Arrakalak
Arrakalak
2004, poesia
80 orrialde
84-95511-70-3
azala: Xabier Gantzarain
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
 

 

ZAPATAK LEKUZ ALDATU

 

hori bai izan ziren,

diren eta izango direnei

 

Adinak arnasa hartzen duela

murmuriatzen dute karta-jokoa

auzokoen espioitzarako darabiltenek.

Kexu dira ez ditudalako

arauak buruz ikasten.

Ezen agureek guda aurreko elizbarrutietan

ebatzitako ordenak baitituzte bizigai,

ezen gazteok guda oste honek egin baikaitu

dena eskura izatearen galtzaile.

Jaio eta zahartu, dena bat.

Gaitz endemikoa dela

esango luke gure gaztetxeko zirujauak,

dagoena dagoenean betikotzearen malura,

diskurtsoaren apoplejia kronikoa.

Egunen batean ugertuko ditut

niri buruz esandako gezur beltzak,

arrakalatu egingo dut

ezkilekiko duten irrika,

itaunduko diet zenbatgarren bizitzan

utziko diogun etsai izateari,

noiz arte izango dioten izua

zapatak lekuz aldatzeari.

Oraingoz, ohartxoa utziko diet burukoaren azpian:

        ken itzazue zapatak, etzan zaitezte ortozik

        poliziek okerrekorik eroan ez dezaten.