Neguko zirkua
Neguko zirkua
2005, narrazioak
232 orrialde
84-95511-74-6
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Kare zurizko hormara itzuli

 

Begien aurrean dilindan nuen kinkearen argia da oroitzen dudan azken gauza. Hori eta esaldi bat, eta ez preseski eskumuturra estutzen zidan medikuak esandakoa, kanpindendaren kanpoaldean zigarro bat erdibana erretzen ari ziren bi soldaduetako batek besteari esandakoa baizik. Nola dakidan erretzen ari zirela? Nola entzun nuen kanpindendatik kanpokoa, barrukoa nekez entzun nezakeenean? Beti izan dut entzumen ona. Eta hilurren dagoenak ez du argi tunelik ikusten, baina badago zerbait, zentzuen bat-bateko zorrozte bat, logikarik batere ez duen norabide batean gauzatzen dena eta ez diona hilurren denari deusetarako balio, nire kasuan gertatu zen bezala, bere ohiko eskumenetik kanpo legokeen esaldi bat entzutea ez baita inolaz ere kontsolagarri. Eta esaldia hau zen, zehazki: zaurituari odolik ateratzen ez zaionean, izan liteke dagoeneko hilda dagoelako.

        Hilurren egon nintzen, bai, baina zorionez, sorbalda zeharkatu zidan balak egindako zauria garbia izan zen. Lurrean nentzala inguruan zartarazi zuten mortero baten metrailak bete-betean harrapatu zidan, ordea, eskuin eskua, eta hau ez, hau ezin izan zidaten salbatu, kinkearen kulunka eta trapu zurien estekatze presakakoaren artean galdu nuen eskua, sabaiko kinke kulunkaria bezain laxo gorputzetik banatua. Ez nuen eskua soilik galdu: besoaren zati handi bat ere bai. Ebakuntza egiten hasi bezain pronto ohartu nintzen esku hura malguegi zegoela, errazegi tolesten zela eta apartatuegi zegoela gorputzari lotzeko. Nire eldarnioan, besoa txito batzuek bizkarrean hartuta barre txikitan euren ezkutalekura eramaten zutela iruditu zitzaidan. Eta baita besamotzaren besamutur odoldua ardo merketan bustitako kortxo zati apurtu baten gisakoa zela ere.

        Eldarnioak, esan dut lehen.

        Zaurituari odolik ateratzen ez zaionean, izan liteke dagoeneko hilda dagoelako, ez nuke esango fuga baten eran behin eta berriz entzuten nituen hitz haiek niretzat ez zirenik, odol asko galdu bainuen neronek ere.

        Besoa ibai baten ondoan lurperatu genuen, urki baten altzoan, eta han egongo da orain ere, dagoeneko urkiaren baitara korapilatu eta sustraietatik adarretara egin ez badu behintzat. Txoriek erran beharko dute laztan, estutu edo txalo-imintzio egiten ote duen adarretatik. Hasieran ateratzen zitzaidan noizean behin ez neukan besoarekin agur keinua egin nahia, baina ez luzaro. Bezatzaile aparta da edonorentzat inoren aurrean barregarri geratzea. Astebete egon nintzen kanpaleku nagusian, hogei oheko oihal-dendan, medikurik finena bufalo mandio bateko albaitaria zen hartan, alta eman zidaten arte. Kantinatik pasa nintzen etxera bidean jarri baino lehen, ni mandiora ikustera etortzeko adorerik bildu ez zuten mutilak agurtu eta haiei zorterik onena opatzeko.

        Moises barraren bestaldean zegoen. «Moises beti barraren bestaldean, zer gerta ere!», askotan egiten zioten tabernariari broma hura egun bibliko haietan. Ni ez nengoen, ordea, txantxetarako. Garagardo bat eskatu nion, atera zidan aparrik gabeko zer hura, eta gero besarkatu egin ninduen, esanez bezala, edatekoari falta zaion aparra neronek emango diat estutu bihotz altxagarri honekin. Ez zidan ordaintzen utzi.

        Ez zaik eta gabardinan botoi bat bera ere geratzen. Kuxidade horrekin ordaintzen utziko diadalakoan?

        Arrazoi zuen. Ez zitzaidan uniformean botoi bat bakarra ere geratzen. Gerrara joan eta garagardo bat hartzeko kantinan ordaindu beharra patetiko samarra zen, baina halaxe izaten zen. Hedatua zegoen, ordea, uniformeei botoi urreztatuak erauzi eta unean-unean txanda egiten ari zen zerbitzaria laguna izanez gero txanponen ordez botoi doratu haiekin ordaintzeko ohitura.

