Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-09-6
Luis Berrizbeitia
1963, Abadiño
 
 

Aitor dut

                                         Sur les sommets auxquels

                                         j’avais révé d' atteindre,

                                         nul humain ne vivait.

                                                        Jacques de Lacretelle

 

Aitor dut ez naizela bizi izan

sobera zarratu naizela ene baitan

beldur askoren ihesi inora iritsi gabe

beti ari naizela korrikan.

 

Aitor dut anitz denbora galdu dudala

eternitatea segundu bakoitzean datzala

beti geroko menturan biziz niri

denak hatz artean ixuri zaizkidala.

 

Aitor dut gorteaturik etsipena

itzala, ixila, gorteatu behar ez dena

beti libro izan nahiz, baina ikusi gabe

hetan zuela bihotz honek bere edena.

 

Aitor dut ene bidea ez dela ona

izan: sobera patar, sobera hertsi, gizona

aitzinarazteko antzu. Ni honen leku

mortura ekarriaz inor ez bedi estona.

 

Aitor dut hasieran baduela xarma

ospe eta tira; haur txipiari arma

berri bat bezain agradagarri da.

Daidiken heriotza ezkutuan darama.

 

Aitor dut xarma histu zela laster

ikustean zoin zen xarma lander

eta fruitu gabe: ustez eta joritu

arima utzi deraut billos eta hiltzer.

 

Aitor dut ene xedea zela garbia

ez nuela iluna nahi, baina bai argia.

Ogenik gabe bada inon inor

hainak bota biezat lehen harria.

 

Aitor dut liburuetan gatibaturik

egon naizela, katina fermuz josirik

ziegan datzan presoaren antzera

—ordean ziegan laket, kanpora ez nahirik.

 

Aitor dut ene dorre altuan zigilatu

naizela, jakitate ziur, sakon da hedatu

baten minez. Ez nekien, zoritxarrez,

jakintza behar dela hurkoan bilatu.

 

Aitor dut barkamenik ez dudala,

ene gaitza enekin daramakedala

ene odolean bizi, beti kitzikan ari.

Aitor dut aitormen hau ere alferrik dela.

 

w1992