13. ESZENA
igor zutitu egiten da, gorputza minduta.
igor:
Etxera iristean, Lierni sukaldean eserita topatzen dut. Begiratzean, ez dit ezer esaten eta hamar bat segundo pasa behar dira aurpegiko gorritua ikusten didan arte. Gorputzaren makurduran erreparatzen du. Birrinduta ikusten nau.
Baina zer pasa zaizu?
Kontatu egiten diot, baina ez da beti bezainbeste errukitzen. Zerbait aldatu da gaur.
Konjeladoreko ilar paketea ematen dit eta aurpegira eramatean, konstelazio guztiak ikusten ditut.
Zer?
Liernik ez du ezer esaten.
Zer duzu, Lierni?
“Klubarena kontatu didate herrian”.
Zer klubarena?
“Ez jarri subnormal aurpegi hori. Poligonoaren atzeko klubarena. Badakizu”.
Zertaz ari zara?
Hara joaten zarete zure kuadrillako batzuk, Moreno, Aitzol eta zu. Bi haiek joateak ez nau batere harritzen, baina zu? Zuk zer ostia egiten duzu han?
Kalean entzun duzu hori?
Herrian esaten ari direnari erreparatzen hasi zara orain? Aitzol, Moreno eta ni bakarrik? Eta besteak ez dira joaten, ala? Herriko beste mutil kuadrillakoak ez dira joaten?
Zutaz ari naiz. Bost axola niri zenbat joaten zareten. Zertara joaten zara zu putetxera?
Bakar batzuetan joan gara. Denak, bale? Azkeneko kopa hartzeko eta barre batzuk botatzeko. Besterik ez. Ez dugu beste ezer egin.
Besterik ez? Baina nola besterik ez? Zuk anormala naizela pentsatzen duzu, ezta?
Motza naizela. Aste hauetan guztietan herrian entzun ditudanak entzuten eta ni zu santu bat zarela pentsatzen. Bizitza ikasleengatik emango zenukeela. Niregatik emango zenukeela. Eta begira zer entzuten dudan. Akabo.
Lierni. Ez zaitez txolina izan.
plas! Zaplastekoa.
Lierni bere amaren etxera doa.
Eta ni bakar-bakarrik gelditzen naiz orduan. Zirkuluaren bazter batean.
igorrek soka hartzen du eta harekin borobil bat osatzen du lurrean.
Barruan kokatzen da, bazter batean.