Soka
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
Mikel Gurrea
1985, Donostia
 
Soka
Mikel Gurrea
Azaleko irudia: Allende Arnaiz Garmendia
Barruko argazkia: Aitor Matauko
Diseinua: Metrokoadroka
2022, antzerkia
88 orrialde
978-84-17051-90-7
aurkibidea
 

 

5. ESZENA

 

Background soinua: kafea irakiten.

 

igor:

 

Zuzendariaren atea jotzen dut.

Ez dakit zergatik deitzen diodan zuzendaria.

Aspalditik ezagutzen dut Joxe Mari.

Eskolako maltzurrenetakoa zen.

Ni baino lau kurtso zaharragoa.

Hortzak separatuta zeuzkan

eta zapla!, zapla!, norbait izorratzerakoan, beheko ezpaina paleta artean sartzen zuen. Koxka eginez bezala. Amorru handiarekin.

Kabroi galanta zen.

Nork esan behar zigun gerora institutuko zuzendari bukatuko zuela?

 

Sartzeko eta esertzeko.

Oso harro dago bere Nespresso makina berriarekin. Beragatik balitz, egun osoa emango genuke kapsulazko kafea edaten.

Berdea, beltza, laranja.

Ristretto, Aroma Orientale, Fortissio Lungo.

Ezetz esaten diot.

Lo egiteko arazoekin nabilela.

 

Joxe Marik institutuaren jarrera ofiziala azaltzen dit. Familiaren alboan egon behar dugu. Julenen amaren alboan.

Baina ezer argitu arte, hobe ez ezer esan.

Hobe, ez ezer egin. Ez dakigu nondik etorri den arazoa. Eta, horrelakoetan alarma guztiak pizten dira. Tropel osoa bidaliko digute.

Polizia.

Ertzaintza.

Hezkuntza departamentuko teknikariak.

Denak datozkigu gainera.

Guk, kasu egin, isilik egon eta lagundu.

Horixe egin behar dugu.

Inori kritikatzeko arrazoirik ez eman.

Ados?

 

Ados.

Haurrak ginenean, Joxe Marik horrela bukatzen zituen bere xantaia guztiak. Ados? esaten.

Aurka egiteko aukerarik balego bezala.