
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Espe Lopez
HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI
La flor y Renata, Harkaitz Cano
Hitzostea, Odei Barroso
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Hitzaurrea, Espe Lopez
HIRU KORTSE, AZUKRE ASKO ETA BRANDY GEHIEGI
La flor y Renata, Harkaitz Cano
Hitzostea, Odei Barroso
HITZOSTEA
LA FLOR Y RENATA
Harkaitz Cano
To: Erika Olaizola erika@txotxmail.com
From: Harkaitz Cano harkaizto@bubbles.com
Subject: la flor y Renata
Baina, baina, baina, zer egin duzue oraingoan, Erika? Ene! Pilulaaa, pilulaaaa!!!
Barrez lebitatzen atera nintzen atzoko Renataren emanalditik. Badakit “barrez lehertu” esaten dela, baina posible ote da barrez lebitatzea? Ba, itxuraz, bai: satirak zintzurretik harrapatu eta orbitan jar zaitzake. Eta, behin orbitan zaudelarik, hasten zara hor behean poliki-poliki errealitatea eta zure burua bereizten… Errealitatea, gordin; eta zure burua, zaurgarri. Hasten zara bihia eta lastoa bahetzen. Hasten zara bizitza beste era batera ikusten. Hasten zara ilargiaren alde ezkutua eta munduaren ifrentzua aberritzat hartzen. Batzuetan muturrera eraman behar dira gauzak fikzioan, konturatzeko zenbateraino eraman ditugun gauzak muturreraino errealitatean. Artistak zarete esajerazioan, baina ez gaitezen engaina, deformazio horrek, ahotsak, giharrak eta keinuak plastikoki eta koreografikoki azken kondarreraino garatu eta zukutze horrek, ezin dezake zentzu gehiago izan: gure patetismoa azpimarratu eta argiago ikusarazten diguzuelako. Distopia? Ez dakit ba nik. Jantzien eta eszenaratzearen fantasia zoragarri hori gorabehera, errealista samarra iruditu zait niri antzezlana. “Antzezlan” hitza bera pobre geratzen zaio, egia esan. Plater hegalari pitzatu bat zarete antzoki erdian lur hartzen. Lehergailu nuklear bat lorategi botanikoan. Algara bat eta irrintzi bat hiletaren erdian. Hartu Metropolis filma eta hornitu kolorez, egin plastilina-gerra bat Fritz Langen filmaren barruan; hartu The Great Dictator eta filmatu berriro Chaplin queer baten zuzendaritzapean Diktadoraeiou Handia bihurtuz; hartu errealitate zikinaren gidoia eta zentrifugatzen jarri barruan dugun haur kabroiari garbigailuaren “Super rápido” botoia saka dezan utziz, leungarria doan lekuan brandy txorrotada bat botaz.
Ez zaizkizue jada EHko batxilergo ikastetxe guztietatik deika ari zuen antzezlana den Euskal-Antzerkiaren-Katebegi-Galdua ikasle guztiek ikus dezaten eskean?
Ez dauzkazue euskal aktoreaiou guztiak bulegoan ate-joka zuen hurrengo antzezlanean parte hartu nahi dutela erregutuz, otoi eta mesedez, baita trukean urrezko lingoteak ordaindu behar badituzte ere?
Ez zaituztete Machinbentabergerreko Avantgarde Theaterschuletik deitu bertan mintegiak eman eta antzerkia zer den erakuts dezazuen behingoz?
Ez dizuete Nerds retten die Welt elkarteko ohorezko lehendakaritza eskaini? Ez zaituztete Osasunaren Mundu Erakundetik konbokatu osasun mentalari buruzko ikastaroak emateko?
Ez zaituztete Tony eta Emmy, Txoni eta Pony sarietara nominatu? Ez duzue Pili eta Mili, Max eta Menox sarietan jo-eta-arrasatu? Hain gaizki dago mundua, benetan?
Gaindosi arrisku eta guzti, behin eta berriro ikusi nahi nuke Renata. Nahiz eta ez dudan premiarik (oraindik obraren barruan nagoelako!). Berriro ikusi nahi nuke Renata, nahiz eta, nahiz eta… kamikazeak ez diren bi aldiz immolatzen, ala? Nola ezetz? Oi, teatroaren mirariak! Hori ere lortu duzue…
Nola esaten zen, bada, japonieraz “bejondeizuela”?
A, bai: Banzai!
h