        Trenera igo nintzen. Leihorik itxi ezin zenez eta uniformerik eta gabardinarik lotzerik ez nuenez, beso bat mahuka hutsarengana antxumatuta egin nuen etxerako bidaia, hotzikaren menpe. Gerrak aurrera jarraitzen zuen eta ni etxera bidean nintzen. Pozik? Inolaz ere ez. Nola ba. Eskuin besoa galdu nuen, ezingo nion aurrerantzean nire piano irakasle postuari eutsi. Alferrik aipatuko zizkidaten niri erretiroak eta diru-sariak. Musikak bizi ninduen ni. Zer egin nezakeen esku bakarrarekin? Saint-Saens eta Czernyren ariketak? Argia egin zitzaidan une batez, esperantza izpi bat: Maurice Ravelek idatzitako piano-kontzertu harekin akordatu nintzen, oso-osorik ezker eskuaz jotzekoa zen harekin. Ravelek berak, gerratik eskumotz itzulitako lagun batentzat, Paul Wittgensteinentzat —filosofoaren anaia bera— idatzi zuen. Ravelek, hark bai, jakin behar zuen zerbait oinazeaz, otu zitzaidan. Ez Mozart, ez Bach, ez Schubert, ez Bramhs ez beste inor. Ravel, hura bai benazko konpositorea, gure garaietara egokitua, lagun on, adiskide min, edozein laztan-etxetan topatuta ere hari brandy kopatxo bat gustura ordaintzeko moduko, Ravel.

        Geltokian zain izango nituen etxekoak, baina ez neukan haien erruki eta kontsolamendu hitzei ispilu egiteko kemenik eta zegokidana baino geltoki bat lehenago jaistea deliberatu nuen. Aire freskoa biriketan, oinez egin nuen bidea. Han zegoen herri-kaskoa, alde egin nuenean bezalaxe, metrailak hormetan egindako baztanga zipriztinen aldea baino ez. Musika-eskola itxita zegoen gerra hasi zenetik, baina atzeko atearen giltzek hantxe jarraitzen zuten, postontzian gordeta. Etxeari argizari, erretxin eta klera usaina zerion zoko guztietatik. Czerny eta Saint-Saensenak baztertu eta Ravelen obraren xerka hasi nintzen, han behar zuten partiturek, bulegoan. Ongi sailkaturik zeuden, abezekiro, eta berehala aurkitu nituen, kuku-erlojuaren peko tiraderetan: concerto pour la main gauche. Ez nuen, baina, ezker eskuarentzako kontzertu harekin berehala hasi nahi izan. Ez nuen hain erraz etsiko. Uko egiten nion oraindik nire besamotz izaerari, nolabait. Ravelekin saiatuko nintzen, bai, baina bi eskuekin jotzekoa zen pieza batekin. Gaspard de la nuit jarri nuen atrilean. Gero, estalkiaren gainean paratu nuen nire esku bakarra. Pianoaren estalkia altxatu gabe egon nintzen, tarte luzez. Estalkia ireki nuen. Hatz lodiaren eta erakuslearen artean oktaba baten tartea hartzen nuen doi-doi. Hatz erakuslearekin kurritu nuen pianoaren tekla bakoitza, lagun zaharren enkontrura aspaldiko partez datorrenak bezala, nota bakoitzaren arintasuna eta pisua, zaporea eta bolumena, biribiltasuna edo zorroztasuna neurtuz. Doinu barnerakoiak ziren batzuk eta jendetasunerako eginak beste batzuk, diferenteak denak. Kutxilloak eta koilarak, beharrezkoak denak. Halako adibideak erabili ohi zituen gure irakasle zaharrak. Gaspard de la nuit, beraz. Ea ba. Eskuinaren mugimenduak ezker eskuarekin ordezkatzen saiatu nintzen. Hasiera ez zen zaila, Ondine mugimenduaren arrankeari ekin niezaiokeen, motelago, tristeago, isilune gehiagorekin eta erritmo hautsi eta jarraikortasunik gabeaz bazen ere. Geroago baina, hortzetan neukan melodiari ezin jarraituko niola ohartu nintzen. Eskua ez zegoen hor, ez, baina gorputzak, soin-enborrak, bizkarreko kirioek, hori ez balekite bezala jokatzen zuten: eskuin eskuari bidaltzen zizkioten nik ezkerrera bideratu nahi nituen kinadak. Esku ezkerrarekin eskuinari zegozkionak egiteari utzi eta esku bakoitzari berea egiten utzi behar niola deliberatu nuen... Eskuineko eskurik ez neukan, ordea! Ez neukan, baina baneukan. Sorbaldatik sortu, sortzen baitzen eskuin eskuari zegokion mugimendua, mugimendu gauza ezin hura, hortz artean nerabilen melodia sastar eta patetiko harekin osatu beste erremediorik ez nuena. Sorbaldatik sortzen zen indarra ahora, hagin artera bidali behar nuen, melodia hortzetan barrena hustu, eztarrira bidali eta irentsi, baina indar hura erremediorik gabe joaten zitzaidan falta zitzaidan eskura. Bilatzen zuen hatzik eta eskurik aurkitzen ez zuen indar zapuztu hura itsasoan galdutako algena lako arintasun eta noraez batean amaitzen eta alferrik galtzen zen. Aulkia beheratu nuen, zorabiatzen ari nintzen.

