20. ESZENA
Background soinua: txoriak eta basoaren hotsak.
igor:
Harkaitzen izerdi kiratsa jarraituz nabil. Institutu irteeratik basoan barna sartu da.
Kontu handiarekin ibili behar dut orain, aparteko zarata egiten badut, mutikoa konturatu egingo da.
Zuhaitzen artetik, iturria pasata, ezagutzen ez ditudan inguruetara eramaten nau Harkaitzek, jakin gabe.
Atzera begiratzen dut noizean behin, etxera bueltatzen jakingo dudala ziurtatzeko edo.
Background soinua: haizearen hotsa.
Baina... Harkaitz galdu dut.
Alde batera eta bestera begiratzen dut, baina ez dut mutikoaren arrastorik aurkitzen. Sudurrak zabaltzen ditut, baina ezin dut bere izerdiaren usaina bereizi. Euria hasten du. Leun hasieran eta, bat-batean, gogor.
Ez dakit nora jo, ezta nondik itzuli ere. Zuhaitzak geroz eta altuagoak iruditzen zaizkit eta ikusten ez ditudan piztia guztiak begira dauzkadala iruditzen zait.
igor gora begira.
Orduan ikusten dut, 15 bat metroko haritza eta goian, txabola bat.
Hautsitako txalupen pusketekin egindako txabola dirudi.
Apurka-apurka hurbiltzen naiz. Ez dakit nola igo. Ez dago ez eskailerarik, ez enborretik gora egiteko ezer. Euriak blai eginda nauka eta ideia guztiak agortzen ari zaizkit.
Bat-batean, txabolaren goialdetik erortzen da. Latigo baten soinua eginez: soka bat.
Flash batean bezain azkar, argiak, zintzilikatuta dagoen soka erakusten du.
Ozta-ozta ez nau jo.
Soka mugitu egiten da eta ezkutatu egiten naiz.
igor eszenatokiaren bazter batean makurtzen da eta sokari begira gelditzen da.
Goitik behera, Alain, Maddi, Eñaut, Uxue eta Harkaitz. Jaisten trebeak dira. Nire klaseetan ondo entrenatu ditudala okurritu zait.
Alainek alde batera eta bestera begiratzen du. Basoa arakatzen. Ezkutuan dabiltza hauek.
Banandu egiten dira eta bakoitzak norabide batetik egiten du martxa. Ez dute inork elkarrekin ikus ditzan nahi. “Divide y vencerás” hori ondo aplikatuta balute bezala.
Isiltasuna.
Pixkanaka-pixkanaka, Igor zutitu eta sokara hurbiltzen da.
Soka heltzen du, ondo finkatuta dagoela ziurtatu, pare bat aldiz tiratuz. Orduan, igo egiten da sokara.
Goraka egiten saiatzen da. Esfortzua handia da.
Gora igotzen hasten naiz. Asko kostatzen zait. Nire aitaren ahotsa entzun dezaket.
gizon baten ahotsa (Offean):
Ez zaitez sinsustantzia izan!
igor:
Neronen ahotsa entzun dezaket.
igorren ahotsa off-ean:
Benga, goazen.
Mugitu gorputza!
Mugitu ipurdi handi hori!
igor gora iristen da eta salto batez eszenatokian erdi makurtuta dabil.
Gora iristen naizenean, barrutik, txabolak ukuilu bat dirudi. Itoginak nonahi eta hauek kontrolpean izateko, zakarrontziak eta pitxerrak.
Zutitzen saiatzen naiz, baina sabaia jotzen dut buruarekin. Altuegia naiz. Argi dago haur batzuen gotorlekua dela hau.
Zaborretatik hartutako gauza erabilezinak: izorratutako microondas bat, gurpila desintxatua daukan karretilla bat, hustutako sagardo botilak, komiki zaharrak, porno aldizkariak. Dena hezea, dena hondatuta. Dena itsusia.
Txikia nintzenean, aitaren Interviú aldizkariak aurkitu nituen zapatak gordetzen zituen armairuaren atzean. Behin, aita poligonoaren atzeko putetxean sartzen zela deskubritu nuenean, nire diarioan idatzi eta aitaren Interviú baten barruan gorde nuen.
Banekien, aitak aurkitu eta irakurriko zuela.
Ez zuen hitzik aipatu. Sekula ez zuen ezer esan.
Baina bion arteko sekretu bat bezala gelditu zen. Nik aitaren sekretua nekien eta berak nireak.
Aldizkarien barruan begiratzen dut.
Eta hortxe, Julenen egunkaria. Letra okerra zuen mutikoak.
“Gaur kristoren parrak bota ditut”. Horrela hasten da lehen orrialdea.
“Gaur lagun berri bat egin dut”.
“Gaur kuadrilla bat daukadala esan diot amari”.
“Baina ama beste planeta batean dago”.
“Gaur lokatzetik sartu naute arrastaka, ia ito arte”. “Gaur dutxetan Harkaitz nire pitilinaz hasi da barrezka”.
“Gaur amari porroena kontatuko diotela esan didate”. “Gaur Maddik eta Uxuek paja bat beraien aurrean egitera behartu naute”.
“Egin edo bestela...”. “Ados?”. “Ados?”.
“Gaur Eñautek erukto metraileta egin dit”.
“Gaur Alainek txistua bota dit ahoaren barrura”.
“Ez dauzkat moratoiak, ez daukat harramazkarik erakusteko”.
“Barrutik daukat mina. Barrutik infernua”. “Ezin dut gehiago”.
“Ez dut horrela jarraitu nahi”.
Isiltasuna.
“Gaur beldur naiz”.
“Gaur ez naiz gehiago beldur izango”.
Background soinua: sokari tiroiak zasta, zasta, zasta.
Txabolatik behera doan sokak tiroia jaso eta erori egiten da.
Zintzilikatuta zegoen soka askatu egiten da eta lurrera erortzen da kolpe batez.
Korrika batean begiratzen dut lurrera eta hantxe daude: Alain, Harkaitz, Uxue, Maddi eta Eñaut. Sokatik egin dute tira eta lurrera eraman dute.
igor, builaka.
Zer egin duzue? Baina zer ostia egin duzue?
Zer egin zizuen berak?
Zergatik? Esan zergatik?
Alainek gora begiratzen du eta soka lurrean erortzen uzten du.
Atzamarra erakusten dit.
Popatik hartzera joateko keinua egiten du igorrek.
Haurrak basoan barna desagertzen dira.
Etorri hona!
Ez utzi hemen!
Ez utzi bakarrik!
Mesedez!
Lagundu! —ez du inork erantzuten.
Lagundu! —ez du inork erantzuten.
Lagundu! —ez du inork erantzuten.
Isiltasuna.
igor apurka-apurka etzan egiten da eta horrela gelditzen da, lurrean kikilduta. Unea luzea da eta igorrek haur baten gorpuzkera hartzen du lurrean dagoela. Babesgabe dagoen 11 urteko mutiko bat balitz bezala.
Musika: Nick Cave & The Bad Seeds-en “O’Children”en lehen minutua.