Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

3. FAMILIA

 

 

(ama sartzen da kantuan. Mahaia prestatzen du.)

 

ama: Pilula, pilula, pozaren formula, pilula, pilula hartu... (Pilula hartu) Renata, bazkaltzera! (Erantzunik ez) Bizitzeko indarra ematen du lanak, gora maitasuna eta gora bihotzak. Aita, bazkaltzera!

 

(aita sartzen da.)

 

aita: Jauna, baina hogei gehiago? Saiatuko naiz… Ez, saiatu ez, Jauna! Lortuko dut, bai, hori da… Baina kontuan izan aurreko astean beste hogei sartu genituela, eta hamar baino ez zirela. Bai, ondo da, Jauna. Arrazoi osoa duzu, hezur eta azal baino ez dira… kabituko dira, bai.

ama: Arantxitaaa!!

 

(aitak pilula hartu eta lanean jarraitzen du. arantxita sartzen da.)

 

ama: Arantxita maitea, orain bazkaldu egingo dugu, bai? Ekarri mugikorra.

 

(amak arantxitari mugikorra kendu eta antsietate atake bat izaten du.)

 

aita: Txist! Neskak! (Mugikorretik) Bai, Jauna. Noski, 50 zaharren artean 200 tablet muntatuko dituzte bi ordutan… Nire kontu…

 

(amak arantxitari mugikorra itzuli eta lasaitu egiten da. Alarma moduko bat entzuten dute guztien mugikorrean aldi berean.)

 

iragarkia off: Ei, zu... bai, zu! Sukaldatzen duen robota garbitzeak nekatzen zaitu? Ez galdu minutu bat gehiago. Elikatze sistema berriarekin dena izango da azkarragoa, garbiagoa, jasangarriagoa! Dindon, Dindon, Dindon! Irabiatu zure bizitza! Dindon, Dindon, Dindon! Gobernuak janari fisikoaren kontsumoa gaitzesten du.

aita: Ona!

ama: Arantxita, erosi lau.

arantxita: Dindon, dindon, dindon.

 

(Etxeko txirrinak jotzen du. Pakete bat iristen da.)

 

aita: Ze azkarra den internet.

ama: Bazkaria iritsi da!

aita (mugikorrean): Nola muntatu 200 tablet ordubetean…

 

(amak paketea ireki eta bertatik lau Dindon Irabiaki ateratzen ditu.)

 

ama: Aitatxorentzat, amatxorentzat, Arantxitarentzat eta Renatarentzat.

 

(amak aire-serpentinak hartu eta banatzen ditu.)

 

ama: Tori, Arantxita! Tori, aita! Dena prest? Arantxita, grabatu dena. Renataaa...!

 

(Une horretan, renata sartzen da mugimendu arraroak eginez. aitak, amak eta arantxitak aire-serpentina bat ateratzen dute.)

 

ama eta aita: Zorionak!

renata: Eskerrik asko…

ama: Eta orain bazkaltzera!!!

 

(Dindon Irabiakia astintzen dute.)

 

guztiek: Dindon, Dindon, Dindon! Uaaa...!

ama: Renata maitea, pentsatu desioa.

renata: Ba, esan nahi nizuen…

ama: Aita eta biok desio bat daukagu zuretzat. Izan zaitezela pertsona anbiziotsua.

aita: 28 urterekin brontzezko mailara igoko zara lantokian. Kreditu hobeak eskatu ahal izango dituzu.

ama: Auto bat erosteko…

aita: Edo bi…

arantxita: Edo bi…

ama: Eta furgoneta kanperizatua eskiatzera joateko.

aita: Edo bi...

arantxita: Edo bi…

ama: Eta etxe bat.

aita: Edo bi…

arantxita: Edo bi…

ama: Eta ume bat…

aita: Hori.

ama: Renata, hala ere aita eta biok oso kezkatuta gaude zurekin.

aita (mugikorrarekin ari den bitartean): Oso kezkatuta.

arantxita: Oso.

ama: Besteekin konparatuz, oso atzetik zoaz. Ez daukazu ezer.

arantxita: Ezer.

ama: Ez zara inor.

arantxita: Inor.

ama: Eskolako zure lagunak familiak sortzen ari dira. Badakigu modu asko daudela familiak osatzeko, eta gu oso irekiak gara, baina… ez daukazu ezer.

arantxita: Ezer.

ama: Ez zara inor.

arantxita: Inor.

aita: Ez duzu ezer nahi?

renata: Aita, ama…

ama: Zenbat urterekin ezkonduko zara?

renata: Lana utzi dut.

