Poesia kaiera
Poesia kaiera
2000, poesia
64 orrialde
84-95511-08-8
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

Nonbaiten

Erauntsiak zuhaitz harroak etzaten dituelarik

Egur hanpatuak hondarretan usteltzen dira

Hona ere negua etorri da, Ana

Irratiak albiste itzelak emanen ditu egun ere

Orainaren eta geroaren arteko atearen bila hil da laguna

Zerrautsak estaliko du haren itzala

Eta orain ez, baina ohituko gara zapata zolei behatu gabe ibiltzen

Haren gainetik pasatzen, hitz egin gabe beti

Itsasoa bizitza bezalaxe harrotuko da gure labarrean

Nonbaiten emakume batek negar eginen du

Gaur ere hilik jaioko den alabarengatik

Nonbaiten ustekabeak errugabe bat ehizatuko du

Nonbaiten goregi ausartutako ubarroi bat gurutziltzatuko dute

Zerua ederrago eta ikusgarriagoa izan dadin

Ohe gainean etzanda, beste nonbaiten jaiotzera eginen dut amets

Beste lur bat zapaltzen dudala, karrika arrotzak

Beste jende bat agurtzen dudala

Janari bila etxetik irteten dudanean

Eremu karroindu batean nago —ahaide gara Kaukason—

Izotz-kamioietan sartzen gaituztela egiten dut

Enbaxada leherturen baten hondarpean zapuzten garela

Zakur goseek jaten gaituztela hiri ezezagunetan

Aireportuko gela hatsitu batean gauzkatela, Ana

Horregatik, zure begiradapean nire malurak ez du itzalik

Antigoaleko armairu bat ekarri du itsasoak lehorrera

Eguzki hotza jutazko amaraun batez erditu da

Eta nik beste egunerokotasun bat eskaini nahi dizut

Buruko baten epeltasuna. Hitz zoli baten ederra

Ez naiz iritziz aise aldatzen den horietarik. Badakizu

Nonbaiten norbaitek atea jotzen du

Ukabil sendoa du. Beldur da

Nonbaiten elkarrekin egiten dugu geratzen zaiguna

Nonbaiten etorkizuna edertzera egiten dugu

 

Baina ez dut gauza ederrik ekarri nahi gomutara

 

w1998