Batere valsik gabe amaituko da
narrazio hau ere
Ez diegu keinuei duten garrantzia ematen. Akats larria, batzuetan, gure ondasun guztia keinu bat izan daitekeenean. Txakur txikirik ere ez. Hitz bat ere ez, keinu bat baino.
Zer, esango banizu, berak zugan utzi duen arrastoa ez dela esaldi gogoangarri bat, ez dela ibai ertzeko urak eguzkipean jarritako amuarrain baten bizkarrak bezala distira egiten zuen egunez emandako osteratxo burgesnahi ederra, ez duela barre ez negarrik, ez portaera gaitzesgarri edo goresgarririk zugan pizten bere gomutak, zer, esango banizu, berak zugan utzi duen arrasto bakarra keinu bat dela. Gaur ere, urte asko pasa direnean, zuk jakin gabe egiten duzun berari ikasitako zerbait. Berarekiko sinpatiaz, beragana hurbiltzeagatik eta berarekin bat izateagatik nahi gabe kopiatu zenion keinu bat, konturatu gabe errepikatzen duzuna. Zuk jakin gabe betikotzen duzun bere mugimendu single hori. Berak kutsatua eta zure bidez beste neskatila batzuek ikasiko dizutena, munduak bere izena galtzen duen egun hartarainoxe.
Agian hori besterik ez zara: desagertutako pertsona baten keinua katalizatzen duen hari eroalea, keinuen esentzia galdara batetik bestera daraman alanbikeko hodi mehea.
Ez naiz espantu heroikoez ari, ez eta historiaren nondik norakoak aldatzen dituzten keinuez ere; ez dira enperadore erromatarrek hatz lodia goratuz edo beheratuz egiten zituzten haiek gogoan ditudanak.
Gauza bat segurua da: ez diegu keinuei duten garrantzia ematen. Ez dugu alditxarra pasarazi diogun hark azkazalei hozka egiteak duen traszendentzia ulertzen, ez dugu disgustua eman diogun neskatilaren begirada lurrerantz eroriaren ilusio suntsitua bere benetako neurrian atzematen.
Ez soilik herriko kale nagusiaren farolapean pasa den eta lerro hau bukatzerako jada iluntasunean desagertu den mozkorraren alderokako ibilera da amiltze eta erortze aukera gertagarri baten zantzua, ez soilik paperezko haizagailuari eragin eta lepoa panparroi gorantz begira duen nobleziako emakume adinean sartuaren indioilartasuna zaio bere morroiari mespretxuaren ikur, makurtu eta makurrarazleen arteko abezedario gestual bateko ikur, ez soilik oinez ikasi berri duen umeari eskua eta magalak eskaintzen dizkion amaren irribarre hori zaio definitibo; ez da suminduraz beteta egurrezko mahaia kolpatu eta mahai gaineko botila eta tabernaren erroak nahiz tabernariaren ahots kordak tenk jartzen dituen esku zarta nabarmenegi horren kontua bakarrik. Ekar ditzagun kantara eta paragrafora haurtzaroan lo egin genuen ohe hark utzi digun saihetseko mina eskuaz igurtzi eta arintzeko keinua, maite genuen neska geureganatzearren imintzio burlatiak egiten genituenetik geratu zaigun sorbalda mugimendu airos eta dantzaria narrazio honek dantza bat, vals bat, parke zabal eta hutsetan dantzatutako partitura bat behar du izan barruan, zerbaiterako balioko badu, gogorarazi iezadazu hori mesedez amaitu orduko dantzarik ez badut lerrootara ekarri.
Hau keinu baten istorioa baita. Keinu hautatu, ikasi, inkontziente, nahigabeko, guratako, ondoan jartzen zaizkion izenondo guztiak ukatzen dituen keinu baten istorioa.
Kanela usaina zegoen kalean. Ez kanela-hautsarena, kanela adarrarena baizik. Ezberdina da.
Oso ezberdina.
Kanela-hautsak bertan goxo geratzeko gonbidapena dakar, haizeak hauts horiek barreiatzeko aukera, eta hauts horiek sudur-mintzetan barrena sartzeko arriskua. Kanela-hautsak beste hauts mota batzuk, beste hondar batzuk, oihal zatiak bezala harrotu eta desplazatzen diren basamortuetako axal belo sotilak ekartzen ditu gogora. Kanela adarraren usainak ez.
Kanela adarrak tentsioa ekartzen du gogora, zubiak, lana egiteko prest diren gihar tenteak, igandero negurako txotxak biltzen dituen haurra, konpondu gabeko eta ondorioz, oraindik izorratu gabeko asuntoak. Tenk dauden gauzak, lehorregi eta idorregi akaso bai, zurrun bai, baina hala ere bizirik.
