Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-08-8
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

ŦPoesia hermetikoaŧ izeneko lelopean kokatu zituzten kritikoek Iñigo Aranbarriren lehen bi liburuak. Bere poesia ulergaitza zela, alegia. Egia esan, ez zaio erraza eginen bere lehen poemek eskaintzen duten edertasunean barrena abiatzea logika zehatz bat aurkitu nahirik dabilenari. Mitologia desberdinez elikatzen da sinboloa, aipu kulturalak anitzak dira, arte desberdinekiko erreferentzia ugari dakar, esangura berriz aberasten ditu hitzak... Honek guztiak testuaren indar konnotatiboa areagotzen du eta, beraz, irakurle adoretsua eskatzen du. Zailtasun hori, erran gabe doa, poetaren beraren hautu kontziente baten ondorioa da, poesia Ŧpentsamendu logikoarenŧ etsaitzat hartu izan baitu beti, baita bere azken liburuko poemetan ere; zuhurtziaz haratagoko pentsamendua delako interesatzen zaio poesia, beste ezein jenerok eman ez dezakeen durduzatze ahalmena duelako. Gauzak adierazteko posibilitatea, ordea, planteamenduen ausardiak bezainbeste ematen du adierazpideen doitasunak poesia mota honetan. Hortxe dago, nahasketa orekatu horretan, arbitrarioa izan litekeenetik ekarpen berria egiterainoko aldea.

Zenbait eskultoreren lanaren bilakaerak erakutsi ohi duen gordekoak argitaratzearen antzekoa izan da Iñigo Aranbarrik liburuz liburu poesian egin duen ibilbidea, hots, espazio itxi baten zabaltzea. Trinkotik harrora egin du, esaldi laburbildutik lerro luzeko perpausa lasaietara eraman gaitu, eta formulazio gotorretan eskaintzen zigun mezu kriptikoak poema ia-narratiboen itxura hartu du azken liburuan. Bilakaera honetan, hala ere, Aranbarrik ez du galdu hasiera batean erakutsi zigun indar metaforikoaren mendrenik ere, testua ez baita berbalismoz hanpatu, errazkeriari amore ematen ez dion egilea dugu. Kadentzia aldatu baldin badu, alor berriak hartu nahi zituelako begipe izan da. Metafora itxia zena ingurune konkretuan kokatu digu, eta poesiaren baliabide poetiko arruntagoak erabiliz, poetak oldar lasaiagoetan ematen digu kezkatzen duten gaien berri: bakardadea, ezin ulertua, ahanztura... eta halabeharrezko paradoxan, oroimenaren ezinbestea.

Bere baitatik espazio publikora zabaltze hori inguruaren arduraz dator, eta ingurua gizaki modernoaren kontzientzia kolpatzen duten jazoera guztiak dira poetaren baitan, bazter urrunenetan gertatzen denak ere baldintzatzen baitu gure egunerokotasuna. Hasiera batean barnetik kanporako expresionismo neurtua zena, historiaren jabetze mingarri batek eragiten dion garrasia da egun. Kontzientzia horrek, jakina, euskalduntasunaren zaharberritze bat eskatzen du, eta honenbestez gure aro modernoan aldiro ageri den gaia berritzen du Aranbarrik, bere-berea duen moldean, lirikotasun problematiko eta aldi berean eskuzabal batez.

           

Iñigo Aranbarri (Azkoitia, 1963), filologian lizentziatua, irakaslea da. Hainbat artikulu argitaratu ditu, eta poesia ez ezik nobela (Emon biar yako), kronika (Zapataren Oihana) eta saiakera (Gure mendea) landu ditu.

 

© Koldo Izagirre

 

 

Bibliografia

Iturbide, Amaia. Poesia objetu maitagarria denean. Hegats, 3. zenb. Urria, 1990

Otamendi, Jose Luis. Dordokak Elurretan. Hegats 10. zenb. Martxoa, 1994