Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

4. DANTZALDIA

 

 

(nigelek Fikzioaren Eremuan hizketan jarraitzen duen bitartean Errealitatearen Eremua pizten da. amancayk mikrofonoa hartzen du.)

 

amancay: Fikzioa… uau…

 

(nigelek hizketan jarraitzen du.)

 

amancay: Txist! Ei! (nigeli amaitzeko keinuak eginez) Eskerrik asko!

 

(nigelek azken dantza pausoa eman eta badoa.)

 

amancay (publikoari): Azkenean, fikzioaren kontu hau denontzat da nekagarria, ze hau eusten egotea ere ez da erraza izango...

 

(amancay biolinarekin minuet bat jotzen hasten da, nigel eta emakume 2 dantzaldira sartzen diren bitartean. joshua biolina jotzen hasten da mahaiaren gainean.

 

Dantzan ari direla emakume 2k joshua ikusten du eta nigeli alde egiteko keinua egiten dio. Honek alde egiten du. joshua eszenatoki gainean emakume 2 seduzitzen ari da. Pieza amaitzean emakume 2k txaloak jotzen dizkio, joshua emakume 2ri gerturatzen zaio eta erreberentzia bat egiten diote elkarri. emakume 2 lurreraino makurtzen da, joshuarekiko entrega osoa erakutsiz. joshuak eskua luzatzen dio eta basora eramaten du.

 

joshua atzetik hurbiltzen zaio, emakume 2 urduri. joshuak eskuarekin masaila ukitzen dio eta emakume 2 urtu egiten da. joshuak berriro eskutik heldu eta musu bat ematen dio. emakume 2k musu eman berri dion eskua hartu eta usaindu egiten du, ondoren mingainarekin zurrupatu eta azkenik musukatzen hasten da. Zertan ari den ohartu bezain pronto geratu egiten da. Atzera begiratu du eta joshua berari begira dagoela ikusten du. Arnasa sakon hartu eta joshuari musu bat ematera ausartzen da. Musu ematen diote elkarri. emakume 2 maitasunaren ponpa batean bezala dago. Berehala joshuak gerritik heldu, buelta eman eta mahaian apoiatzen du. Atzetik ematen dio emakume 2ri. Larrualdi azkar baten ostean, musu kastu batekin agurtzen da.

 

emakume 2, musua jaso ostean, maitasunaren ponpan dago berriro. Pixkanaka Fikzioaren Eremutik irten eta erika Errealitatean erortzen da lurrera.)

 

erika: Joshua, Joshua. I love you, Joshua... maite zaitut, pila-pila patata tortilla. (Bihotz txiki bat marrazten du airean) Hau zuretzako da, Joshua. (Bihotzari putz egin eta airera jaurtitzen du. Bihotza ponpa bat bezala lehertu egiten da. Bihotz handiago bat marraztu eta berriro jaurti du airera, hau ere lehertu egiten da. Hirugarren saiakera batean bihotz handi-handi bat marrazten du) Hau zuretzat doa, Joshua! (Ostikada batez urrutira bidaltzen du. Bonba bat bezala lehertzen da. erika, desesperaturik, joshuari deika hasten da) Joshua, Joshua! (joshuaren izenak oihartzuna egiten du. Halako batean, bularra ireki eta bihotza ateratzen du) Pum-pum, pum-pum. (Urrutira jaurtitzen du. Lurrean estanpatzen da. Isiltasuna. Bere bihotza entregatu duela konturatzean mina sentitzen du) Auuu! Auuu! (Lurrera erortzen da, gero eta min handiagoa sentitzen du. Desesperatuta, zutitu egiten da joshuaren bila, ezin du zutik mantendu eta lurrera erortzen da. Bihotzeko mina dauka) Auu! Pupaaaa (Lurrean negarrez batera eta bestera).

 

(iraiak sagarra jaten du, looperrarekin horrek sortzen duen soinua grabatzen du. Bitartean, amancayk espazioa eraldatzen du. Aulkia jartzen du eszenatokiaren aurrean.)

 

erika: Hil egingo naiz.

iraia: Zer esan genuen? Dramatismoa bai, baina tamainan…

 

(erikak mikrofonoa hartu, aulkian eseri eta bere lehenengo testigantza kontatzen du.)

 

erika: Nik nire “lehen aldia” kontatu nahi dizuet. Birjintasuna galdu nuen momentua. San Tomas eguna. Txistorraz lepo eta baserritarrez jantzita ligatu egin nuen. Ligatu nuen ni baino lau urte zaharragoa zen mutil batekin... eta oso ondo, bai, ondo, bai, bueno, aber, ņa… Motzean kontatuta, hauxe izan zen nire esperientzia...

 

(erikak masailari kolpeak emanez adierazten du bere esperientzia sexuala. amancayk grabatu egiten du.)