Turkiatik ekarritako esentzia eta usainak zituen épicerie haren errua izango zen akaso, baina kanela usaina zegoen Chocimska karrikan. Horrela hasi behar nuke nolabait hastekotan, istorio hau kontatzeak merezi duela deliberatu dudanez gero.
Chocimska karrikan bazen beti Kurier Warzawski egunkaria saltzen zuen mutiko bat kantoian jarrita; Minkiewiczek sonbrailu-denda bat zeukan, Kotkowskik okindegia zeukan, eta gero, gero épicerie turkiarra, eta geroago, begiak ixten zenituen eta ez zegoen jakiterik zer beste saltoki eta ze beste atari geratzen ziren kalearen amaieran. Nik bederen, nire agurrak hiru horiengana mugatzen nituen, bere izena ere ez nekien Kurier saltzaileari prentsa erosi, sastre-lokarria lepoaren inguruan zuen Minkiewicz jostun txalekoduna urrunetik agurtu eta Kotkowski andreari bere alaba bihurriei buruz galdetzera.
Kanela adarraren zurruntasun bera zuen kale hartan barrena ikusi nuen lehen aldiz. Gurutzatu ginenean hari estekatuta geratu zitzaidan soa. Presaka zihoan, sonbrailuari esku batekin helduz. Ez nuen bere aurpegia nire soaren bridatik askatu. Haren begirada harrapatzen saiatu nintzen, ea laztana, ea, begiratu hona, egidazu oparitxo hori eta gaur zoriontsu izango naiz. Amua ikusi zuten haren niniek, eta lepoa niganantz jiratu beharrean, bere eskuinerantz jiratu zuen parean fortunatu zitzaion Kotkowski okindegiko opilei begira geratuz. Keinu hori hautatu zuen. Baina gutxi falta izan zitzaion. Amua amu zela konturatu izan ez balitz, nirea izango zen une hartantxe.
Askotan gurutzatu ginen geroztik. Nik disimulurik gabe begiratzen nion, oinez ibiltzeari utzi gabe soaren elipse osoan, lepoa ezkerrera jiratuz kalean gora, espaloitik nindoala, ezkerrera eta ezkerrerago, harik eta nire atzean nuena begi ertzarekin ere ikusterik izan ez eta berriro ere aurrera begiratu beste aukerarik ez nuen arte. Ze lastima, burua hirurehun eta hirurogei gradutan ezin biratu izana, pentsatzen nuen halakoetan, nire begien ahalmen urria laburretsita. Eta nik nirea ezkerrera jiratu orduko, berak, kalean behera zetorrenak, eskuinera bere lepoa, parean fortunatzen zitzaiona Kotkowskiren okindegi, Minkiewiczen sonbrailu-denda edo zena zelakoa izanik ere, erakusleiho hartan bere burua eta nire isla ez, baizik eta sonbrailuak eta opilak begiratuko balitu bezala. Nik hori sinestea nahi, gajo hark.
Zenbat egunetan ez ote zen errepikatuko lepoen joko hura. Ezkerrera nire begirada bere xerka kalean gora, amutik ihes eskumako erakusleihora beti berea, kalean behera.
Hiru bat hilabeteren buruan, inguratu egin nintzaion: sonbrailu-dendako erakusleihoari begira suertatu zen egun hartan.
Kanelazkoak egiten ditizten Minkiewiczenean kapeluak, ez zain iruditzen?
Bere soak osoki kosk egin zion estreinakoz nire begiradaren amuari. Ez ulertuarena egin ere ez zuen egin. Kanelarena épicerie turkiarretik etorritako kontua zela esan ere ez zuen esan. Soa eman zidan opari, kanela-adarraren usainean doi bildua.
Alma izena zuen eta atrilista aritzen zen Operan. Piano-jotzaileari partiturak pasatzen zizkion, honek eskuak tekletatik altxa beharrik izan ez zezan. Ez zidan erantzun hori ofizio bat ote zen galdetu nionean. Gainera, barregarriagoa iruditu zitzaion nirea, idazle izan nahi nuela, alegia. Ea zer uste nuen, idazle izateko Adria kabaretean horditu eta Zodiac kafetxean kafea hartzea aski zela pentsatzen ote nuen. Kontua da, egun hartatik aurrera elkarrekin ibiltzen hasi ginela Vistula ertzean, eta nire lepoak ezkerretara jiratuz jarraitu zuela berari begiratzeko nire ezkerrean oinez ibiltzea gustatzen zitzaion, mania hura zeukan eta bere lepoak eskumara jiratzen jarraitzen bazuen ere, oraingoan ez zuen kanelazko kapeluetara edo Panama estiloko opiletara begiratzeko egiten, bera ere nigana jiratzen baitzen jada; ni jarri nintzen bere eskuin aldean, sonbrailu-denda eta opilen ordezko bihurtu nintzaion, kalearen zokorik ilunenera ailegatutakoan bere muxuak jasotzen zituen sonbrailu ibiltari neroni badakit ez nukeela sekula hain samur jarri behar, baina maiteminduta nengoen, zer egingo zaio.
