Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
1985, Donostia
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

Sar hitza

 

ehaze

 

      Sokaren mutur bakoitzean tiratzeko bi modu, jolas bakarrean elkartutako bi bide, pertsonaia bakarraren mesede. Kasu honetan, alde batetik Mikel Gurrea dugu, testu honekin antzerkiaren munduan atea zabaldu zuen zinemagilea, eta, bestetik, ibilbide luzeko konpainia ezagun bat, Tanttaka Teatroa, kasu honetan Fernando Bernuésen zuzendaritzapean. Energia mota ezberdinak, istorio bakarrari tira egiteko, Iñaki Rikarteren gorputz bakarrean batzen diren ahots denetarikoei bide emateko.

      Adiera ugari egokitzen ahal zaizkio sokari, gure jendarteko gauzen historian presente dagoen elementua da, eta, objektu gutxirekin gertatzen den bezala, adieretako batzuk izan daitezke beldurgarriak, besteak ezin positiboagoak, baina guztiak daude sakon errotuta gure iruditeria kolektiboan. Irudi horri nagusitasun osoa emanez idatzi zuen Mikel Gurreak Soka, bere lehenengo antzezlana. Ez da erronka makala, baina abilezia handiz atera zuen aurrera lehen bultzada. Egileak berak aitortzen duen bezala, kezka batetik abiatzen da istorioa idazteko txinparta. Ez da teatro dokumentala, ez periodistikoa, ezta aitortzakoa ere. Ordea, jendartean tabua den, samin ikaragarria eragiten duen eta gutxitan azaleratzen den (eta, egiten duenean, esan gabe doa, gordinki) eskola jazarpenaren gaia ekartzen du mahai gainera antzerki moduan. Egileak berak, gainera, lehen orrialdetik luzatuko digu abisua: berak ez du pertsonaia epaituko. Ikusten duenaz, galdekatzen duenaz, gutaz, ikusleez, irakurleez, hitz egiten du obra honek. Bertolt Brecht-ek egiten zuen antzera, gai bat paratuko digu begien aurrean, distantzia hartuko dugu, batzuetan ia oharkabean pasatzen diren ñabarduretan guk gure istorioa idatz dezagun.

      Ez kasualitatez —egileak berak haren izena aipatzen du testuaren sarreran—, Thomas Vinterberg zinemagilearen Jagten (Ehiza) film bikaina ezagun egin zen 2012an, testu hau idatzi baino urte gutxi batzuk lehenago, eta, besteak beste, hura inspirazio gisa hartuta ekarri zuen egileak testu hura gure jendartean gertukoagoak egingo zaizkigun paisaia, izen eta moduetara. Zinema agertzen zaigu beste behin testu honen oinarrian, ez kasualitatez Mikel Gurrearen izena batez ere zinemari lotuta ageri baitzaigu Soka estreinatu osteko urteetan, eta zinema egon zen testuaren oinarrian: aipatutako filmarekiko harremanaz gain, zinematografikoa da oso Gurreak darabilen idazkera. Literaturan —batez ere, narratiban— ari diren idazleek antzerkira jauzi egiterakoan sarritan zailtasunak eduki ohi dituzte, oharkabean “irakurtzekoa” den antzerkia idaztera jotzen baita sarritan; gauza bera gertatzen ahal da zinema idazkeratik salto egitean, kodea literaturatik baino gertuago badago ere, berdin-berdin beste kode baterako jauzia ematen baita, zeinean ez dagoen mozketarik, zeinean aktoreek gorputz hutsez —eta, betez— eutsi behar dioten istorioaren kontagintzak irauten duen ordu edo ordu eta erdi intentsuari. Gurreak ez zion edonolako erronka luzatu balizko taularatzaileari: pertsonaia bakarraren bakarrizketan txertatu zituen istorio honetako pertsonaia guztien ahotsak, pertsonaia bakarra gorputz bakarrean, elementu fisiko bakar baten aurrean: soka bat.

      Erronkari aurre egiteko, Tanttakako kideek maila handiko aktore batengana jo zuten, Iñaki Rikarte gasteiztarrarengana. Horrelako desafio bat handia da aktore batentzat, ibilian garatu dituen baliabide guztiak jokoan jartzeko modu bat. Ez da erraza aktore batentzat hasi berritan, kasu, hartzea tamainako erronka. Rikartek, ordea, oholtza bete egin zuen, testua eta soka bidelagun.

      Aipatzekoa da Soka antzezlana Donostia-2016 ekimenetik eratorritako Antzerkigintza Berriak deialdiaren lehen labealditik atera zela. Azkenik, ehazekooi ezin interesgarriago iruditzen zaigu horrelako gaiak lantzen dituzten materialak mahai gainean jartzea. Zoritxarrez aktualitatea galdu ez duen gaia landu ahal izateko, era guztietako oholtzetan bezala, baita ikasgela eta eskoletan ere.