Poesia kaiera
Poesia kaiera
John Berger
itzulpena: Iņigo Roque Eguzkitza
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-33-4
John Berger
1926-2017
 
 

 

Remaurian-en

 

Sven, Romaine eta Anyarentzat

 

           I

 

Mendian behera

Ganibet-kirtenen horiak

Nire errotaren adinera

Daramatza olibak

Han harriak harria baketzen du

Urtaroz urtaroko olioarekin

Eta nire gurpilaren geldotasunak

iratzar lezake

lotan dagoena.

 

 

           II

 

Tximeleta batek bihi bat asaldarazi

Bihi horrek beste bat

Hainbestekoa izan arte marruskadura hautsetan

Non zeruak bere esne urdina isurtzen baitu

Erditu diren harrien gainera

 

Egun bat sortua da

 

Egunaren begi irekien soako erroiztuan behera

Abiatzen dira zuhaitzak.

 

 

           III

 

Eskuaren gaueko mailaraino

Hazi behar dute belarrek beti

Nire orrietako orri

Baina goiz aski

Eta tente

Zuhaitzen lorratzari segika

Amaraunak nola hausten diren

Sumatu dut nire eskuturreko zainen kontra

Gauaren lokarri oro eten arte

Eta orduan urrats bat egiten dut aurrera

Printza ezti-kolore hori bilakatu nahirik

Helduko den lehenbiziko pertsonaren irisean.

 

 

           IV

 

Larrugorri ikusiaz nola altxatzen den eguna

Beraren begiek arakatu ahal izan arte

Muskerrek tatuaturiko hormez haraindi

Nire pultsuaren erritmoaren martxan

Antzina handiko zuhaiztiez harago

Nire desira bakar bat ere

Ezin bana daiteke bere jatorritik

Duela mila urteko

Gizaki baten soakoan

Malkar erogenoetan behera

Non haitzak dilindan

Behakoaren esperoan baitaude

Plazer-jauzi baten azpian

Zeruertz horretarako sortu gabeak direnak

Bezain muino patxadatsuen gainean

Zeinak kilometroek hezetzen baitituzte beren abegian

Eta begiradak bereizten.

 

 

           V

 

Utzi marrazkiari zutitzen

Eta puntu bakoitzak

Lerro bat eman dezala

Nola eta ereindako alor bakoitza

Bere uztak altxarazten duen bezala

Edo hazkunde moteleko zuhaitzak nire titiburua.

 

Utzi marrazkiari zutitzen

Eta bihurtu ditzala nire hankak

Mahaiko hankak

Zeinetan lur hau

Zabaltzen baita eskuoihal bat bezala

Katilu bat bezala jarria

Uraren aiduru.

 

Utzi marrazkiari zutitzen

Eta bere pisua jasango du

Harik eta lerro bakoitza zabaldu

Eta zeharkatzen duen distantziak

Nire maitearen gaineko

Zeruaren tankera hartu arte.

 

Utzi marrazkiari zutitzen

Eta bere ezpainetatik isur dezala

Nire gurpila biraraz dezakeen guztia.

 

 

           VI

 

Ni igo ahala

Izerdia dario mendiari

 

Bihotz-taupadak biziagotzen dira.

Harriak tantaka ari dira

Bizkarrezurrean behera irristan

 

Haranean

Ibaiaren ahoak isilka

Ura xuxurlatzen die alorrei belarrira.

 

Ilundu aurretik

Gailur honetatik mendi nirea

Jaitsi egin beharko nauzu.

 

 

           VII

 

Estal nazazu estal

Barreiaturik nago-eta harkaitzaren zuria bezala

Eta ez da ezkutukorik geratzen argitan

Organo bakoitza

Eta beraren mekanismoak ikusgai daudelarik

Espermatozoideak eta obuluak

Agerira ekarriz

Ugaltzen ari diren tximeletak bezain argi

Halakoen hegoei begi ematerako

Berandu izango da

Eguzki so-egile honek

Sekula deus gaizki uler dezan.

 

 

           VIII

 

Berbots goxoak

Eta ume baten ahotsak

Nire negarren turrustan

Lagundu zizuten

Nire umontziaren

Kolore ezin esanezkoa izendatzen

Zeren orduan nire adarretik

Hostoak erne ziren

Eta nik esetsi nion

Mihiarekin

Zure zuraren leinuari.

 

 

           IX

 

Harriek oraindik epel

Zure eskuen zaporea dute

 

Luzerak eta garaierak galdu dute

Beren eskala zapaldaduna

 

Argia itsaso laņoraino beheititzen da

 

Jantzia ez dudan txabusinaren urekin

 

Ilunak arakatzen gaitu

Ukitze hutsez.