Bere keinua berbera zela alegia, baina oraingoan, niri begiratzeko jiratzen zen. Norantza berean gindoazen biok oinez.
Varsoviatik landa aldera aldendu ginen igande batez, zelai batean askaria egiteko asmotan. Mantela belarretan zabaldu orduko koska mugikor batzuk sumatu genituen belar umelean, oihalaren azpian bihurri. Barraskilo mukitsuak.
Haien oskoletako espiralen ederrari begira gozatu ginen. Gero, bere hatz zuri luzeak atrilista batenak ziren, hura ofizio izan edo ez igurtzi zituen elkarren kontra, barraskiloek utzitako muki likitsagatik ez balitz kriskitin egingo luketen eran. Sudurrera eraman zituen hatzak, lingirda hura usaintzeko. Nazka aurpegia jarri zuen eta niri ezinegona gehitu zitzaidan, prakak estuegi sentitu nituen gerrian.
Operako entseiu gelara eraman ninduen hurrena, bera nire begietara are desiragarriago egiten zuen ausarkeria ezusteko batez. Zurezko atrilen bat erori zen lurrera elkar biluzten genuelarik. Eskua nire galtzen erdiko patrikan sartu orduko itsutu zitzaidan garuna; aise igarri zuen berak, nire hasperen txiliotxoa entzun eta bere alkandoraren eskumuturra heze sumatzean. Heze eta bero bere eskumuturreko azala ere: izan ere, soineko hura hain zen arin, paperezkoa baitzirudien. Irribarre egin zidan, gozo.
Barraskiloak baino azkarragoa haiz.
Gero hatzak eraman zituen sudur-mintzetara, eta hazia jakinminez usaindu zuelarik, irribarre egin zuen, hatzak hazi likitsagatik ez balitz kriskitin egingo luketen eran igurtziz.
Keinu bat besterik ez, gogoratzekoa.
Idazle izateko ametsak ahaztu ez banituen ere, bulegari hasi nintzen aroztegi handi bateko buroan.
Almari nire lehen ipuina erakutsi nionean, bihurriegi iritzi zion eta bera dantzara sekula ez eraman izana leporatu zidan. Bazuen gai batetik bestera jauzi egiteko gaitasun hura, orrialdea ziztuan pasatzekoa. Egin kontu horretan lan egiten zuela: partitura orriak dotore pasatzen.
Urteberri egunean, esan nion. Dantzatzen ez nekiela otu zitzaidan orduan, nire lehen ipuina etxeko sukaldeko beheko suari ematen nion bitartean.
Ipuinen eta ipuin ahaleginen koadernoa erretzen ari zela, ama sartu zen sukaldera.
Amak: Zer ari haiz erretzen?
Nik, nire kabutarako: lastoa. Beste zerbait esan nuen, baina.
Dantzan erakutsiko didazu, ama?
Amak eginahalak egin zituen, baina ez zuen ezertarako balio izan: etxeko sukaldean dantza egitea eta Urteberri egunean Zodiac kafetegian dantza egitea ez ziren gauza bera. Elkarren kontrako bi dantza mota zirela ere esango nuke, pentsa.
Almak gehiago mugitu behar genuela esaten zidan, eta ni ez nintzen sukaldeko neurrietatik haratago mugitzen, espazio aski libre izan arren Zodiac kafetegiko pista erraldoian. Sukaldeko dantzaria esaten zaion hori nintzen ni, ez inolaz ere saloikoa.
Bulegoan nagusia genuen alu samarra.
Aparteko gela bat zuen beretzat, baina gainerako hirurok (kontuak eramaten zituen Slowacki gizon nagusia, askotariko mandatuak egiten zituen Jozef gaztea, nire kidakoa zena, eta ni neu) lan egiten genuen gelatxoan uzten zuen beti hark bere jaka, horretarako propio jarritako pertxero bat zuen eta. Bere bulegoan sobera leku zuen nahi izanez gero zutikako gakoa bertan jartzeko, baina ez: gurean jarri zuen pertxero hura, eta jaka ere, hantxe zintzilikatzen zuen. Geroago ohartu nintzenez, pertxero hura lurralde konkistatu berrian jarritako masta bat zen: masta hartan jarritako jaka zen bere bandera. Hartara, edozein unetan sartzen zen gurera nagusia, gure lanerako martxa eta gure aldartea zelatatu eta berak agindutakoak artez eta zuzen betetzen ari ote ginen ikuskatzera.
Barruan al da? galdetzen zuen bere hirurogeietan sartuta egonagatik oraindik nagusiari beldur zion Slowacki jaunak, berandu iristen zenetan, ahapeka.
