
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Espe Lopez
HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI
La flor y Renata, Harkaitz Cano
Hitzostea, Odei Barroso
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Espe Lopez
HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI
La flor y Renata, Harkaitz Cano
Hitzostea, Odei Barroso
6. PARKAK
(Espazioa guztiz aldatzen da. Eszenara hiru buru dituen izaki mitologikoa sartzen da: parkak. Soinu arraroak egiten dituzte. Eszenatokiaren ertzera gerturatzen dira eta publikoari hitz egiten hasten zaizkio.)
parka 3: Begira itzazue.
parka 1: Begira-begira.
parka 2: Hor zaudete.
parka 1: Babalasto halakoak, beldurrak itota bizi zarete.
parka 3: Ergel putzak, heriotzaren beldur zarete.
parka 1 (iseka eginez): Beldurra ematen dit heriotzak.
(Alborantz mugitzen dira.)
guztiek: Ooo... Ze beldurra, ze beldurra...
parka 2: Ez zarete ohartzen, tontoustel horiek, heriotzari begiratzen ez badiozue ez zaretela inoiz bizitza bizitzeko gai izango?
parka 1: Zuen erruz arriskuan gaude!
parka 3: Sinbologia guztia desagertzen ari da eta horrekin batera gu geu… Zer erakusten dizuete eskolan?
parka 2: Hau izugarrikeria! Laster ipuinetan bakarrik agertuko gara.
parka 1: Basajaun, Dama, Tartalo bezala!!!
parka 3: Marijaia bezala…
parka 2: Marijaia?
parka 1: Zer diozu?
parka 3: Barkatu, ez dakit, ni ere ergeltzen ari naiz… Desagertu egingo gara.
guztiek: Desagertu egingo gara…
(Bira ematen dute.)
parka 1: Nahikoa! (Publikoari) Zepeltzio halakoak. Begira horri. Zer egin duzu zuk zure hildakoekin?
parka 3: Zaborra bezala desagerrarazi?
guztiak (beraien artean jolastuz): Ez dago, ez dut ikusten, ez dago…
parka 2: Akaso oroitzen dituzu hildakoak?
parka 3: Zera oroituko ditu, pantailen atzean ematen dute egun guztia.
guztiak (beraien artean jolastuz): Ikusten, erosten, ikusten, erosten…
parka 1: Edo ito beharrean lanean.
parka 2: Nagusia aberasteko gainera.
guztiak (beraien artean jolastuz): Lan eta lan eta lan eta lan eta lan…
parka 2: Iraganean edo etorkizunean bizi zarete.
parka 1: Zonbiak zarete, ez duzue aspertzeko ere denborarik hartzen.
parka 3: Alferrik ari gara, ez gaituzte entzuten…
parka 2: Ahaztuak izango gara!
parka 3: Desagertu egingo gara.
guztiek: Desagertu egingo gara…
(Bira ematen dute.)
parka 1: Txist! Nahikoa! Entzun duzue hori?
parka 3: Ekaitza…
parka 1: Kanpai hotsa!
parka 2: Dortokaren koska…
(Barre jostariak. renataren oihua.)
guztiek: Ximist! Burrun!
(parkak alboratu egiten dira. renata erortzen da.)
guztiek: Kaput!
parka 3: Iritsi da!
(Barre jostaria. renatak espazioa ikustatzen du. Ez ditu parkak ikusten.)
parka 2: Ederra nago?
parka 1: Bai! Oso ederra zaude!
(renatak parkak ikusten ditu lehen aldiz, elkarri begira geratzen dira. renata ukitzera gerturatzen zaie.)
parka 3: Zer konfiantza dira hauek?
renata: Zer zarete zuek?
parka 1: Etorri, etorri, etorri…
parka 2: Gu, gu gara.
(parka 1ek kokotekoa ematen dio. renatak ez du minik sentitzen.)
renata: Hau infernua edo zerua da?
