Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
1985, Donostia
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

17. ESZENA

 

igorrek soka eszenatokiaren ertz batetik bestera kateatzen du, bere lepoaren altuerara: hesi bat balitz bezala.

 

Background soinua: haurren ahotsak, oihuak eta algarak urrunean.

 

igor:

 

Jolas ordua da. Institutuko hesiaren parean nago. Kotxe batzuen atzean ezkutatuta. Ezin naute ikusi.

Zer nolako irudia litzateke hau?

Soinketako irakaslea, Julen txikia iraindu zuena, haurrak torturatu zituena, patiora begira.

Baloiaren zain nago. Denbora kontua besterik ez da. Beti botatzen dute baloia kanpora.

Orduan, pum... eta pum, pum, pum.

Baloia hesitik beste aldera erortzen da.

Ni ezkutatuta nagoen lekurantz.

Baloia hartzen dut eta zain gelditzen naiz. Itxaroten.

 

igor makurtuta, baloia eskuan balu bezala itxaroten.

 

Harkaitzen soziogramako emaitzak aztertu genituenean, nik bere amari baloi bat erosteko aholkatu nion. Ligako Nike baloia. Armiarma sarearen antzeko marrazkia duena.

Nire teoriak funtzionatu zuen. Baloia ekarri bezain pronto, Harkaitzek bazuen norekin jolastu.

Baloi hori nire eskuetan dago orain.

 

Hiru haurrek hesia saltatu dute eta baloia erori den lekurantz datoz korrika batean. Ni ezkutatu egiten naiz. Ezin naute ikusi. Haurrak urduritzen hasiak dira eta...

 

Soinua: txirrin hotsa.

 

... amaitu da jolas ordua.

 

Ez dute aurkitzen. Harkaitz larrituta dago. Ondotxo daki baloiak zer esan nahi duen beretzat. Gainontzeko haurrek ospa egiten dute eta Harkaitz bakarrik dagoenean, orduan ateratzen naiz.

Kaixo, Harkaitz. Honen bila al zabiltza?

Haurra begira gelditzen zait. Badaki ez nukeela hemen egon behar.

Itzuliko dizut, lasai. Galdera bat besterik ez dizut egin nahi. Erantzuna baloiaren truke.

“Ados?”, Joxe Mariren teknika.

Zer egiten zenuten Julenek eta zuk mendian?

 

Harkaitzek ez dit erantzuten. Begira gelditzen zait, animalia bat bezala. Ikaratuta, baina, behar izanez gero, bere burua defendatzeko prest.

Buelta ematen du eta hesirantz doa berriz ere.

E, Harkaitz —baloia pasatzen diot—.

Haurrak hartu egiten du eta salto batez badoa klaserantz.

Ez dakit zer den, baina mendian gertatzen zenak Harkaitzen baloiak baino gehiago balio duela ikasi berri dut.

 

Soka askatzen du igorrek eta lurrera erortzen da, narras.