Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Sinfonia palestinarra
Aitak
I
Nire izena Abdullah da
nire adina harriena
nire bihotza ibaizola idortu bat
bezain idorra.
Ene semeak aspaldi partitu ziren
batzuk bizia biltzera
besteak etsaiari bizia kentzera
edo bederik enpeinuan berena nobleziaz ematera.
Ene emaztea xangrinaz ahitu zen
anitz lazkeria sofriturik
ene askazia barreatua da
gure zelaiak inorenak dira
eta herria bozkarioz gabetu da
iduri eta betiko.
Oroit naiz oraino irria bisaietan
loratua zeraman ene populuaren
dohatsutasun iraganaz
ezteguak, banket ardoz eta omorez
ontsa arrosatuak, haur jaio berriak
oi, primaderaz primadera mundua promesa
berri batez hornitzen zuten gure infanteak
haien ahotsetako doinuen errepikak
fededunen bihotzak altxatuz airez aire
hedatzen ziren muhezzinen litaniak
oroit naiz, jaunak, gizonen artean
gizonak ginen garaiak.
Orain dena kanbio da, bakardadea
gailendu da, ene bihotzean itzalek luzatzen dute
beren ildoa, nola luzatzen baitu desertuan
zaldi unatuak ur freskoaren menturan urratsa
—ez deus iristeko
baina iritsi ustez tronpatzeko bere egarria.
II
Ni bezain zaharrik, bazen ene baratzean
laranjondo bat. Hura zen ene maiterena,
hura kutunkienik artatzen eta zaintzen nuena
zeren hura baitzen zaharrena
ene gurasoen ahoa, enea, ene haurrena
bere eguzki txipien freskuraz hainbeste urtez
gozatu zituena. Laranjondo haren azpian
eman nituen ene lehen urratsak
haren itzaletan aditu lehen txoriak
ene herri kalakariaren lehen historiak
elkarrekin hazi gara, elkar maitez
harek eni fruitu eta itzal emanez
nik hari arta eta amodio garbia.
Gaur goizean hilik aurkitu dut
adarrak idor, enborra ustel
bizitza huntaz etsia hartua iduria.
Hainbeste gauza galdu ditudalarik
laranjondo horren galerak uzten nau, jaunak,
mundu honetan gabeenik.
Orain berri bat sartu beharko dut
ez dadin eten lokarria
urrun direnak egun batez datozten
eta eskuak hedatuz
atxeman ahal dezaten fruitu gorria
eta, ahora eramanez, esan dezaten:
«Bedeinkatua dela Jainko Beneragarria
eta bedeinkatua dela ixurtzen digun ozpin eta eztia
zeren infernutik idokirik ekarri baikaitu
noizpait justiziaren erdira.»
Eta, agian ere, oroituren dute gizon hura zoinak
esperantza zelarik galdua
izan baitzuen kuraie ereiteko
lur okupatuan
hazia.
Semeak
Ene soa hedatuz dakusdana
ez da harea eta basamortua
baina ezti eta esnezko ibaiez mainaturiko haran ferdea
behiala enea.
Oi ene lurra, zure semea mintzo zaizu
gordagia huntan ezkutaturik, zelatan
odola ixuriko duen arma eskuan
zure egarriz.
Ene sorlekua amets bat da, guraso umiliatu batzuengandik
ikasitako izen zenbait,
Lydda, Ramle, Nablus
baina izena ez dut aski.
Ene azken oren huntarik
ene sakrifizio honen gailur bakartitik
ene iragan guztia ikusten dut, arantzezko alanbrez
hesituriko presondegi ilun bat bezala
karraxiz populatua, izerdiz eta auhen itoz,
kanpamenduetako desolazioa
marruma eta lazeria
ohorerik gabeko deserria.
Oroit naiz haurrago nintzela
egun batez kamioi zenbait heldu zirela
eta haietan zuhaitz ondoak, kanpamenduan landatzeko
ni ez naiz eskolatua, ordea badakit zuhaitz batek
egotea signifikatzen duela
hortakoz erauzi genituen denak sartzen zituzten bezela.
Eguzkia etzatera ari da, gorri-bizi, iduri eta koleran
bazterrak doluzko erropetan utziz; han behean
kibbutzeko hotsak noizpait lokartu dira.
Hauxe izango da ene azken eguna lurrean
hauxe ene lurra azkenean.
w1992