16. ESZENA
Beltza. Argiak itzali egiten dira eta soilik goitik behera sokaren profila marrazten duen argi bat gelditzen da eszenatokian.
igor ilunpetan.
igor:
Gauean, irudiak pilatzen zaizkit ametsetan.
Lokatzetan hondoratzen diren buztinezko besoak.
Zezen talde batek birrindu arte erasotzen dion txekor txikia.
Euri artean galtzen diren malkoak.
Inoiz bukatzen ez den soka batetik ari naiz goraka.
Eta goian, Julen ikusten dut.
Gora egiten dut, kristoren esfortzuarekin.
Julenek animatu egiten nau. Igotzen jarraitzeko, nekeari jaramonik ez egiteko.
Baina ez naiz sekula ailegatzen eta mutikoa beti distantzia berean daukadala iruditzen zait.
Banator, Julen.
Igoko naiz.
Iritsiko naiz.