Harrigarria ere bazen Slowacki jaunak nagusiari zion beldurra. Haller jeneralarekin ibilia zen 1919an, Errusiako boltxebikeen kontra borrokan, baina halaxe zen: izua zion. Gerran kondekoratua izan zen, baina horrek ez zion inoren errespetua merezi izan. Ez zion dominak nagusiari aurre egiteko kemenik ere eman. Gerran bizirauteko gai izateak, ez du esan nahi derrigor gerratik kanpo bizirauteko gaitasuna duzunik.
Baina pertxeroaz ari nintzen.
Izan ere, ez baitzen beharrezkoa nagusia gurean izatea ere. Bere jaka gogaikarri hark ezin hobeto ordezkatzen zuen haren presentzia. Zutikako pertxeroa boterearen sinbolo zen, azkar eta tentuz lan egiteko oroi-zentzagarri bat. Orduan arrastorik ez banuen ere, handik eta urtebeteko epean uste baino pertxero gehiago ezagutu behar nituen.
Slowacki jaunak gerrari buruz esandakoak neuzkan gogoan.
Gerra, bolbora eta legamia nahasten ziren lekua zela esaten zuen. Kartzelak bihitegi eta bihitegiak kartzela bihurtzen ziren garaia.
Bolboraren zain geundela, hogei zaku bidali zizkigutean behin. Zakuak ireki eta kanoiak kargatzen hasi orduko ohartu gintuan legamia zela hura, okerreko kargamendua bidali zigutela. Gure bolbora okindegi industrial batera bidalia izango zitean, hala pentsatu genian.
Orduan nagusia sartu zen bere jaka luzea pertxeroan zintzilikatzera. Slowackik gerrari buruz hitz egiteari utzi eta kontaduria koadernoa ireki zuen, zenbaki zerrendak hatz erakusleaz errepasatzen hasiz.
Alemaniak Polonia inbaditu zuela jakin genuenean, punta zorrotzeko pertxero bat sartu ziguten bihotzaren erdian, eta Alemaniak, bertan zintzilik jarri zizkigun bere kapelua eta gabardina beltza.
Etxeratzean, leiho ondoan topatu nuen ama, negarrez, gutun bat eskuetan zuela.
Ez zegoen argiegia izan beharrik gutun hark zer zioen jakiteko.
Ai, seme, seme!
Ez zioen hori gutunak, jakina.
Nagusiak, aberriak nire premia omen zuelako lanetik libre geratu nintzen egunean, gutunazal bat eman zidan, diruz beteta.
Poloniak behar zaitu. Zorte on, seme, esan zidan.
Pertxeroak ere badu bihotzik, pentsatu nuen. Ez nuen hori usteko amak nagusiaren gutunazala zabaldu zuenean esan zuena garaiz jakin izan banu, ez horixe.
Hilkutxaren prezioa dago hemen, justu! Ai, seme, seme!
Slowacki jaunak ere esan zidan zerbait: hain zaharra ez banintz.
Hori, besterik ez. Hain zaharra ez banintz. Gero hatza eraman zuen begi ertzera, hainbeste kontaduria egin zituen hatz punta belztu hura behingoagatik malkoen tintontzian bustitzeko esperantzan. Ez zuen lortu, eta begiek bere barne tristuraren maila ematen ez zutelako areago atsekabetu zen. Hatz lehorrari begira geratu zen, tarte luzez, hatz erakuslean amu bat sartu zaion arrantzalearen bisajearekin, minduta baino gehiago, lotsatuta.
Jozefek ez zuen ezer esan. Bart gauaz geroztik falta zen bere etxetik.
Azti ibili zen Jozefen ama: udaletxera jaitsi zen goizean goiz, soldaduak bere semearen bila joan zitezen baino lehen etxetik falta zela eta non zegoen ez zekiela gaztigatzera.
Udaletxeko idazkariak, problemak, beti problemak, marmarka, soldaduen erroldaz arduratzen zen sarjentuari pasa zion abisua.
Ondo dakizu zuk non den zure semea!
Esan ez dizut bada ezetz! Etxean denok gaude kezkatuta!
Ez zen Jozef armadarako adinean egonik etxetik falta zen bakarra, ezta hurrik eman ere.
Errukiturik, aulki bat eskaini zion udaletxeko idazkariak Jozefen amari.
Desertzioa gogor zigortuta dago, andrea. Bazenekien?
Herritik kilometro gutxira atzeman zuten Jozef, zaldiz tiratutako gurdi batean ezkutatuta, esne marmitaz inguratuta.
Simaur gurdi batean ezkutatu izan balitz ez zuten berehala harrapatuko, esan zidan amak.
Ni hala nago, simaurrez leporaino. Eta hala ere harrapatu naute.
Negarrez hasi zen ostera ere ama.
