Fikziraultzaileak
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2025, antzerkia
154 orrialde
978-84-19570-51-2
Kamikaz Kolektiboa
 
 

 

2. AURKEZPENA

 

 

(Errealitatearen Eremua argiztatzen da. emakume 3 alde batera utzi eta iraiak hartzen du hitza. Bitartean, Fikzioaren Eremutik irten ezinik oraindik, erikak eta amancayk lurrean zilipurdika jarraitzen dute.)

 

iraia: A ze eszena, e… (erikak eta amancayk elkar nola jotzen duten begira) Ba, orain arte ikusi duzuen guztia serie batean oinarrituta egin dugu. Bridgerton. Ezagutzen duzue? Serie honek 10 egunean 82 miloi ikusle izan zituen, tartean gu. Eta hainbeste inpaktatu gintuen ikusitakoak erabaki genuela bertsio bat egitea. Hori bai, bertsio librea, konturatuko zineten bezala, baina sakonean zituen gaiak erabiliz: emakumeak gizonengatik borrokan, emakumeak gizonek aukeratuak izateko desiratzen gizon gaiztoak gure xarmarekin eraldatzeko ametsetan, emakumeen arteko inbidiak... Badakizue, egunero-egunero edozein plataformatan ikus dezakeguna. Alegia, fikzioa. Fikzioz inguratuta gaude, fikzioz elikatzen gara. Eta gu, oso jende serioa garenez, ez du ematen, baina hala gara… oso galdera sakona egin genion geure buruari. Non geratzen da, lagunak, non geratzen zaigu begiz jaten dugun hori guztia? Non? Non?

 

(erikak eta amancayk elkar jotzeari uzten diote.)

 

iraia: Munduan egiten den fikzioaren % 92 gizonen eskuetan dago. Beraz, maskulinoa dena da beti protagonista. Maskulinoa dena da beti erdigunean dagoena eta maskulinoa den horri esker jasotzen ditugu munduaren klabe guztiak.

hirurak: Eskerrik asko!

amancay: Eta non geratzen da femeninoa den hori? O! Sorpresa! Erridikulizatuta edo baztertuta. Eta noiz ateratzen gara gu istorioan? Eta noiz agertzen da figura femeninoa? Gu? Bueno, ez gu, gu… (Keinua egiten du eskuekin) Ba, adibidez, maskulinoa den horrek maitasuna edo pasio erotikoa esploratu nahi duen momentuan. Gu (Keinua) beti besteen desio iturri. Noski, hau guztia heteronorma zuriaren barruan sartzen den horretatik eraikia dago… Arau horietatik kanpo geratzen dena ez da existitzen edo…

iraia: Arazo bat da.

erika: Ez du ematen baina fikzioak gauza bera erakusten digu beti, modu ezberdinetan. Eta horrek zuzenean eragiten du gure irudimenean, gure egunerokotasunean, desioetan, pentsatzeko moduan, harremanak eraikitzerako orduan. Ni, adibidez, momentu honetan, fikzioan apoiatua nago. (Fikzioaren Eremuan dagoen aulkian apoiatzen da) Eta orain ez. (Eskuak kenduz) Eta orain bai, eta orain ez… Ikusten duzue? Baina ni kontziente naiz.

amancay eta iraia: Kontziente da.

amancay: Adibidez, nik, errealitatean, batzuetan ez dakit nor naizen ere. Baina kontziente naiz…

hirurak: Kontziente gara.

iraia: Besteak beste, irakurri egiten dugulako. Batez ere nik… Eta gai honen inguruan irakurritako azkena Género y comunicación liburua izan da. Titularra? Kontuz fikzioarekin, ze ispilu deformatzaile bat da. Ideia patriarkal eta matxistak gure burmuinean sartzeko, zasta, zasta!

amancay: Ez, Iraia! Ze esan genuen? Ze esan genuen?

iraia: Egia, panfletorik ez.

erika: Herriak ez du atsegin.

iraia: Barkatu, herria.

amancay: Ze esan genuen?

iraia: Sinbolikotik, sinbolikotik.

erika: Hala ere, eskerrik asko, Iraia. Kristorena da talde honetan aportatzen duzuna. Zure txapa interesantea da baina giroa kargatzen du.

 

(amancayk Sofi Tukkerren Energia abestia jartzen du eta hirurak dantza eroan hasten dira. Bat-batean, musika amaitzen da. amancayk mikrofonoa hartu eta asmr soinuak egiten hasten da. Bitartean, iraiak eta erikak espazioa atontzen dute gizonen eszenarako: mantela eta kikarak kendu, eta ezpatak, brandy-kopak eta hiru gizon-buru utziz.

 

amancay (publikoari): Neutralizatu. Espazioa neutralizatu. Zer da espazio neutro bat? Zer da fikzio neutro bat? Zer da neutroa? Posible da fikzioa neutroa izatea? Posible da zerotik hastea? Posible da zuen iruditegian sartu eta iruditegi berri bat eraikitzea?

 

(amancayk biolina hartu eta minuet bat jotzen du. Looperrean grabatu du. Biolina Errealitatearen Eremuan utzi eta Fikzioaren Eremura sartzen da. Grabatu duen minuetak martxan jarraitzen du.)