Arrakalak
Arrakalak
2004, poesia
80 orrialde
84-95511-70-3
azala: Xabier Gantzarain
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2018, saiakera
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
 

 

TIRANOAREN LARRAZKENA

 

Gizona baino agindua zena dator

kalean behera.

Herritik kanpo urteak eman dituztenek

ez lukete ezagutuko, baina berori da.

Oinez hasten denero

galdu egiten da,

urteak lorik hartzen ez duela

urteak lazturak balakatzen duela.

Behinola azorriak izandako besoak

makulu ezinduak baino ez dira.

Orduko errietak izozmendi

etsituak dira orain,

ereinotzaren loriapean

zimeldutako handiusteak.

 

Enperadorearen malenkoniak

hausterrea pilatzen du zedarrietan,

neskameek ateak giltzatzen dizkiote

erdeinuak oka egin diezaion.

Orbelaren iraultzak

marmolezko idulkia garaituko du.

Jada ez dauka zutoihalik,

adabuak eta trapu zaharrak besterik.

Gorrotoaren mirabe dator

tiranoaren larrazkena.

Galdu egin du eta

horixe da guk irabazi duguna.