Ez nuen Alma agurtu nahi, baina bera etorri zitzaidan geltokira.
Laster izango gara elkarrekin, laztana.
Bai, zizpuru batean nik, federik gabe.
Kanela adar bat oparitu zidan.
Kapeluan jartzeko.
Edo belarrian, arotzek arkatza bezala, ezta?
Bai, hori. Belarrian.
Listu kolpea sentitu nuen eztarrian. Trena txistuka hasi zen. Almak trenari jarraitu zion, aterki zuri batekin hau gezurra da, ez zeraman aterki zuririk, baina ze polita zatekeen horrela gertatu izan balitz lepoa trenerantz, eskuinerantz jiratuta, nasa oinetan amildegi bihurtu zitzaion arte.
Egunero idatziko dizut!
Zuek erretagoardia zarete, egon lasai!, adoretu gintuzten lehen egunean. Erretagoardia zena aste gutxiren buruan bihurtu zen, ordea, lehen lerro. Xakean txarrak izan, gure jeneralak. Zortea izan nuen, ordea: pneumonia latz samar bat harrapatu izana. Sendatu eta berehala ihes egin nuen ospitaletik. Ihes eginda nengoen bitartean, gutun trukaketa sarria izan genuen Almak eta biok. Nire burua plazeraren atakaraino neronek itsutuarazi behar nuelarik, hazi likitsa hatzekin bildu eta sudurrera eramaten nuen berak behin egin zuenez, kriskitin-keinu hark Almaren gomuta piztuko zidalakoan. Urtebeteren ostean elkartu ginen berriz.
Zerbait esan behar dizut. Beste norbait ezagutu dut.
Alemaniar bat. Nahi banuen emango genuela paseo bat. Paseo bat. Zer balio du paseo batek alemaniar baten ondoan? Jarri elkarren parean, jarri balantza batean: alemaniarra, paseoa. Egiten du balantzarik akaso? Trabarik jartzen du? Zalantzarik egiten du menturaz balantzak? Durduzaz egiten al du batere? Bai zera! Aise irabazten du alemaniarrak: alemaniarraren pisua beherantz jausten da, berun, eta paseoaren platertxoak gorantz egiten du, galtzaile. Gorantz egiten du eta hala ere galtzaile da paseoa: justizia poetiko suerte bat. Deusetarako balio ez duen justizia ziztrin hori, intelektual beso erkinek asmatua, neska-lagunak lapurtu zizkieten marinel beso-tatuatu sendoekiko euren herra erredimitzeko. Justizia poetikoa, hala deitzen diote.
Paseo bat gutxi zela: asteburu bat eskatu nion. Alemaniar baten ondoan, asteburu bat ere ez zen gauza handia. Baina paseo bat baino gehiago bazen, gutxienez.
Gerra ez da amaitu... Nora joango gara? Ezingo dugu Varsoviatik atera.
Nik aukeratuko nuela nora. Deuseztatutako leku batera joango ginen. «Nire bihotzaren hondora» esan nezakeen, baina hain melenga ere ez nintzen.
Zaude lasai, ez gaitu inork ikusiko.
Alemaniarrek interes urrikoa zelako baztertu zuten harrobi baten ingurura eraman nuen, bizikletaz. Zerbaiterako balio behar du barraskiloen bideak ezagutzeak, esan nion. Baina berak ez zidan erantzun. Ez zuen irribarrerik egin. Maitasunaren esperantza konplizitatean hasten den jakitun, ez zidan konplizitaterik oparitu nahi. Agian ez zen barraskiloekin gogoratu ere egiten, edo ez gogoratzen saiatzen zen.
Eta hala ere, maite ninduela esan zidan larrutan egin ondoren. Azken aldia izango zela esan zidan bezalaxe. Baina ez zen azken aldia izan. Geroxeago berriro piztu zitzaigun grina eta berriro egin genuen larrutan.
Varsoviara itzuli behar dut.
Zer esan diozu berari?
Hansi?
Izorratu beharra zagok: Hans, pentsatu nuen, gainera izen hori izan behar zuen. Hemendik aurrera Hans izeneko denak gorrotatu beharko al ditut? Berdin emazte-lapur alemaniar edo hari-laukote konpositore trebeak izan? Berdin kafetxeetako zerbitzari edo etxeko horma pintatzaile noble Hans izena izatearen bekatua soilik zutenak gorrotatu behar al nituen?
Gaixorik dudan izeko bat bisitatu behar nuela esan diot.
Gaixorik dauden izekoak. Horiek paseoak eta asteburuak baino gehiago balio dute! Horiek, are, alemaniarrek baino gehiago balio dute. Izeko Ezezagunari egindako monumentua gaur inauguratzen dugu eta kar-kar, errezela neronek kendu behar nioke marmol zati horri, pentsatu nuen, idazle batek bezala, gero eta gehiago.
