Marrumaren isiltasuna
Elkarri behatu eta entzun
Inoiz entzun gabeko marruma oinpean
Hondarra beluritzen ikusi, akazia artetik uhinak biltzera biziro doan itzalaren ibilia
Harriaren hotsa hondarretan. Hareazko laino zarratua
Zer duen lurrak horrenbesteko amorruz heltzeko ikasi nahian
Zer den ur garbien azpitik horren doilor hartzen gaituena
Ibiliko ez genuen estrata ibili zuten zure begiek, norbaiten bila bezala
Galderak, hilerriko bidezidorra, portuko jatetxeetako argi biztu berriak
Autoen islak arroka gaineko errepide estuan irristaka
Inon ez diren herrietan ere errepikatuko zen paisajea
Gertaerak gogorrak dira baina gure aldean
Ezerk ez du isiltasun hark besteko mina ematen
Ni ez nintzen nahikoa zure ikara uxatzeko
Eskain niezazukeen babesa ahula zen:
Zurea besteko egonezina
Traina sikuek hilda ziruditen gurdi nekatuen magalean
Eta irlaren harrotasuna amatatua zen
Harrezkero ez dakizu zenbaterainoko beldurra diodan argi mingarri hari
Berbarik gabe bada maitasunik?
Ez zen gogora zetorkidan lehen aldia
Oroimenen zaparrada. Arrangura urduria. Harrien xuxurlatze itoa
Norberaren baitako paisaje mina:
Behegainera jausten diren itzalak
Arrazoia olatuen antzera joan-etorrian al dabilen galdetu
Norberarena galdu baina ausardiarako bide guztiak itxita daudela esan nahi
Egon behar du begiek ikusten ez duten zerbait, urak berarekin daramana
Elkarren gainean metaturiko aulkiak. Faroko argia. Bidea
Oroimeneko hilak ur azalean kulunka
Eukaliptoak harantzago
Hala da, bada oraindik begiek neurtzen asmatzen ez duten itzalik
w1998