Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

8. GOBERNUA

 

 

(kizkitza sartzen da oihuka, pilula bat hartzen du.)

 

kizkitza: Lasaitu, Kizkitza. Renata sasiartista bat baino ez da.

 

(rober sartzen da.)

 

rober: …jendea kalean elkartzen ari da. Manifestari batzuk ere geratu behar izan ditugu. Eta pintadak agertu dira gobernu-etxean.

kizkitza: Pilula batzuek ez dute efekturik egiten, produktibitatea % 4 jaitsi da eta beherantz jarraitzen du, eta okerrena dena: jendea galderak egiten hasi da.

rober (poz-pozik): Alarma egoera aktibatuko dugu? Ju-ja!

kizkitza: Ez, oraindik ez.

rober (triste): Ju-ja!

kizkitza: Desbideraketa plana abian jarriko dugu, momentuz horrekin nahikoa izango da.

rober (pozik): Ju-ja!

kizkitza: Jessica Dindonentzat Renata ez da existitzen.

rober: Ju-ja!

 

(jessica dindon eta erramun sartzen dira.)

 

dindon: Kar-kar-kar… eta zu nor zarela esan duzu?

erramun: Erramun.

kizkitza: Jessica Dindon…

dindon: Ixo! Zer?

kizkitza: Jessica Dindon…

dindon: Ixo! zer?

kizkitza: Jessica Dindon, gizartea aztoratu samar dabil eta albiste pizgarri bat ondo etorriko litzaiguke.

dindon: Albiste bat?

rober: …eta horretan zu zara onena, Jessica Dindon.

dindon: Albiste bat, albiste bat… Badut albistea: gaur goizean nire txakurrak “Egun on, amatxo, maite zaitut” esan dit.

 

(Isiltasuna. kizkitza eta rober pozez zoratzen.)

 

kizkitza: Jendeak atsegin ditu animaliak, bi minututan birala izango da. Oraintxe bertan antolatuko dut guztia komunikabideekin. Rober, ekar ezazu zakurra.

rober: Ju-ja!

 

(rober badoa.)

 

kizkitza: Erramun! Prestatu hau dena grabaketarako! Garbitu zorua mihiarekin!

 

(kizkitza badoa.)

 

erramun: Aizu, Jessica, enteratu zara Renata delako horren kontuaz? Sekulakoa da egiten duena, e! Benetan harrigarria. Denbora guztian dabil hil eta pizten, hil eta pizten. Kalean ez dago beste konturik jendearen ahotan.

 

(Isiltasuna.)

 

dindon: Zer? Zer esan duzu? Renata hori behin eta berriz berpizten ari dela? Hil eta piztu, hil eta piztu? Baina hori hilezkortasuna da!

erramun: Nik badakit kezkatuta zaudela heriotzaren kontuarekin. Akaso, eta pentsatu dut igual, beharbada, apika, Renatak lagun diezazukeela zure arazo horrekin.

dindon: Ikaragarria da, ikaragarria! Eta non bizi da Renata hori?

erramun: Ahoa bete hortz geratu naiz ni ere.

dindon: Hilezkortasuna! Hilezkortasuna! Kontatu gehiago…

erramun: Ba, begira, aurrekoan tripak atera zitzaizkion eta gero dantzan zebilen berriz…

 

(dindonek erramun besotik heldu eta badoaz.)