Bizikleta hartu eta hirirantz itzultzeko ordua zen. Zubi txikitu baten parera heldu ginelarik, bizikletatik jaitsarazi nuen. Gero, bizikleta hartu eta ibaira bota nuen. Bizikleta, erran nahi baita.
Baina... Zer ari zara!
Ez gaude urruti, oinez joango gara, trenbidearen ondotik. Txikitan ez zinen inoiz jolasten, trenbideko errailen gainean oinez?
Ez.
Gogoratuko zara behintzat, nola etorri zinen estaziora ni agurtzera, frontera abiatu nintzenean, aterki zuri batekin?
Ze aterki zuri?
Hitz egiteko era bat zen, neska.
Denbora irabazi nahi nuen. Poliki eta oinez dastatu berarekin pasako nuen une bakoitza. Azken une bakoitza. Unibertsoaren eskala nire aldera ekartzeko era bat zen bizikleta ibaira botatzea. Denbora moteldu nahi nuen, nire eskuetara ekarri.
Almak asteburu osoan ireki ere egin ez zuen poltsatxo bat zekarren aldean. Pentsatu nuen: hor zekartzak honek Varsoviara heldu orduko jantziko dituen arropak, barraskilo usainik gabeko arropa birjina eta aratzak. Nik uste bezain argia bada, litekeena da poltsa horretan bere balizko izekok oparitutako zerbait ere izatea, itzuleran bere alemaniarrari zintzo erakutsiko dion oparia.
Hara, Hans maitea, hara, zer eman digun izekok gure etxerako! Lore koloretsuz ornatutako zeramikazko kutxatxo bat!
Zer daukazu poltsa horretan?, galdetu nion.
Ez zidan erantzun.
Isiltasuna ere erantzun bat da, pentsatu nuen.
Isiltasuna ez da erantzun bat, esan nion.
Isilik jarraitu zuen.
Isilik abiatu ginen, elkarren ondoan, trenbide mortuan barrena oinez. Aurreratu egin nintzen ni geroxeago, bera nire ondora etorriko zelakoan. Baina ez zen inguratu. Atzetik jarraitu zidan oinez. Horrek mindu egin ninduen. Ibai ondoan oinez ibiltzen ginenean bezala, nire ondoan nahi nuen bera, azken aldiz.
Jakin behar genuen, orduan, gerra garaian, haiek nahi duten eran eta orduan ibiltzen direla trenak, baina ez genekien. Bera Hans izeneko alemaniar batekin ezkontzear egonagatik, nik gudarostea mihiaren puntaz dastatu izanagatik, ume hankagorri batzuk besterik ez ginen.
Laburbilduz: egunsentia urratu gabe, eta barruak urratuta gu, elkarri segika. Ni aurretik, bera atzetik, trenbidearen ertz-ertzetik oinez. Ez zen nire parera etorri, ez ziok amuari berriz helduko, pentsatu nuen.
Despedida eguna zen eta bagenekien.
Trenaren txistua entzun genuenean, denbora justua izan genuen trenbidetik apartatzeko. Mugimendu erreflexu batez, kanela adarraren kaleko hartan bezala, ezkerrerantz jiratu nuen burua atzera begiratzeko, Almaren bila.
Berak, eskumarantz begiratu zuen, ordea, trena atzean sumatzean. Batek daki zergatik. Kontua da beti hala egiten zuela ezagutu nuen egunetik. Nire kontrako bidetik etorri eta lotsatuta kanelazko kapeluen bila, hasiera hartan bezala herabe, edo, arratseko muxuen bila, Vistula ertzean elkarrekin oinez ibiltzen hasi ginen hartan, edo azken aldiz, frontera eraman ninduen trena abiatu eta ni agurtu ninduenean ere, eskuinerantz jiratzen zuen berak lepoa beti.
Lepoa ezkerrera edo eskuinera jiratze horrek salbatu zuen nire bizitza eta kondenatu zuen berea.
Gaur ere, Parisko deserri honetan, Sena ertzean paseatzen naizelarik ibaiko urak kontsolagarri dira exiliatuentzat, ibaiko ur horiek, zapaltzen dudan lurra ez bezala, ezin baitira izan euren mugikortasun lasaigarrian sekula deserri ezagunen batek diosal egin eta burua ezkerrerantz jiratzen dudanetan, hozkirri sarkor bat sentitzen dut eskuin belarriaren paretik pasatzen, aizto bat bezala.
Bera da, pentsatzen dut. Mezu bat da, pentsatzen dut. Eta barkatzen diot nire buruari ergelkeria; ergelkeria, inozokeria eta memelokeria gauza humanoak direlako, eta beren humanoan barkagarri.
