Raymond Carver
Bilboko errebaletara heltzen
Goiz hartan, esnatu zenean, Raymond Carver zela ohartu zen, ez zela sekula gehiago Ricardo Goitia izango. Halakorik gertatzen zitzaion lehen aldia zen arren, ez zuen aldaketak ustekabean harrapatu, aspalditik baitzetozkion hasiera batean estonagarri zitzaizkion zeinu haiek: bere burua gaueko ordu txikietan idazmakina baten eta orrialde zuri baten aurrean aurkitzea adibidez, paradero hari buruzko inolako azalpen arrazoizkorik emateko ezgai. Etxeko zabor poltsatan ardo botila hutsak topatzea izan zen hurrena, berak kontzienteki inolaz ere halakorik edan ez zuenean. Esanguratsuak ziren, bestalde, botikineko sendagai haiek guztiak, ez Ricardo osasuntsuarentzat baizik eta Raymond Carverrek zuen minbiziarentzat behar zutenak.
Eta goiz hartan sentimendu osatua, azkenik: Carverren liburu bat hartu eta lerro bakoitza buruz zekieneko konbikzio sendo eta garaiezina. Beharko buruz jakin. Bera zen eta lerro haien egile! Bera zen Raymond Carver! Lasaigarria ere bazen neurri batean, metamorfosi luze baten amaiera. Nerabezaro atzendu baten amaiera. Egunkariko albisteak ez zuen batere harritu, honenbestez: «Carver poeta eta narratzaile handia hil da Port Angelesko bere etxean». Jada bazekienaren baieztapena zen; bere senaren adierazpen hura ez zen irudimen sukartsu baten fruitu. Joera hura bere kolkorako gordetzea erabaki zuen, hala ere. Nork sinetsiko zion? Eta, gainera, sinetsita ere, nor arraiok zuen bere ezagun eta senitartekoen artean Raymond Carverren berri? Inortxok ere ez. Ezta arrastorik ttikiena ere. Munduko gauzarik naturalena legez onartu zuen beraz bere nortasun berria, eta inolako traumarik gabe, inori ez aitortzea erabaki zuen.
Etxeak margotzen lan egin baino, nahiago zuen idazle amerikar baten larruan bizi, hau minbiziak jota egonagatik.
Halaxe abiatu zen Raymond Carver A Coruñako aireporturantz. Urtean behin behintzat, gurasoei gutizia betetzeagatik. Denak elkartu eta denak elkarrekin afaldu. Liskarrik gabe. Eztabaidarik gabe. Aspaldiko gertakizun mingarri haiek oroitu beharrik gabe, ahal izatera.
Ia ahaztu zen opariaz. Eskerrak aireportuetan gero eta litxarreria gehiago saltzen duten. Bihotz itxurako askotariko gauzak edukitzen zituzten denda batean aritu zen, zer ingura: bihotz itxurako poltsa beroak, bihotz itxurako kojinak, bihotz itxurako garunak (!), bihotz itxurako edozer. Bihotz formako izotz koxkorrak egiten zituen plastikozko kubitera hautatu zuen, gehiegi pentsatu gabe. Salneurriaren eranskailua kendu eta bitan tolestu zuen paperezko poltsa. Taxi bat hartu zuen. Birritan esan behar izan zion taxistari gurasoen etxeko helbidea. Ez zuen, halere, taxilariak kalea berehalakoan aurkitu. «Ez nago ohituta hiriaren alde honetan», zuritu zuen gidariak bere ezjakintasuna. «Ni ere ez», Raymond Carverrek, bere artean.
Zalantzan egon zen une batez, txirrina jo edo ez jo. Azken bi urteetan izan zuen beti afari hartara ez agertzeko aitzakiaren bat, zela Galiziako herri galduren batean saihestu ezinezko azken orduko lan bat, zela bat-batean ohera kateatu zuen hotzeria bortitza. Matrailezurra aurreratu zuen, goiko ezpaina behekoarekin bilduz. Woody Guthrie musikariaz oroitu zen: Ameriketako Estatu Batuak alderik alde zeharkatu zituen hark trenetan polizoi tarteka, auto-stopean gehien bat hamaika urtetan hitzik zuzendu ez zion aitaren hiletara joateko asmoarekin, halako asturu gaiztoz non berandu heldu baitzen. Orduan, besterik ezean, amarekin behintzat egon beharko zuela pentsatu, etxerako bidea oinez egin, atariko aldabari heldu, bigarren aldiz pentsatu, aldaba poliki-poliki bere lekuan utzi, jira hartu eta etorritako bidetik itzultzea erabaki zuen. Beste hamaika merkantzia tren, beste milaka auto-stop kilometro zain zituen New Yorkera itzuli aurretik.
Woody Guthrie zaharra. Gitarran «Makina honek faxistak akabatzen ditik» idatzirik zuena. Bob Dylan joaten omen zitzaion ospitalera, bere azken egunetan.
Raymond Carverrek etxeko atea zabalik topatu zuen, eta Woody Guthrie ez bezala, sartu egin zen. Barruan zeuden denak harrezkero. Suma zitzakeen atea zeharkatu orduko: bere arreba astuna eta honen senar koitadua, haurra kapazuan zutela, anaia ehizarako fusila eskuetan zuela batera eta bestera paseoan, eta gurasoak ere han, Carverrek oraindik ikusi ezin zuen umearen inguruan.
