Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
1985, Donostia
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

1. ESZENA

 

Kolore zuriko argia eszenatokiaren aurrealdean, ikasgela edo ospitale batekoa bezalakoa.

 

Eszenatokiaren erdian, soka bat zintzilik.

 

Pixkanaka-pixkanaka, igor arregi, 33 urte, txandala jantzita, eszenatokiaren erdira, aurrera, hurbiltzen da.

 

Zuzen begiratzen dio publikoari une luze batez, hitz egiten hasi aurretik.

 

igor:

 

Eskolako txirrinak gogor jo zuen. Haurren algarak eta oihuak entzuten ziren, jolastokira bidean.

Asteak eta asteak eman ditu euria egiten. Behin eta berriz. Astetik astera, klasetik klasera 25 haur gimnasioan giltzapetuta edukitzea ez da sanoa. Horregatik, ateri zela ikusi nuenean, jolastokira irteteko agindua eman nien haurrei.

Gaur korrika saiotxo bat egingo dugu, estiramenduak eta gero pilota, futbola eta saskibaloia, bai?

Haurren irribarrea irabazi nahi baduzu, emaiezu pilota bat Matematika eta Historiako klaseen artean.

 

25ak zenbatu nituela esango nuke.

25 seguru.

1, 2... 4... 24... 25.

Eta patioan geundela denak kontrolpean neuzkan.

Denak...

 

Orduan, futboleko pilota pintxatu egin zen. Pffffff, puxika bat bezala. Txinan eginak izango dira. Seguru. Eta gora igo behar izan nuen.

Justu hortxe, kaka zaharra, berriz euria.

Haurrak goraka igotzen hasi ziren nire atzetik korrika. Ondo dakite euren amek zer nolako errieta egingo dieten bustita itzultzen badira etxera. Akabo katarroa hartzen badute, gripea edo okerrago: anginak.

Etxean egon beharko dira eta nork zainduko ditu? Amak egun bateko baimena eskatu behar? Edo etxean bakarrik utzi? Interneteko txat horiekin guztiekin?

Gimnasioa ireki dut, giltzarekin.

Eta hortxe ikusi dut.

Sokatik zintzilik, Julen txikia.

11 urte.

Sokari korapilo sendoa egin dio eta bertatik zintzilikatu da.

Mingaina kanporaka dauka eta begiak oraindik zabalik. Begira. Gu guztioi begira.

 

Hurrengo egunetan gertatu zirenak ahazten saiatu naiz. Behin baino gehiagotan lortu dudala uste dut.

Nire ingurukoek hala egin dutela esango nuke.

Baina ni ez naiz kapaza. Eta ez nago ziur ahaztu beharko nukeenik.

Eskolan ikasitakoa eskolan gelditzen da askotan. Baina beste gauza batzuk ez. Preposizioak, adibidez. Ezin ahaztu preposizioak: a, ante, bajo, cabe, con, contra, de, desde, en, entre, hacia, hasta, para, por, según, sin, so sobre, tras, durante y mediante.

Gauza batzuk ez dira eskolan gelditzen, soinean eramaten dira betiko... betiko motxilan.

 

Gertatutakoa kontatuko dizuet, ea gero zuek ahaztu dezakezuen.

 

igor sokara hurbiltzen da. Hasieran erreparoz, baina gero gorpuzkera guztiz aldatzen du eta kanpaia balitz bezala egiten dio tira.