Almak zeraman poltsak bere tripak irauli zituen trenbide ondoan: nik frontetik bidalitako gutunak ziren. Inoiz ez dut jakin zertarako ekarri zituen, zer gibelasmo zuen gutun sorta harentzat.
Tren gidaria ez zen ohartu ere egingo kolpeak trenbidetik urrundu eta aurpegia odoletan zetzan emakume bat zeharka jo zuenik. Hori, trenak makinistarik zuen kasuan: arimarik gabeko jendea dagoen era berean, bai baitaude makinistarik gabeko trenak ere. Barruan zuten makinista aspaldi deabruari saldu zioten trenak.
Eguraldia hezea zen, barraskiloak aterako ziren gero zirrikitu guztietatik, haien espiralak bizkarrean zituztela, ideia, burutazio, iluminazio, estrategia, sentimendu on gehienak bezala, beranduegi, herriaren azken aurrien eta habe kixkalien lekukotza emateko aukera besterik ez zegoenean.
Ez nuen bere gorpu hila besarkatzeko adorerik izan.
Karrika bat, bizitza bat edo gehiago, kanela adar bat bezala hautsirik.
Lurrean belauniko, lokatzarekin nahastutako trenbide ertzeko txotxak hartu nituen amorruz, kanela adarren ahalik eta antzekoenak ziren txotx hezeak, eta hatz artean puskatu eta zirtzildu nituen, eta ahora eraman nituen adar puskak, lokatzak eta txotxek nire oihua sabelerantz ito zezaten.
Mundua irentsi nahi ote nuen eta nire bistatik desagerrarazi? Auskalo. Gramatika eta kontagintza ez dira sekula desesperazioa azaltzeko lain izan.
Ez dakit zenbat denboraz ibili nintzen alderrai, basoan galduta, ikusten ez nituen frankotiratzaileei tiroka nintzatela oihuka erregutuz. Ez nuen zorterik izan. Edo zorte handia izan nuen, beharbada. Hirira iritsi aurretik, bonbek txikitutako tren-etxolako beheko solairuan, zutikako pertxero bat ikusi nuen gabardina bat eta kapelu bat zintzilik zituena. Zirrara eragin zidan irudi hark: horma erorien artean, gabardinak ukigabe zirauen, estazioburua iristear balego bezala.
Geltoki ttipirantz abiatu nintzelarik, zakur batek zaunka egin zidan, arrazoiarekin edo arrazoirik gabe.
Lau kolpekoa zen bera zaunka.
Ge-rran, gau-dek! Ge-rran, gau-dek!, aldarrikatuko balu bezala.
Burua astintzen zuen zakurrak, batera eta bestera, ezker eta eskuin, pasio animal berberaz alde bietara. Edo pasio gabezia animal berberaz, esan behar nuke, agian, kanelaren kaleez eta erakusleihoez, kapeluez eta aterki zuriez deus ez dakienaren gihar atabismoarekin baino ez zuen-eta zakur madarikatu hark zaunka egiten.
Ge-rran, gau-dek! Ge-rran, gau-dek!
Bazekiat, ergela, bazekiat! Hago isilik!
Bete-betean gutxirengatik harrapatu ez zuen trenbide ertzeko harri koskor bat bota nion animalia erkinari, eta zerbait ulertu izan balu bezala, isildu egin zen zakurra. Harriagatik edo nire negar lanturuengatik, ez jakin.
Pertxeroari so egin nion berriro: kapeluak biseran zuen kordel gorriari lehenbizi, galoidun gabardina azulmarinoari eta honen patrikatik zintzilik zegoen txilibitu zilarreztatuari gero.
Pentsatu nuen, objektuena, gauza ahaztu eta gauza galduena duk mundu hau, eta ez, ordura arte nire izaera sasi-humanistak pentsatzera behartu ninduen bezala, gizon eta emakumeen bizilekua.
Zakurra zaunkaka hasi zen berriro. Burua lehertzear neukan.
Pertxeroan zintzilikatutako gabardinaren besoarekin xukatu nituen malkoak. Zaunka gero eta ozen eta biziagoz jarraitzen zuen zakurrak. Estazioburuaren txilibitua hartu eta txistu egin nuen indar biziz.
Txistu desafinatu bat atera zitzaidan. Ez zen atrilistarik etorri estazioko horma apurtuaren orrialde zuri tarratatua pasatzera.
Baina zakurra derrepentean isildu zen.
Trenbidean oinez jarraitu nuelarik, atzetik etorri zitzaidan zakurra, otzan eta esaneko, nik ondo ulertzen ez nuen eta berak nonbait argi zekien zerbaitek nigana lotuko bailuen.
Ez dakit zenbat denbora egin nuen oinez. Zapatak zingira eginda, galtzerdiak lokaztuta iritsi nintzen mugara. Mugako kartela han bazegoen ere, ez zen inor ageri, ezinezkoa zen muga hura benetan ezeren muga ote zen ala ez jakitea. Nori galdetu. Zeri galdetu.
