Bilaketa lanak
Helikopteroa berriro igaroko da gure buruaren gainetik
Etsipen neurriko gau atalak moztuko ditu urrundu ahala
Faroko argia zamalka olatu zurdetan
Orraztu gabeko uretan sartzeko argizko apatsak
Gorririk, uhin bareak harrotzeko
Gehiago ezer ez, ezer gehiago ez, eta halarik ere
Oraino itxaropena dagoela aldarrikatuko dut
Dena ez dagoela galdurik, kalma zuria alde dugula
Odolezko eskularruak jantzi arte aztaparkatu ohi ditugula itsasoak
Maite ditugunak geure etxeetara ekarri arte
Orain ez ditugula harrikatzen zuhaitzak inorako bidean
Baina aspaldi galdu nuen zerutik etor daitekeelako esperantza
Hodeiek azken urratsak uzten dituzte
Bizkaiko itsas alorrean
Laster dakar iluna, eta helikopteroak etxera eginen du
Norbaitek sua eskatzen digu
Poltsikoak arakatzen ditugu azken esperantzaren xerka
Asteak dira dagoeneko erretzen ez dugula
Hondartzako etxean norbaitek argia biztu du
Zamaontzia ostendu da, helikopteroak labarretara hartu du
Haize berdeak ireki egiten ditu zauriak horrelakoetan
Nik badakit aurkituko ez zaitudana
Eta nik beso artean bildu nahi zaitut
Ez hotzetik babesteko baina, hotzago egin dezan baizik
w1998