        Arintasun gehiegia sentitzen nuen gorputzaren eskuin aldean. Ez nuen ezeren falta nabaritzen, arintasun arraro bat baizik. Oreka mantentzea nekezago egiten zitzaidan oinez ibiltzean, areago pianoa jotzean. Kontrapisu bat behar nuen, hori izango zen agian irtenbidea. Kuku-erlojua eraitsi nuen hormatik. Gerrikoarekin korapilatu eta muinoiari lotu nion erlojua, nola hala. Hark ematen zidan halako sendotasun sentipen bat, kontrapisu bat eskuin aldean, esku inerte bat izatearen sentimendua, bederen. Eseri nintzen ostera pianotzarraren aurrean: tortura tresna mehatxagarria begitandu zitzaidan, une batetik bestera jiraka hasiko zen Erdi Aroko gurpil hezur-birrintzailea. Nire beso inertetik malguki bat atera zen: txori absurdu bat, lurra jo eta lehen kukuarekin batera isildu zena. Hura amorrazioa. Gerrikoa askatu eta mila zatitan zartarazi nuen lurrean kuku-erlojua. Ez diagu erotu behar, pentsatu nuen. Kuku-erloju batek ez dik inoiz hire besoa ordezkatuko. Non daukak duintasuna? Gaspard de la nuit partiturarekin saiatu nintzen ostera. Baina ezin. Zoriak bere gutizien arabera mahaian barreiaturiko gerezi ustel eskukada baten pareko ziren kortxea tristeak eta karrankariak baino ez nituen sakatzen. Marinel korapilo baten antzera tolesten zitzaizkidan hatzak jotzen saiatzen nintzenero. Belauniko jarri nintzen piano aurrean. Sudurrarekin saiatu nintzen eskuin eskuaren lana osatzera, hortzetan galtzen zitzaidan melodia hura, hatzen ordez nituen alga irudimenezkoen arintasun hura, sorbaldatik ahora ez, baizik eta sorbaldatik sudurrera joan zedin. Erokeria bat zen, ezinezkoa zen horrela taxuz jotzea, belauniko jarrita ezin erabil nitzakeen pedalak. Burua teklen gainera erortzen utzi nuen, burrunbatsu.

        Kutxilloak, kutxilloak, soinu torturatzaile eta barnerakoiak elkarren kontra erortzen.

        Ravelek ezker eskurako idatzitako obra hura jotzearekin etsi beharko nuen. Edo Prokofievek, honek ere Paul Wittgenstein mainguaren enkarguz, idatzi zuen piano-kontzertu harekin. Paul Wittgensteinek, bidenabar, ondo ulertzen ez zuen aitzakian, ez zuen Prokofieven pieza sekula jo.

        Izan ere, nola joko zuen ba? Nola etsi? Nola jo gabeziaren musika? Nola munduaren doinu guztiei uko egin? Nola konformatuko nintzen ni ere Saint-Saens eta Czernyk ezker eskuarentzat egindako ariketekin, galdutako besoa behialako doinu harrapaezinetarantz lerraturik banuen?

        Musika-etxeko lehen solairuan nengoen, kalearen parean, jendea sentitzen nuen leihotik niri begira. Tupustean jiratu nintzenean, ez nuen han inor topatu. Hartxintxarren gainean ihesi entzun nituen umeak. Nire irudipenak ziren agian, ez dakit.

        Berriro saiatu nintzen, behialako ikasle baldar hura banintz bezala. Baina huts egin nuen ostera ere: soin-enborrean, bizkarrezurrean, oinen puntan sentitzen nuen melodia jaiotzen, bizirik jaiotzen zen gainera, garai batean bezala; umeki hila zen, ordea, eskuin eskura isuri ezin zuen gorputz guztiko irrika hura.

        Alga galdua itsasoan, nire borondatea.

        Amorrua hortzetan eta barailezurrean tenkaturik, lur jota, nire burua ezertarako gauza ikusten ez nuela irten nintzen musika-eskolatik. Kanoikadak entzuten ziren urrun gorrian.

        Orduan soilik jabetu nintzen egiaz. Ohartu nintzen hila nintzela, eta nire zati bizidun bakarra beso lurperatu hura zela, bizirik geratu zen atal bakarra nik ez neukan hura zela. Lurpean zetzan, baina bizirik. Edo beharbada ez lurrean: beharbada urkiaren azalean gora abiatua zen jada, edo adarretan txori tranpa edo txori laztantzaile bihurturik, edo txalo-imintzioen egile mingarri bezain barregarri.

