Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
1985, Donostia
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

11. ESZENA

 

Background soinua: txarangak urrunean.

igor eseri egiten da berriz ere.

 

igor:

 

Herriko jaiak dira eta alkatea suspenditzekotan egon den arren, azkenean aurrera egitea erabaki dute.

Krisia dela eta, ostalariek ezin dituzte jaiak bertan behera utzi.

Laxo beltza jarri dute balkoian, kontzentrazio bat udaletxe parean eta haurren jarduerak mugatu dituzte. Kito.

Etxetik entzun ditzaket trikitixa eta txarangak.

Etxean geldituko naiz. Ez dut inor ikusi nahi.

 

Liernik errieta egiten dit. Azkenaldian hori besterik ez dugu egiten.

Berak aurpegia emateko esango dit. Aurrera egiteko. Errugabea naizenez, nire lanpostuagatik borrokatzeko. Joxe Marirekin hitz egiteko. Guraso batzordeari beste bilera bat eskatzeko.

Hau ez da txikitako pike bat.

Bestearekin haserretu eta etxean pasa arte gelditu zaitezkeen horietakoa. Honi aurre egin behar zaio, bestela ez da sekula pasako.

 

Eta nik orduan... ez duzu tutik ere ulertzen. Nazkatzen hasia naizela eta indarrik gabe geratzen ari naizela.

Berak buelta egingo dit eta ni builaka hasiko naiz. Eta nik, eta nik... nork pentsatzen du nik zer sentitzen dudan, e? Nork?

 

Orduan negarrez hasiko naiz eta Liernik nire aurpegia bere esku artean jasoko du. Laztantzen.

Horrela geldituko gara une luze batez eta begietara zuzen-zuzen begiratuko dit.

 

igorrek baietz buruarekin.

 

Kuadrillakoak han izango dira. Atera egin behar gara. Beragatik egiteko eskatzen dit.

 

Soinua: Txaranga eta trikitixa hotsak gero eta ozenago.

 

emakumeen eta gizonen ahotsak (Off-ean, iskanbila artean):

 

— Bi txistorranak, patata tortillana bat eta xolomo gazta piperra gehiago.

— Ikusi mendizaleak, baso eta zelaiak...

— Una rosa, vendo rosas y pulseras. Rosas, rosas.

— Arrese eta Legorreta bikoteak 22, Etxegoien-Albisuk 10.

 

Plazan txosnak eta kuadrillen arteko herri kirolak. Lokotxak eta sokatira.

Hantxe ikusten ditut Gorka eta besteak.

“Begira nor ekarri dizuedan”, esaten die Liernik. “Ea zuek animatzen duzuen!”.

Liernik lagun batzuk ikusten ditu urrutian eta oraintxe datorrela esaten dit.

Ez zait gustatzen nola sentitzen naizen Lierni urruntzen zaidanean. Oreka galduko banu bezala. Somniferoengatik izango da.

 

igorrek soka hartzen du. Norbaitek, eszenatokitik kanpo tiratzen dio sokari. igor sokatirarako prestatzen da. Eszenatokiaren erdian.

 

Ia ezer esan gabe, kuadrillakoek sokatiran parte hartzera bultzatzen naute.

Harrigarria da gizonek zenbat gauza komunikatu ditzaketen hitzik esan gabe.

Buruarekin gora egin eta horrek “Aupa”, “Zer moduz?”, “Bai”, “Banoa”, “Beste bat niretzako” eta “Surik baduzu?” esan nahi du.

Buruarekin alde batera egin eta hortxe gabiltza, Kerman eta horien kuadrillakoen aurka.

Hauekin historia luzea daukagu. Txikitatik pikean.

 

Tiraka dabil. Estu.

 

Giharrak flojo sentitzen ditut. Aspaldi da ez naizela gimnasiora joaten eta makal nabil. Berriz ere somniferoak.

Kermanek zuzen-zuzen begiratzen dit.

Kerman, Eñaut nire klaseko mutikoaren osaba da.

 

Tiraka.

 

“Zer ostia ari zara hemen?”.

“Uztazu bakean, Kerman”.

 

Tiraka.

 

“Nire ilobak haurrak negarrez uzten dituzula kontatu dit. Ondo, ezta?”.

 

Hori ez da egia.

Nire kuadrillako bik soka askatzen dute.

 

igorrek esfortzu handiagoarekin egin behar du tira.

 

“Potroa saltatzea lortzen ez badute, birrindu arte flexioak egiten jartzen dituzula”.

Ez, ez, zirkuitu baten parte dira flexioak. Besterik ez. Kuadrillako beste bi gehiagok soka uzten dute. Gorka eta biok besterik ez gara gelditzen.

 

igor estropezu egitekotan dago. Ia ezin du tiraka jarraitu.

 

“Zer irakasle mota zara zu? Haurrak besterik ez dira. Orkatiletatik pesak lotzen dizkiezu eta gimnasioko barretatik eutsita, zintzilika uzten dituzu? Lehenengo erortzen direnak jolasik gabe zigortzen dituzu? Patiora atera gabe zigortzen dituzu? Hori iruditzen zaizu dela irakasle izatea?”.

 

Gorkak soka askatzen du. Tiraka eta tiraka ari naiz, baina ezin dut jarraitu. Kristoren tiroia sentitzen dut eta arrastaka erortzen naiz lurrera.

 

igor lurrera erortzen da.

 

Ez du inork txalotzen. Herri osoa begira gelditzen zait. Lierni ere begira ari zait.