez izatera

ene ahurreko lerroak ere ezin ikusi izatera

elbarritu bat naiz, ene askazia gerlariaren lotsagarria

hautsera itzuli nahiz gauzen gainean

ixilik pausatzen naizen hauts arrea

ilunbetan erratzen duen itsua

ene makuluaren haztamuka dorpea

bestek amestu duten espejismoen biztanlea.

Hiltzen naizen egunean amaituko da agian nire hiltzea.

 

w1992