Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

Sar hitza

 

ehaze

 

      Kamikaz Kolektiboaren bi obra ekarri ditugu liburu honetara: Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi (2021ean estreinatua) eta Renata (2025ean estreinatua).

      Amancay Gaztaņaga, Erika Olaizola eta Iraia Elias dira, liburuko obra hauetan, Kamikaz Kolektiboko zutabe nagusiak. Haien aliatu ezinbestekoak izan dira aipatutako bi obretan Espe Lopez zuzendaria, eta Xanti Agirrezabala aktorea Renatan. Bide osoan ere, Miren Gaztaņagak leku garrantzitsua bete du Kolektiboan. Denboran atzera eginez, Euli-giro (2015) obra ekarri behar genuke gogora hasierako urrats gisa, Uxue Alberdiren testuetan inspiratuta egin zuten lan esperimental eta forma anitzekoa. Ondoren, Agur eta dolore (2018) pieza laburrak nolabaiteko eztanda ekarri zuen, luzera horretako piezetan oso ezohikoa izaten dena. Orduko hartan Amancay Gaztaņaga zen zuzendaria, eta Miren Gaztaņaga eta Iraia Elias oholtza gainean zeudenak, Ttak teatroarekin elkarlanean. Beranduago etorri zen Käffka (2018), nerabeei zuzendua, eta orduko hartan Amancay Gaztaņaga eta Erika Olaizola zuzendari ziren. Erreferentzia hauen ostetik, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obraren arrakastak, segur aski, inflexio puntua suposatu zuen erreferentzia interesgarriez betetako ibilbide honetan. Ez kasualitatez, Espe Lopezen zuzendaritza berme osoa da: Legaleon-T. eta L’Alakran taldeen ibilbideengatik da ezaguna, baina azken urteetan Euskal Herriko proiektu askoren zuzendaritzan ere topatuko dugu bere izena. Ez da azken garaietan egin duten elkarlan bakarra: Troia (2023) izeneko kale ikuskizuna ere eraman zuten elkarrekin oholtzara.

      Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi eta Renata obretakoa umore ezerosoa da. Lehenean, minetik abiatzen dira zirtoa egiteko; hasiera batean telesail ezagun baten parodia dirudienak normaltasunak ezkutuan dakarren min historikora garamatza, ironia eta autoironia sekula abandonatu gabe baina minak sorlan bilakatzeko eskubidea aldarrikatuz, historia osoan gizonek lasaitasun osoz egin duten bezalaxe. Renatak, berriz, heriotza du gai, komikiaren estetikara garamatzan izaera distopikoa hartuz. Pertsonaien karikatura eta abiadura akaso Troia obratik gertu dago obra honetan, baina heriotzaren gaia hartu eta urrunago, sakonago, zorrotzago eramango dute egileek, distopietan ohi den bezala, bueltan egungo jendartearen erretratu deformatua emanez.

      Zaila da egungo euskal antzerkigintzaren erretratua egitea Kamikaz Kolektiboaren ekarpena aintzat hartu gabe. Aurretik ere Kolektiboko bi kideren testuak ekarri izan ditugu Ganbila bildumara, Erika Olaizolaren Panpina eta Amancay Gaztaņagaren 39 lore liburuetan. Liburu honetan dakartzagun testuek hankamotz irudi lezakete aktoreen oholtza gaineko energia gabe, baina segur aski irakurlea harritu egingo dute paperean hartzen duten bizitzarekin.