Neguko zirkua
Neguko zirkua
2005, narrazioak
232 orrialde
84-95511-74-6
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Ez zaie errazegi jarri behar

 

Bederatzi urte besterik ez nituen, baina ondo gogoan daukat urtegiaren kontua aurrera atera eta gure etxea urpean geratzera zihoala jakin genuen eguna. Ez zegoen atzera bueltarik. Helegite eta instantzia guztiak agorturik zeuden, eta ez genuen aita sukaldera sartu arte itxoin behar izan azken ebazpena ere urtegiaren aldekoa izan zela jakiteko. Euri jasa ari zuen kanpoan, eta aitaren zapata bustiek korridorean sartzean egin zuten zarata abailduak esan zigun, zaudete prest, hau guztiau ura izango da hemendik aste gutxitara, hemen oinez ibiltzea nekosoa izango da, koloreak eta ehundurak aldatuko dira, lanpara hau ez da gehiago piztuko, bonbillak ez baitira urpean pizten.

        Denoi eragin zigun, ezinbestean. Baina aita, borroka osoa lehen lerroan bizi izan zuena, heldulekurik gabe geratu zen. Ezin esan ama eta bere artekoa aspaldi hartan ez gozotik ez leunetik zihoanik, eta urtegia betetzeko aginduaren debekua lortzea zen harrezkero, familian gertatzear zen uholde bortitza nolabait saihesteko era bakarra. Aitak eta amak bazekiten hori, korridorean poliki zetozen zapata abaildu haiek garai baten amaiera zirela.

        Uraren etorrerari aurreratuz, beste era bateko isurkinetan bere burua itotzen hasi zen aita. Zapata bustiak sukaldeko karboneran utzi eta, bekozko ilunarekin, errazegi jarri diegu, esan zuen. Errazegi jarri diegu, esan zuen berriz.

        Sukaldera sartu zenean denok begira geratu gintzaizkion, eta nik baino bi urte gutxiago dituen arreba sukaldetik atera eta urtebetetze egunean oparitu zioten arrain-ontzia esku artean zuela bueltatu zen handik gutxira. Aingeru bat ematen zuen, bi arrain laranja ttiki bueltaka zebiltzan arrain-ontzi hura eskuetan zuela.

        Zer gertatuko da Tom eta Jerryrekin?

        Amak, arrebarengana inguratu eta ilea laztandu zion. Besarkatu egin zuen, irrist egin zion malko batek masailean behera. Eta nik pentsatu nuen, pertsona besarkatuak ikusten ez gaituenez, besarkatzea izan litekeela une horretan pentsatzen edo sentitzen duguna ezkutatzeko era bat.

        Haiek gera daitezke, Isabel. Haiek gera daitezke.

        Eta halaxe izan zen. Aitak handik gutxira alde egin zuen. Ez dut geroztik ikusi. Guk aste batzuk gehiago behar izan genituen dena kartoizko kaxatan sartu eta izekoren etxera aldatzeko. Gure bizitza osoa kartoizko kaxatan gordeta egon zen urtetan, izekoren garajean pilatuta, gure etxeko koadro, altzari, lanpara eta bestelakoak, hantxe denak. Arrebak edo nik jostailu zaharren baten galde egiten genuenero, amak beti esaten zuen, kaxatan egongo da, laztana, hurrengoan jaisten naizenean bilatuko dut. Bitartean, ahaztu egiten ginen jostailu horretaz. Jostailuez ahaztea, beharrezko irakaspena. Kaxatan ez genuen den-dena eraman, ordea. Tom eta Jerry, bi arrain laranja haiek, han geratu ziren arrain-ontzian bueltaka, ur handiagoen zain.

        Ez zen inor bere teilatura igo edo bere etxera kateatu. Isilik joan ginen denok herritik. Nik hala oroitzen dut behintzat.

 

 

Aspaldiko kontuak izan arren, gauza hauek nekez ahazten dira erabat. Bere etxea urpean duenak, bere zati bat ere urpean du betirako, eta edonon dagoela ere, ur ilunei begira geratzen denean, behean zer altxor klase dagoen asmatzen saiatzen da.

        Kostako herri batean bizi naiz orain, eta ez dakit zergatik, inoiz baino presenteago ditut egun hauetan kartoizko kaxak, arrain laranjak, aitaren zapata bustiak, gure urte urperatu haiek. Lauraren haserreak edukiko du ziur aski horretan zerikusirik. Nik neure maniak ditut: kartoizko kaxekiko obsesio gaixobera, goizeko hiruretan autoa hartu eta arrantzara joatea, horrelako gauzak. Berak ere baditu bereak: zinemarekiko bere zaletasun gehiegizko hori, adibidez. Eta orain ezkontzea sartu zaio kaskezurrean. Ondotxo daki zer pentsatzen dudan nik horretaz. Maitasuna zigilatzeko paper eta instantzia beharrari alferrikako irizten diodala —ez zaio gustatzen entzutea, baina nire jaioterriko bake epaitegia eta eliza urpean daude: paper bustiak baino ez dira— eta batez ere, buruan norberak bere irudi eta oroitzapenak dituela, eta nik gogoan dudala aitak alde egin aurretik nola utzi zuen ezkon eraztuna erortzen arrebaren arrain-ontzira, eta nola Tom eta Jerry apartatu egin ziren izututa, eraztuna uztai inerte baten gisan uretan murgildu zenean.

