10. ESZENA
Background soinua: jendearen ahotsak, marmarka; talde bat berriketan bezala.
Arnasa berreskuratu gabe, igor zutitu egiten da eta eszenatokiaren erdira doa.
igor:
Sartzen naizenean, denak dauzkat zain.
Marmarrak isildu egiten dira, bat-batean.
Kaixo.
Zer moduz?
Denak aurpegi ilunarekin.
Aupa.
Joxe Mari eta guraso batzordea.
Denak nire zain.
Irainak eta jarrera zapaltzailea izan nuen Julenekin. Nork esan du hori?
Bere ikas-agendan idatzi zuela esaten didate.
Ez, sinsustanzia eta ipurtandi esan niola jarri zuen.
Ez da gauza bera.
Egia esateko, ez dakit egia edo gezurra den.
Ez naiz gogoratzen.
Ez zait iruditzen nik esango nukeen zerbait denik. Baina, auskalo.
Igual.
gizon baten ahotsa:
“Ez zaitez sinsustantzia izan!”.
igor:
Posible da. Nire aitak esaten zidan.
gizon baten ahotsa:
Benga, goazen.
Mugitu gorputza!
Mugitu ipurdi handi hori!
igor:
Brometan. Mutikoa motibatzeko edo.
Julen ez zen gizena. Ez dio inporta.
Klase bereko beste haurrek antzeko gauzak salatu dituzte.
Antzekoak eta askoz ere okerragoak.
Isiltasuna.
Nola?
Zein haurrek?
Ezin didatela esan.
Guraso batzordea eta irakasle klaustroa elkartu egin dira eta dagoen presioarekin, antza, nik baja hartzea aholkatzen didate.
Nik ez dut bajarik hartu nahi. Eta ezin naute behartu. Plaza publikoa lortuta daukat nik, oposaketak aterata, eta ezin naute ez kalera bota, ez alde egitera behartu. Ez, jauna.
Zein haurrek esan dute hori? Nire klaseko haurrek? Julenen klasekoek esan nahiko duzu.
Gezur galanta da.
Beharbada izango da. Edo beharbada ez.
Poliziaren ikerketak argituko du hori.
Momentuz, hobe da baja hartzen baduzu, denboraldi baterako.
Ezetz esaten diet.
Ez zenuke nahiko kazetariek haurrek esandakoak jakitea, ezta?
Hemen gelditzen bazara, asko kostatuko zaigu horiek isilpean gordetzea. Ia ezinezkoa izango zaigu.
Joxe Marik atera du bere txikitako jarrera.
Guztion hobe beharrez ari gatzaizkizu.
Har ezazu baja... Ados?