Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
1985, Donostia
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

7. ESZENA

 

Background soinua: haize indartsua kalean.

igorrek txandalaren txanoa janzten du eta eskuak patriketan sartzen ditu.

 

igor:

 

Hotza egiten du, baina paseotxo bat ematea

okurritzen zait. Despejatzeko edo.

Oinei norabidea markatu gabe, burua dantzan, hilerriraino iristen naiz.

 

Agustin Elizegi Iriarte: 1945-2008

Maria Ixabel Mendizabal Barrios: 1922-1987

Lourdes Gomez Aldalur: 1953-2013

Julen Bengoetxea Otegi: 2005-2016.

 

Lore sorta pila hilobiaren gainean.

Gogoan zaitugu. Goian bego.

Hotza dago hilobiaren harria.

Hotza eta leuna.

Zarata bat entzuten dut eta jiratu egiten naiz.

Bi hilobiren atzean, itzal bat ikusten dut.

 

igorren bihotzaren altueran, “laser puntero” batekin bezala, puntu gorri batek markatzen du zuzen-zuzen.

 

Itzal bat eta argi puntu gorri bat, piztuta. Niri begira, zuzen-zuzen.

 

Pauso bat ematen dut aurrera.

Argia hortxe dago. Geldi-geldi.

E, nor da hor?

E!

 

Hilobiaren atzetik kamera bat ateratzen da.

Barkatu, Igor, zu Soinketako irakaslea zara, ezta? Telebistatik gatoz.

Galderatxo batzuk egingo dizkizugu. Bale?

Egia da klasearen erdian galdu zenuela Julen Bengoetxea?

Zer nolako harremana zeneukan mutikoarekin?

Oso gertukoak zineten?

Oso gogorrak al dira zure klaseak?

Institutuan dutxak daudela esan digute.

Nork kontrolatzen du dutxetan zer gertatzen den?

Zu sekula sartzen zara dutxetan?

 

igor korrika, larrituta.

Haizearen soinua gero eta indartsuago, eszenatokia gortu arte.

 

Korrika irteten naiz.

Hilerria zeharkatzen dut eta herriko plazatik pasatzen naiz.

Galdu ditudala uste dut, baina kotxe bat ikusten dut nire atzetik. Badator.

Etxeko kalean gora egiten dut. Korrika batean.

Argia dago etxean.

Ez ditut giltzak aurkitzen eta atea jotzen dut. Kolpeka. Liernik zabaltzen dit.

Salbu.

 

Haizearen soinua bat-batean eteten da.