Neguko zirkua
Neguko zirkua
2005, narrazioak
232 orrialde
84-95511-74-6
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Eskularruak mara-mara

 

        Erotu egin gintuen denok. Erotu egin zuen atezaina, eta makillatzailea eta zuzendaria eta... Kamerinoa hankaz gora zegoen. «Jendea zain zagon, Cassandra, noiz pentsatzen dun ateratzea?». Eta berak, eskuak gerrian, suspirio batean: «Apokalipsiaren Zalduntsa eszenatokira eskularrurik gabe atera? Inoiz ez!»

Amber L. Newton, Drag lust lasts long

 

        Eskularru batek besteari: hotza besterik ez zagok gure esku.

Tristan Tzara

 

Neguko egun hotza. Eskularruekin ibiltzeko horietakoa. Baina gero barruetan beroegi egoten da, jendeak ez du erdibiderik eta eskua joaten zaio termostatoarekin. Egun horrek hala eskatzen duelako, edo besterik gabe, gezurren zale zarelako gezurretan ari bazara, hatz artea izerditan hasiko ez bazaizu, ez duzu eskularruak kendu eta patrikan gorde beste aukerarik. Patrika bakoitzean eskularru bat, aparatosoak baitira eskularru hauek. Nire amak erabili ohi du hitz hori: aparatosoa.

        Hori baino lehenago, manoplak izan ziren. Nork janzten ditu gaur egun manoplak, eskuetako lo-zaku zurrun horiek? Duela hogei urte ume guztiok janzten genituen, eskuak itsas-zakurren hegalen gisan antzaldatzen zizkiguten manopla gogaikarriak. Beharbada eboluzio natural bat izan da: oroitzen ez garen arren, umetan hatzak ere elkarri itsatsita geneuzkan eta hatzak hazi eta banandu ahala bihurtu zaizkigu eskuzorroak eskularru, ez baitut etxean manopla zaharrik inon atzeman. Eboluzionatu ala hil.

        Garai batean nahikoa zen hori: egunkari orrialdeetan bildutako boxeo eskularru gorriak, gorri hori gerezietan bakarrik ezagutzen zuen gazte xaloaren eskuetan, entrenatzailearen opari.

        Rita Hayworth Gilda filmean eskularru luze hura eranzten, platanoari azala eranztea ere zilegi ez zenean.

        Glenn Gould hatzak moztutako eskularruekin pianoa jotzen.

        Erantzi eta jarri, eskularru aparatosoak, behin eta berriro, trenera igotzean, trenetik jaistean, lanera sartu eta kafetxetik irtetean.

        Eskularruak kentzea ez zait egiazki ariketa neketsua suertatzen, hatz luze eta politak ditut. Dudan zaldi aurpegia konpentsatzeko erabiltzen ditut askotan eskuak, kontrapisu bezala: hara, esaten diot munduari, zaldi aurpegia daukat baina begira ze esku politak. Eta eskuak inguratzen ditut matrailezurrera edo begiak igurzten ditut eskuekin edo kopetari duda-muda urduriz mozorroturiko laztan edo zimiko konplaziente bat egiten diot, nahi gabe balitz bezala. Baina estudiatuta daukat dena eta eskuak aurpegiaren parte bihurtzeko estrategia besterik ez da. Eta eskuak aurpegiaren zati dira, zinez, belarriak diren hein berean eta eskubide berdinarekin, begira bestela idazleen argazkiei.

        Goizean Nikolas Lekuonaren erakusketa batean izan ginen Gasteizen. Elkar ukitzear dauden hatzak ageri ziren irudi haren indarraz hitz egin genuen. Michelangelo Buonarrotik pintatutako hatz haiek ekarri zizkiguten gogora. Hatzak elkarrengana luzatzen, eskuak elkarri heldu nahian, baina elkar ukitzera iritsi gabe. Eskuak ongi marraztea ze zaila den, eta nola artista gehienek egiten dituzten saioak eta ariketak eskuak eta hatzak behar bezala marrazteko. Zuk pelikula bat aipatu zenuen, koadroko irudia amaitzeko eskuak bakarrik falta zitzaizkion pintore baten istorioa. Ez ginen izenburuaz gogoratzen, harritzekoa. Gero izenburu batekin akordatu ginen, Six million symphopny, baina ez ginen zuzendariaren izenarekin gogoratu, eta gainera, hori ez zen guk esaten genuen eskuen filma, beste bat baizik. Bere eskuek milioi bat dolar balio zutela esaten zuten zirujau hari buruzkoa. Amerikarrek badute obsesio hori, milioi bat dolarren kontuarena. Egin kontu aldizkarietako azaletan zirujau honen eskuen argazkiak ateratzen dituztela, arrakasta handiko medikua da, baina gero babak eltzetik ateratzeko orduan bere eskuak ez dira aitari buruan duen tumorea kendu eta ebakuntza behar bezala egiteko gai, eta aita, judutarra, hil egiten da. Judutarra izan ez balitz ere berdin-berdin hilko zen, hori egia da. Baina zirujauak aita judutarra zuelako hitz egin genuen Hollywoodeko urrezko urteez eta urte horietan judutarrek izan zuten garrantziaz, oraindik ere duten indarraz, etxera bidean.

        Gure azken egunak ziren elkarrekin. Parisera nindoan hurrengo egunean, bolada luze baterako.