 

(arantxitak aire-serpentinarekin zarata egiten du eta grabatzen hasten da.)

 

aita: Zer esan du? Zer esan du?

ama: Hau ez grabatu, Arantxita.

renata: Ez nengoen gustura eta lana utzi dut.

aita: Zer esan du? Lanean gustura? Zer ari da esaten?

renata: Errebelazio bat izan nuen aurreko astean. Esther Ferrerren lana ikusten ari nintzela, konturatu nintzen behar bat daukadala. Nire bulkada naturalak sentitzen eta kalibratzen nabil. Pasioa zer den sentitzea, zerbait sentitzea behintzat, mingarria bada ere. Nire barrenetik ateratzen den gar honekin sortzea gizartean: iraultza!

 

(Denak aztoratzen dira.)

 

renata: Kultura. Kultur iraultza…

aita: Kultura?

renata: Liburu bat irakurri dut.

ama: Liburu bat?

 

(amak arantxitari mugikorra kendu eta renataren bularrean jartzen dio indarrez.)

 

ama: Har ezazu mugikorra.

ama (aitari): Zure errua da.

aita: Nire errua?

ama: Bai, zurea.

aita: Nirea? Malguegia izan zara…

renata (lepoan hartzen du arantxita): Egunen batean zure ametsak eta desioak burutu ahalko dituzu, Arantxita. Horretarako lanabesa gu geu gara, artea da etorkizuna, artea…

 

(arantxita renatari kolpeka hasten da eta lurrean uzten du. arantxitak mobila kentzen dio renatari.)

 

arantxita: Tonto, tonto.

ama (zaplastekoa ematen dio renatari): Munstro bat zara.

aita: Zer da artea? Non dago? Ez da ikusten! Hemen gauza konkretuak sortu behar dira: irabiakia, mahaia, haurrak…

ama: Gobernuaren protokoloa jarraitzen ari zara?

aita: Pilulak hartzen dituzu? Abestia entzuten duzu?

renata: Ni artista izango naiz.

 

(aitak eta amak belarriak tapatu eta presidentearen abestia abesten hasten dira renatari jaramonik egin gabe. arantxita gaizki pasatzen ari da.)

 

renata: Artista garaikidea izango naiz.

ama: Zer da hori?

renata: Adierazteko beharra dut, artista plastikoa izango naiz.

aita: …zaborra?

renata: Artista performatiboa izango naiz; artista performatibo, diziplinarteko, garaikide, kritiko, politiko, abstraktu, automatiko, autonomoa. Poesia egingo dut.

ama: Itxi aho hori behingoz! Hau gehiegizkoa da.

aita (antsietate atake bat izaten duen bitartean): Zer egin dut gaizki? Zer egin dut gaizki, ama?

ama: Begira zer egin diozun aitari.

arantxita: Tonto, tonto.

aita: Pilula, ama, pilula…

 

(amak pilula ematen dio aitari.)

 

renata: Aita, streaming bidez, plataformetan zabalduko dut nire lana.

 

(aitak eta amak elkarri begiratzen diote.)

 

aita eta ama (ideia gustatu zaie): Aaa!

aita: Negozio bat izango da… markekin kolaboratuko duzu!

renata: Bai, bai, bai.

aita eta ama (gero eta gehiago gustatzen zaie ideia): Aaa!

renata: Babesleak izango ditut, jarraitzaile asko.

aita eta ama (oso pozik): Aaa!

ama: Eta, orduan, zer egiten duzu hemen denbora galtzen gurekin? Segi gelara dena grabatzera. Benga, lanera!

renata: Bai? Benetan?

arantxita: Segi, segi... (renataren atzetik badoa)

ama: A ze atsekabea, nahieza… botoxa behar dut. Arantxita!

 

(arantxita sartzen da.)

 

ama: Arantxita, hartu zita medikuarekin biharko.

 

(arantxita badoa.)

 

aita: Eskerrak Arantxita behintzat normala irten zaigun. (Mugikorra hartuz) Bai, Jauna, oraintxe jarriko naiz horrekin.

 

(Badoaz.)