Zakurra eta biok elkarri begira geratu ginen, noraezean. Ante marroiaren kolore argia zuen pixtia errukarriak.
Mendebalderantz jarraituko diagu, Kanela.
Azken buruan, pentsatu nuen, hark ere mereziko zuen bada izen bat, ezta?
Oinez jarraitu ahala, ehiza-hegazkinek birrindutako herrixka mortu bateko kale nagusian barrena, kanelaren kaleaz hasi nintzaion zakurrari mintzatzen.
Kanela usaina zegoan kalean. Ez kanela-hautsarena, kanela adarrarena baizik. Ezberdina duk, bahekien? Oso ezberdina.
Ez nuke esango zakurra alegera ez zegoenik, ez nuke esango hark ere, bataio berriaren graziaz, nik deskribatzen nizkion okin, sonbrailu saltzaile eta kalean barrena zihoazen gainerakoei, nire hitzekin eraiki berri nituen mamu haiei, diosal egiten ez zienik. Jauzi eta zaunka akonpasatu alaien bozkario hura nola interpretatu behar nuen, bestela? Nik bisagretatik askatzear zeuden ate eta leiho erorien heldulekuei ematen nien eskua, eskonbroen atariko ate-leihoak bizirik baleude bezala besarkatzen nituen, atexka apurtuak agurtzen nituen, muin ematen nien alderoka eroritako habe kixkaliei. Eskuleku, eskonbro, habe birrinduei mintzatzen nintzaien, jendetasunez. Lastima estazioburuaren kapelua ez ekarri izana merezi zuen jendearen aurrean sonbrailua edukazioz kentzeko. Zer moduz Minkiewicz jauna?, galdetu nion kristal puska hautsi batean ikusi nuen neronen isla zahartuari, bai eguraldi ederra zure erreumarentzat, ekatzu Kurier bat gazte... Etxean denak ondo Kotkowski? Tira, txikiena ere ezkondu zaizula beraz, opilik behintzat ez da zuenean faltako! Edo, sentituago mintzatuz, eskua ate-sagar behiala doratuan jarri nuelarik: kanelazkoak egiten ditizten Minkiewiczenean sonbrailuak, ez zain iruditzen?
Baikor eta energia zoro baten menpe nintzen, hala banintzen. Hotzaren eta beldurraren eraginez dardarka zarenean, oihu egin behar duzu, sastakaiaz leihora aterarazi zugan bizi den jainko zarrastel barru-nagi bezain barre-eragile hori. Atera hadi leihora, frankotiratzaileei egiek desafio, egintzak barre haien lepotik eta egin dezatela hitaz ere barre! Ez ditiagu predikatzaileak behar, bufoiak baino! Bufoiak!
Eta hori guztiori esaten nielarik, burua tente neukan artean, eta lepoa, begiraden amua zuzentzen zuen nire lepo-kanabera maitea, jendetasunik batere galdu gabe, aldiro kasu egiten nion jendeari buruz zuzentzen nuen, nire herriko lege zaharrak agintzen duen berrogeita bost graduko inklinazio prestu eta eskuzabal horrekin, lagun hurkoari edozertan laguntzeko prest gaudela adieraziz horrela.
Mamu-herri osoari zorte ona opa izan eta jendea desio onen kariaz agurtu nuelarik, zakurrak han jarraitzen zuen, nire ondoan, mihia ahotik zintzilik eta begiradan distira, balizko erroten kontra borrokatzen lagundu ziolako bere nagusiak intsula bat oparitu zion eskudero haren istorioaren berri balu bezala.
Zer oparitu behar diat nik hiri, ordea?
Aldendu egin behar nuen handik, lehenbailehen. Korrika abiatu nintzen, oinen pean kraskatako desatsegin bat sentituz, ahoan barraskilo oskolak murtxikatu eta haginak barraskilo oskol papurtuekin nahasten zaizkionaren zarata hozkirri eragile bat, ahoan ez baizik eta oinen pean sentitzen nuen basoaren zarata. Zer zen ba inpotentzia, orpoen ordez, hankapean ezpainak josita zituzten ahoak izatearen inpresio hura ez bazen? Amorrua gainetik kentzeko hankapetik ere oihu egin nahi eta ezina, aire tragaderak faltan izate hura.
Ez zuen elurrik egin nahi, baina elur zerua zegoen, eta nahikoa zen hori ehiza hegazkinak airera ez zitezen.
Korrika jarraitu nuen, nire desesperazioak marrazten zuen vals trakets eta patetiko haren keinuak ezabatzeko mila urte beharko nituen jakitun, adar hautsiak besterik ez ziren eztarriak zapalduz jarraitu nuen korrika, lepoa zuzen, batere atzera begiratu gabe.