8. ESZENA
Background soinua: Sebastian Lizasoren ahotsa, herri baten ezaugarriez era positiboan mintzatzen den bertsoa botatzen, etbko“Herri Txiki, Infernu Handi” saioan.
igor eserita.
igor:
Bapo afaldu dugu eta ia ahaztu zait arratsaldekoa. Telebistan Herri Txiki, Infernu Handi ari dira ematen. Hau errepikatua da. Lehen aldiz emititu zutenean ikusi genuen Liernik eta biok.
Iragarkiak eta zapping-a egiten du Liernik.
Gauza gehienekin bezala, esku-mandoarekin ere bizkorra eta konpultsibo samarra da.
Kate guztiak arakatzen ditu, ea zer ematen duten ikusteko tarterik gabe.
Telebistako soinua zapping egiten:
ahotsa 1:
El público ha decidido que abandone la casa...
ahotsa 2:
No tengo pruebas, Lucrecia, pero estoy seguro de que fue él...
ahotsa 3:
Este cuatrimestre hemos crecido un 0,2% más que los países de nuestro entorno y...
igor:
Bat-batean, irudi familiar bat pantailan.
Gure institutua da.
Zer kate da hori?
Egunkari talde horrek duen katea.
Bai, gure institutua, begira.
Horma zuriak eta leihoaren gaineko detaile urdinak. Hortxe futbol zelaia eta saskiko kanastak.
Hortxe frontoia eta, ondoan, gimnasioa.
Telebistako kazetariaren ahotsaren soinua.
ahotsa 4:
Duela astebeteko gertakariak hankaz gora jarri du Zabaleta institutua eta eskualde osoa.
Goizeko hamaikak aldera, Soinketako klasearen erdian, tragedia gertatu zen.
11 urteko Julen Bengoetxeak bere buruaz beste egin zuen.
Nola eta gimnasioko klaseko sokatik urkatuta.
Ikerketak aurrera dirau eta oraindik zalantza asko dago argitzeko.
Zer gertatu da?
Zer pentsatzen dute herritarrek?
Zeintzuk dira errudunak?
igor:
Toreroez eta futbolariez ari direla dirudi.
Telebistako kazetariaren ahotsaren soinua.
ahotsa 4:
Hona gaur gure kateak esklusiban lortutako irudiak.
Hauxe duzue Julen txikiaren Soinketako irakaslea, mutikoaren hilobiaren aurrean.
Hunkituta? Damututa beharbada?
Julenen istorioak eta Julen bezalako mutikoen istorioek
argi uzten dute gazte askok ez dutela laguntza eskatzen
edo, eskatuta ere, ez dutela behar bezalako laguntza jasotzen.
Horrek guztiak, oraindik ere honelako tragediak eteteko
bide luzea dagoela gogorarazten digu.
igor:
Liernik esku-mandoa hartzen du eta telebista itzaltzen du.
Isiltasuna.
igor altxatu egiten da.
Ni kamamila bat egitera noa.