(parkek etsita erreakzionatzen dute.)
parka 1: Ziur gaude bera dela? Galdetu badaezpada, galdetu.
parka 2 (balizko telefonozko kontsulta eginez): Bai, esan? Egia da, nik deitu dut. (Barre egiten du) Renata delakoarekin gaude, bera dela dirudi, baina zalantzak ditugu.
parka 1: Esan dortokarena.
parka 2: Ados. Bai, bera da. Bera da gure salbatzailea.
parka 3: A! Erregearen abarkak! Desagertu egingo gara.
guztiek: Desagertu egingo gara…
(Bira ematen dute.)
parka 1: Egon lasai, egon lasai…
renata: Salbatzailea? Ni hilda nago. Nire gorpua ikusi dut, mahaiaren gainean.
parka 3: Bai.
renata: Hau da heriotza…
parka 1: Bai eta ez.
parka 2: Heriotza bidaia bat da eta hau geltokietako bat.
renata: Eta nora joan behar dut?
parka 1: Zu ez zoaz inora.
parka 2: Zuk itzuli egin beharko duzu.
renata: Itzuli? Ez, ez ez! Inoiz ez naiz horren ondo sentitu.
parka 2: Renata, hemen arau batzuk daude. 80. araua: hiru galdera bakarrik egin ditzakezu.
parka 3: Eta egin dituzu jada.
parka 1: Jakin, misio bat bete behar duzulako zaudela hemen.
guztiek: Misio bat, misio bat…
parka 3: Berriz itzuliko zara bizitzara.
renata: Itzuli? Hemen ondo nago…
parka 1: Mezu bat igorri behar duzu, gizateria salbatuko baduzu.
parka 3: Eta gu. Eta gu!
parka 2: Horretarako dohain bat eman dizugu. Dohain ikaragarri bat.
parka 1: Nahi adina hil eta berpizteko gaitasuna.
renata: Hil eta berpizteko gaitasuna… Nola da posible…?
parka 3: Behin mezua bidalita eta helburua beteta hil egingo zara. Hil, hil.
(Bide bat seinalatzen diote. Argia.)
renata: Betirako…
parka 2: Ezer ez da betirako.
parka 3: Eta dena da betirako.
guztiek (tonu epikoan, musikak lagunduta): Eta orain zoaz eta zabaldu mez…
parka 2: Itxoin, itxoin ez diogu mezua eman!
parka 1: Egia!
(Barre jostariak.)
parka 1: Entzun ondo!
parka 3: Harribitxi, bixi bixi, hiltzeko bizi behar lehenbizi.
Harribitxi, bixi bixi, bizi zelako hil da pitxitxi.
(Konjurua errepikatzen dute renatak mugimendu arraro batzuk egiten dituen bitartean.)
parka 1: Zertan ari da? Ezin naiz kontzentratu.
renata: Zuek bezala ari naiz poesia kanalizatzen…
parka 3: Guk ez dugu horrela egiten.
parka 1: Zergatik sortu genuen horrelakoa! Poteko melokotoi honentzat mezua erraztu beharra dago.
(Beraien artean hitz egiten dute.)
parka 2: Adi, Renata!
renata: Bai, bai.
guztiek: A eta B, txanponak bi alde, bizitzarik ez da heriotzarik gabe.
renata (errepikatuz): A eta B, txanpon baten truke…
guztiek: Ez, ez, ez.
parka 2: A eta B,
parka 1: …txanponak bi alde,
parka 3: …bizitzarik ez da,
parka 2: …heriotzarik gabe.
guztiek: A eta B, txanponak bi alde, bizitzarik ez da heriotzarik gabe.
renata: Ados, ulertuta.
parka 3: Misioa betetakoan hemen elkartuko gara.
guztiak (badoaz): Eta orain… zoaz… eta zabaldu ezazu… mezua!
renata: A eta B, txanponak bi alde… mezua ulertu dut, baina nola salbatzen da mundua?
(Soinu epikoa. renata badoa.)