        Ezustean, Parisera baino lehen tanatoriora joan behar izan nuen arratsaldean, zoritxarrez. Tia Celia zerraldoan, jendea inguruan negarrez. Bilobek sufritu zuten gehien. Negarretik barrera jauzi egitea hain zaila ere ez zela esan zuen norbaitek. Eta nik pentsatu nuen arrazoi zuela, baldin eta Bob Beamon bazara. Celiari loreak gustatzen zitzaizkion, esan zuen beste norbaitek. Baina ze lore, oihartzun batek. Orain lore denak soberan ditu, erantzun zioten txokotik. Hor barruan hotz mantentzen dituzte gorpuak, erantsi zuen kristala haur bihurri baten eran hatzaz zikinduz, goiko auzotik isilik geratzeko etorri ez zenak. Zortzi gradutan zehazki, garagardoa bezala, zehaztu zuen herriko tabernariak. Garai batean alkoholarekin igurzten genituen, etxeko ohean, bota du judutar itxura daukan eta hiltzen hurrengoa izango dela susmatzen duenak, sintesi ahalmen ikaragarriz, eta esandakoa azpimarratzeko bezala, dzanga egin zion anisari.

        Judutarrek ez dute ilerik tindatzen maite duten norbait hiltzen zaienean, esan du gero. Judutar itxura du eta judutarren kontuak kontatzen ditu. Judutarra ote da benaz?

        Autobusa hartu behar nuen etxera bueltatzeko. Urrundik bistaratu nuen, eta lasterka iritsi nintzen. Gutxirengatik ez zidan ihes egin. Ordaindu, korridorearen azken buruan zegoen eserlekuan eseri eta jakako patrikan sartu nuen eskua.

        Eskularru bat falta zitzaidan, korrika saioan eroria, nonbait.

        Ze erraz galtzen diren eskularru aparatosoak eta bufandak. Prenda isilegiak dira, elurra bezala erortzen direlako lurrera, mara-mara edo mallo-mallo. Urteroko kontua zen. Joan zen urtean ere beste eskularru bat galdu nuen. Beharbada biak ziren esku ezkerrekoak eta izorrai: orduan eskularru pare berria erosi beharko nuen. Hala ez balitz, prest nengoen bi eskularru diferenterekin ibiltzeko, arriskatu egingo nintzen, eskularruak hatzetan eta ibili elur baltzetan!, bai horixe. Nortasun zeinu gutxiegi ditugu besteengandik bereizten gaituztenak eta huraxe zatekeen nortasun zeinu bat, eskularruen asimetria, beste edozein ezaugarri bezain baliagarri. Erranak erran, amari ez zion graziarik egingo, berriro ere, hamaikagarrenez, berak oparitutako eskularru aparatoso bat galdu nuela jakiteak.

        Otu zitzaidan azkarregi egin nuela tanatoriotik autobus geltokirako bidea, eta hildakoarekiko halako begirune falta bezala uler zitekeela tanatoriotik urrundu nahi zuen lasterketa saio hura; korrika joan izan ez banintz ez nuela eskularrurik galduko, eta errespetu hutsagatik hobe nuela autobus hari joaten utzi, beste batzuek ez baitzuten gehiago autobusik galtzeko aukerarik ere izanen, eta begirunea zor niela haiei.

        Errudun sentitu nintzen nire portaeraz autobusa bazterrauzoetako pabilioi artean zihoan ahala.

        Baina gero otu zitzaidan baita ere, hildakoek ez dutela gehienetan beste mundurako batere gogorik izaten, eta eskutik tira egiten zidan ustean tira egingo ziola akaso tia Celiak patrikan nuen eskularru hari, azken momentuan, gorputza utzi eta beste zerbait bihurtzen ari zen bitartean, auskalo norako bidean —elizarakoan ez behintzat, autobus geltokiaren kontrako norantzan dago-eta eliza—.

        Jendeak painuelu zuriak eraman ohi zituen lehen geltokietara, bidaiariak agurtzeko. Painuelu garbiak, bistan da, painuelu zuri batzuk, sudur tutuak askatzeko erabiltzen zituztenetatik apartekoak, painuelu arruntak ez bezala patrika berezietan gordeak: agurraren patrikan, bihotzaren parean. Baina pentsatzen jarriz gero, tren geltokietan painueluak astintzea baino agur esateko era politagoa zen inoren eskularruari tira egitea, hatzetatik xuabe, ume jaioberriek egiten diguten eran, ia konturatu ere egin gabe.

        Soilik gero, eskularru aparatosoa galdu zuenean, mara-mara. Orduan ohartzen zen norbera zendu berriak egin zion azken agur hunkigarri horretaz.

        Memelokeria irudituko zaizue akaso, baina horrela pasa nintzen eskularruaren galerak sortzen zidan arranguratik, eskularruaren galerak sortu zidan poz txikira.

        Erremediorik ez duten gauzak egon badauden arren, azken hari bat bada, elkarrengana lotzen gaituena. Eta bestalde, gaur egun, arinkeria barkaezinez berba egiten dugu: gezurra den jakinaren gainean, edozer gauza goresten dugu erremedioaren kategoriara.

        Estu besarkatu ninduzun kale-ertzean, ahotik lurruna zerizula. Niri ez zeridan lurrunik ahotik, bitxia; garai batean ispiluak jartzen zituzten hil berrien aho parean, ispiluak lurruntzen ez baziren soilik ematen zuten hildakotzat arnasarik hartzen ez zuena. Zertan pentsatzen nuen galdetu zenidan, eta ezertan ez, erantzun nizun, beste askotan bezala.

        Kalean hiru pilotekin malabarak egiten zebilen gizon hark piloten ordez eskularruak airean ibiliko balitu nire fortuna osoa hari eman eta bere oinetara belaunikatuko nintzatekeela ari nintzen pentsatzen, arte forma gorenagorik ez zitzaidala otutzen.

        Nekeza behar duela hain gauza aparatosoekin malabarak egitea.

        Baina nola esango nizun hori? Nahiko barregarriak dira gauza horiek hildako baten beilatik bueltan eskularru bakarrarekin etxera zatozenean, baita idatziz paratzeko ere.