        Bihurtu nintzen elbarriaren eta galdu nuen besoaren artean zegoen mundu huts eta isila, horixe besterik ez nintzen.

        Gurasoek beso zabalik hartu ninduten. Zizareen pianoarekin Ravelen piezak jotzen jardungo zuen eskuin besorik gabe besarkatu nituen nik.

        Ohitzen joan ginen denok gabezia horretara.

        Baina, goiz batez, negarrez topatu nuen ama sukaldean.

        Zergatik negar egiten zuen galdetu nionean ataria seinalatu zidan, ezer esateko ezgauza.

        Atarira irten nintzen. Ez nintzen hasieran jabetu. Gero, haizea altxatu zuen eta lehortzen zintzilik jarritako arropa puztuek bereganatu zuten nire arreta. Lehortzen jarritako alkandora bakoitzaren mahuka banari korapiloa egina zion ume bihurriren batek, eskuin eskumuturraren parean, nire gabezia mahukara ekarri nahian bezala, alkandorari muinoi bat eginez.

        Arnasa hartu eta arretaz behatu nuen ingurua. Ez nuen norekin haserretu eta nori oihu egin. Halere, norbait sumatu nuen inguruan: haurrak beti geratzen ziren urruti ez zela, haien bihurrikerien ondorioak ikusteko. Haurrak han izango ziren nonbait, gertu —nire piano ikasle ohiren bat ere bai, tartean, lepoa egingo nuke—. Banintzen zerbait beso bakarrarekin ere, eta gai nintzen denei nintzena erakusteko. Etxeko horma zuriak itsutu ninduen une batez. Belarriak zulatu zizkidan kanposantuko horma karezkoen kontra itzularazi ondoren fusilatzen zituzten lagunen kontrako tiroen soinu lehorrak. Gorreria apur bat makaldu eta entendimendua berreskuratu nuelarik, jauzi zalu batez buruz behera jarri eta baserriko kare zurizko hormaren kontra paratu nintzen, buruz behera, neukan beso bakarraren gainean. Haurrek ikusiko zuten nire akrobazia, inguruan bazebiltzan. Horixe ikusiko zutela. Haietako nor zen hura berdintzeko gai? Beso bakarra baina gihartsua horratik! Gaztea nintzen oraindik, entera zitezela. Odola burura iristen ari zitzaidala ohartu nintzenean, apur bat gehiago eutsi nion oraindik, eta oin bien gainean jarri nintzen, berriz ere. Ingurura begiratu nuen. Hostoen firfiran ikusi gabe sumatu nituen haurren begiak eta baita halako harridura aire bat ere, hego haizeak ekarria.

        Une batez bakarrik, baina garaile sentitu nintzen. Jiratu ez arren, garondoan hirugarren belarri bat atera zidan haizeak, eta amaren negar intziriak erdu zitzaizkidan.

        Aitak mailua eta soka luze batzuk ekarri zituen. Iltzeak hortzetan hartu eta kordel batzuekin zeharkatu zuen sukaldeko sabaia: lau-bost bider elkar-gurutzatzen ziren sokak han goian. Kanpora gabe, haur jardun mikatzengandik aparte, ekilibristaren sarea ematen zuten sukaldeko soka haietan zintzilikatu genituen egun hartatik aurrera alkandorak gure etxean, barruko epelean.

        Deseroso samarra zen, dena esan behar bada, otorduak sukalde-sabaiko soketan tantaka zeuden alkandora hezeen pean egin beharra. Askoz denbora gehiago behar zuten arropek lehortzeko, gainera. Baina amak ez zuen inolaz ere kanpoan alkandorarik zintzilikatu nahi.

        Latza izan zen negua, eta pianoaren egurra, ez sutarako uste bezain ona. Ez nintzen, bestalde, sekula nire beso bakarrarekin ezelango indar erakustaldi berririk eginez karezko horma zuriaren kontra berriro buruz behera jarri.

        Saiatzen naiz ahazten, baina hortzetan topatzen ditut gutxien espero dudanean Maurice Ravelen Gaspard de la nuit eta amorrazioa. Ahoa estutu eta melodia minxor hori irensten saiatzen naiz horrelakoetan, itzul dadila soinu bakoitza sortu zeneko gihar ezkutura eta dagoela han bakean. Barrurantz negar egitea bezain ariketa zaila da hori.

        Basoan barrena bakarrik nabilenean, lantzean behin asaldatzen nau bizirik dagoen nire beso galdua haizeak astintzen duen urki batean, gorengo arrama batean, orein-adar bost hatzetan bifurkatuaren puntan ote dagoen sentipenak.

        Oreinek joera handia daukate, ordea, zaratarik txikiena entzun orduko, burua jiratu eta betirako hanka egiteko.