        Hiru egun daramatzagu elkarri hitz egin gabe. Arrantzara noala esan diot. Malekoian egongo naiz. Gero, danbateko bat emanez zigilatu dut nire agurra. Laura kafea hartzen ari zen, eta danbatekoaren ondoren, bere katiluko isurkinean uhin txiki batzuk sortuko zirela pentsatu dut. Egunerokotasunaren naufragioa, zurezko gure etxe kaxkarretan.

        Arrantzarako pita, amu, kanabera luzagarri eta bestelakoak autoaren atzealdean sartu eta irratia piztu dut, malekoira bidean. Hirurogeita hamar bat urteko gizona itota agertu omen da urtegian. Zirrara baten zimikoa. Ez dakit zergatik, itotakoak gure aita izan behar duela pentsatu dut. Burua horretan nuela, neskatila bat ikusi dut errepide erdian. Edo ez dut ikusi. Ia harrapatu dut. Neskatilak esne botila bat zeraman eskuetan eta mila zatitan hautsi da kristalezko botila. Balaztari sakatu eta autotik atera naiz, ziztu bizian. Esne botila apurtuari begira, zartada arraro bat sentitu dut barruan. Neska seko izututa dago. Eta nik badakit gure aita dela urtegiko hildakoa.

        Jainkoarren! Ondo al zaude?

        Neskak ez du ezer esaten. Errepidearen erdian apurtutako esne botilari begira dago. Esnegain apurtua da asfaltoa. Dendara lagundu eta esne botila berri bat erosi diot.

        Ziur ondo zaudela?

        Nire arrebarekin akordatu naiz begira geratu zaidanean. Aspaldi ez diot telefonoz hots egin, kaixo zer moduz, kortesiazko agurrik ere ez. Laurarekin hitz egiteko premia latza sentitu dut. Kairaino poliki gidatu eta malekoiko kabinatik deitu diot. Etorri egin behar duzu Laura, malekoian nago. Ikusiko dut, esan du. Baina badakit etorriko dela. Amua prestatu eta zain geratu naiz.

        Ordu erdi barru etorri da, aurpegi serioa, praka estuak. Malekoiaren bukaeran jarri naiz gaur, gustatzen zaidalako oinez nola inguratzen den urrunetik. Nire parera iritsi denean, ez du ezer esan.

        Ia-ia neska bat harrapatu dut autoarekin, Laura.

        Konturatu da dardara batean nagoela. Berak ez daki zergatik, baina baietz uste du.

        Ez, ez zaio ezer pasa. Sustoa baino ez. Eta kristalezko esne botila bat, mila zatitan apurtu dena.

        Bere eskua nire garondotik pasa du. Batere arrainik ez duen saskiari begiratu dio gero. Irribarre egin du.

        Gaur ez diote amuari heltzen, e?

        Nireari ez, behintzat. Saiatu zerori, nahi baduzu...

        Kanabera luzatu diot. Bera pitari begira geratu da. Pita motzegi dago. Ez da uretara heltzen. Bere begi miopeek ere antzeman diote horri. Bekokia zimurtu du, harrituta.

        Baina... pita ez da-eta uretara heltzen...

        Ez zaie arrainei errazegi jarri behar.

        Irribarre egin du berriro.

        Garagardo baten bila noa Ferren tabernara. Zerbait nahi?

        Winston pakete bat, esan dit.

        Fer lagunaren tabernarantz noa orain. Laurak zerbait arraroa susmatu du, ez da ergela. Oinez noan ahala, nire bizkarrean Laurak kanaberako pita txirrikara bildu eta amuaren ordez pitari lotuta utzi dudan eraztuna topatzeko beharko duen denbora kalkulatzen saiatzen naiz. Bost, lau, hiru, bi, bat. Gustuko dut pitak kanaberako txirrikan kiribiltzen denean sortzen duen soinua: antzinako tomabista haiekin akordatzen naiz. Zinematografoarekin. Amak bazuen bat, garajean, kartoizko kaxa baten barruan. Eta Laurari zinema gustatzen zaio ikaragarri.

        Garagardo bat eta Winston pakete bat, Fer.

        Zer, heltzen al diote gaur batere?

        Tartean-tartean, Fer. Oso tartean-tartean.