Poesia kaiera
Poesia kaiera
John Berger
itzulpena: Iņigo Roque Eguzkitza
2019, poesia
64 orrialde
978-84-17051-33-4
John Berger
1926-2017
 
 

 

Degasen dantzari baten brontzeaz

 

Diozu zangoak gorputzari eusten diola

Baina ez al duzu inoiz ikusi

Nola ernatzen den gorputza

           Orpoko hazi horretatik?

 

Diozu (zuk uste duzunez zubigile hori

Baldin bazara) pose bakoitzak

Bere berezko oreka izan beharra daukala

Baina ez al duzu inoiz ikusi

Nola eusten dioten beren izate ezberezkoari

           Dantzariaren muskulu manugaitzek?

 

Diozu (nik espero bezain arrazionala

Baldin bazara) hankabikoen eboluzioa

Aspaldi bururatu zela

Baina ez al duzu inoiz ikusi

Nola dagoen aztarna miragarri hori

Aldakak pixka bat salatzen duena

Iragarriz bederatzi hazbete beherago

           Gorputza bitan adarkatuko dela?

 

Begira diezaiogun elkarrekin

(Biok badakigu

Argia artekari dela

Espazioaren eta denboraren artean)

Begira diezaiogun irudi honi

Egiaztatzeko

           Nik ene jainkosa

           Eta zuk tenkadura.

 

Kontu egizu zubi bat dela

Ikusi nola zango-bizkar errepideak

Aldakan eta sorbaldan bildurik

Eusten dion tinko esku-ahurretik orpora

Zango bakarra pilare

Izterra belaunaren gainean

Hegal-habe.

 

Pentsa zubi bat dela

Behialako Lethe ibaiaren gainekoa

Begira nola jasaten duen tentsioa ere

Zeharkatzen ari garen gorputz arruntak

Zaurgarri, populatu, epel.

 

Pisu Hila, Pisu Bizia

Eta Luzetarako Arrastea.

 

Beraz utziozu dantzariak guretzat konkortutako zubiari

Aurreiritzi zaharren tentsioa jasaten

Beraz egiazta dezagun berriro,

           Zuk ene jainkosa horrek

           Eta nik tenkadura honek.