Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

11. PARKAK

 

 

(Espazioa guztiz aldatzen da. Eszenara parkak sartzen dira. Soinu arraroak egiten dituzte. Eszenatokiaren ertzera gerturatzen dira eta publikoari hitz egiten hasten zaizkio.)

 

guztiek: ximist! burrun!

 

(renata espazioan agertzen da.)

 

guztiek: kaput!

renata: Azkenean! Ahaztuta nuen sentsazio hau…

parka 1: Etorri, etorri, etorri. (Kokoteko bat ematen dio)

parka 3: Zer egin duzu misioarekin?

renata: Bete dut misioa!

parka 2: Ez duzu misioa bete.

renata: Nola ezetz? Ez dut besterik egin. Mezua esan eta esan aritu naiz: “A eta B, txanponak bi alde”. Motzean esanda: “Bizitza hil”. Mundu osoak jarraitzen nau, zuei esker.

parka 3: Ez du ezer ulertu.

renata: Zuek esan zenidaten. (parkak imitatuz) “Misioa bete arte ez zara itzuliko”. Eta hemen nago.

parka 2: Guk ez dugu horrela hitz egiten!

parka 1: Etorri, etorri, etorri.

parka 3: Txoroustela.

parka 2: Haizepoltsa.

parka 1: Ziztrinpailazoa (Kokotekoa).

parka 3 (triste): Desagertu egingo gara…

guztiek: Desagertu egingo gara…

 

(renatak haserre ikusten ditu eta erloju bat ateratzen du.)

 

renata: Begira zer ekarri dizuedan!

guztiek (erlojuari begira): Ooooooo…

 

(renatak erlojua oparitzen die.)

 

parka 3: O! Oparia…

parka 2: Zer da hau?

renata: Erloju adimentsu bat.

 

(parkak poz-pozik jartzen dira.)

 

parka 1: Ze polita! (Erlojua lurrera botatzen du) Honek ez du ezertarako balio hemen.

parka 3: Saldu egin zara! Zure arima dindonismoari saldu diozu, babalorea!

parka 2: Ezertarako balio ez duten gauzak pilatzen pasatzen duzue bizi osoa.

guztiek: Erosten, pilatzen, erosten, pilatzen…

parka 1: Zure izana galdu duzu objektuen artean, horko horiek bezala. Bizitzeko izan behar da…

parka 3: …eta ez gauzak izan.

renata: Nola?

parka 1: Izan eta izan ez dira gauza bera.

renata: Hitz bera da…

guztiek: Bai, hori egia da, egia da!

 

(Barre jostariak egiten dituzte.)

 

parka 2: Baina izan da izan eta izan ez da izan! Ulertzen?

parka 1: Ze ulertuko du?

parka 3: Izateko ausardia behar da, eta gauzak izateko kreditu txartela.

renata: Orduan, ze arraio nahi duzue nik esatea, nik egitea?

parka 2: 102. araua: guk hitz egiten dugunean zuk ez duzu hitz egiten, eta zuk hitz egiten duzunean guk hitz egiten dugu. Nahi badugu.

 

(Barre jostariak.)

 

parka 1 (publikoari): Begira horra, ikusten dituzu?

renata (publikoari): Ikusten ditut.

parka 1: Ez hiltzeko dena emateko prest daude, baina bizirik daudenean denbora alferrik galtzen dute…

parka 2: …euren izana ahaztuta.

parka 3: Heriotza onartzen duen bizitza soilik izango da egiazko bizitza.

renata: Heriotza…

parka 3: Desagertzen ari gara.

renata: Baina zergatik desagertzen?

 

(parkek sakon hartzen dute arnasa.)

 

parka 1: Ikusten ez den guztia galtzen ari zaretelako.

parka 2: Zu zara gure azken aukera, Renata. Gogoratu, misio bat eman genizun eta misioa burutzeko dohain bat.

parka 3: Zer uste duzu, kasualitatez zarela artista?

renata: Artista… Ni artista naiz, artista naiz! Itxaron, artea eta heriotza… Artea erabiliko dut jendeak heriotzari begiratzeko, horretarako nire dohaina erabiliz! Hori da, hori da! Ezta?

guztiek: Hori da! (Ahots mistikoz) Misioa ez baduzu burutzen…

parka 2: Ezerezean geratuko zara.

renata: Ezerezean?

guztiek (ahots mistikoz): Eta, orain, zoaz eta itzul zaitez bizitzara…

 

(renata desagertzen da.)

 

parka 3: Lortuko ote du?

parka 2: Bai, lortuko du.

parka 3: Zuk uste?

parka 1: Ez du lortuko.

parka 3: Zuk uste?

parka 2: Baietz.

parka 1: Ezetz.

parka 3: Desagertu egingo gara.

parka 2: Pentsamendu positiboak izan behar ditugu.

hirurak: Lortuko du, lortuko du…

 

(parkak badoaz.)