Gauzak ez ziren hain gaizki hasi. Ezer baino lehen, zumezko kapazuan lo zegoen haurra erakutsi zioten, nola ez; ez zen hain txikia ere, apenas sartzen zen kapazuan. Polita zen, egia aitortze aldera, ez zitzaion gehiegi axola halako haur ederraren osaba izatea. Ez zeukan ez bere arreba itsusi aho okerraren ez haren senar abailduaren batere antzik, jainkoari eskerrak. Martini bana hartu ondoren, sukaldera sartu ziren, jatekoa denek elkarrekin prestatzeko. Ez zuten mintzagai apartekorik izan. Benetako elkarrizketa eta munta handiko gaiak otordua ofizialki egiten zutenerako gorde nahi balituzte bezala. Gutxiago edo gehiago, denek zuten zer egin, eta sukaldea gustura egoteko modukoa zenez, ez zioten elkarri trabarik egiten. Otarrainak garbituko zituen batek, tipula uztaiak ebakiko besteak, tomateaz eta entsaladaz arduratuko zen hurrengoa. Jendetasunez hartu zioten txanda elkarri harraska eta sukaldeko iturri bakarra erabiltzeko orduan ere. Gurasoak nahikoa alai zeuden itxuraz, hori zen balio zuena.
Baina bi orduko tartea setio luzea zen edozein familia sukaldetan, eta lehenengo ordu erdiaren ondoren, pasadizo alaienak eta azken urteko gertaera esanguratsuenak aletuak eta gertaera barregarrienak arras ustiatuak zituzten jada. Eta arropekin gertatzen den ez bezala, mintzatzeko gaiak maiztuegiak direnean, ez dira batere eroso. Ez ziren beste munduko familia bat, ez zuten kontatzeko aparteko gertaerarik, ezta zituzten apurrak gatz-ozpintzeko talenturik ere: Carverren arrebak lan egiten zuen aseguru etxeko kontu aspergarriak, labana zorrotz bat eskuratu orduko nola-halako umore beltzguraz urtero kontatzen zituenak, «ba al zenekiten eskuko hatz bakoitzak prezio ezberdina duela?»; koinatuaren arrantza ibilera itzelak eta ibaian gorako konkistak, gurasoak prestatzen ari ziren Mediterraneorako itsas-bidaia hura. Carverrek bere pintaketa lanei buruz hitz egingo zuen gero. Bazirudien azken aldi hartan beren etxea konpondu eta margotzeko boladak eman ziola jendeari, arras lanpetuta zebilen. Aurreko urteetan ez bezala, zuria eta izokin kolorea izan beharrean, kolore horiak, arrosak eta urdinak eskatzen zituen jendeak, gero eta gehiago. Pistatxo koloreak ere gero eta zale gehiago zituen.
Oso adierazgarria da. Garai berrien ikur dira jendeak bere etxeko hormak margotzeko aukeratzen dituen koloreak. Ez zaizue iruditzen?
Pasa iezadazu burruntzalia, Ricardo.
Zalantzan egon zen. Merezi ote zuen aurrerantzean Ray dei ziezaioten eskatzea? Ezer esan ez eta burruntzalia amari pasatzea erabaki zuen.
Horrela zihoan sukaldeko lana, bakoitza berean, berriketa laxoan. Gurasoei hogeita hamargarren ezkon-urteurrenean oparitutako zilarrezko platerak eta azpilak janariz bete eta egongelara eraman zituzten. Bere anaiari ez zioten aulkirik jarri, jakina, eta Raymond Carverrek berak inguratu behar izan zuen bat gehiago, istripuaz geroztik bere anaiak hitz erdi bat esateari uko egiten baitzion. Gurasoek gaitzespen keinu batez begiratu zioten Carverri. Egongela hartantxe gertatu zen dena. Afaltiarrek derrepente dena oroitu izan balute bezala izan zen. Sukaldean, azenarioak arrailatu eta letxuga garbitzen, burua beste zerbaitetan izan zuten, familia bateko kideak elkar-ez-erasotzeko egoeratik, elkarri enbarazurik egin gabe elkar jasatetik egon daitezkeenik eta gertuen egon ziren. Han, aldiz, hamar urte lehenago gertakizun tamalgarri haiek gertatu ziren egongela hartan, inork ez zeukan zeresanik. Non zegoen, bada, otordurako gorde uste izan zuten benetako gai zerrenda? Non zeuden munta handiko elkarrizketa izarrak? Carver saiatu zen isiltasuna urratzen. Merezi zuen ahaleginak. Urtean behingo zerbait zen. Ez zen hainbeste kostatzen.
Ez dakit zergatik uzten diozuen Pablori eskopetarekin otordua hartzen. Laga ezak trastea jateko bederen, gizona!
Bere arrebaren begietako erresuminak gainezka egin zuen. Seko asaldatu zen. Oraindik piztia erditu zueneko hormonaren bat ibiliko zen bere gorputzean gora eta behera. Hala pentsatu zuen Raymond Carverrek.
Eta segi! Segi horrekin! Hasi gara, hasi gara berriro eroaldiarekin!
Apenas esan zuten beste ezer. Bere amak ardo botila hustua zuen berehala, ia-ia berak bakarrik hustu zuen gainera, inoren laguntzarik gabe. Edadea gorabehera, bere ama oraindik moldatzen zela alegia bakarrik.
Gehiegi edaten duzu, ama.
Gehiago etorriko bazinete ez nuke premiarik.
Ez hasi betikoarekin, badakizu lanpetuta gabiltzala. Ahal dugunean etortzen gara.
Raymond Carverrek ama-alaben arteko sesioaren aurrean ezentzunarena egin eta konplizitate keinu bat egin zion eskopeta lustratzen jarraitzen zuen anaiari. Itogarria zen egoera: zigarro bat erretzeko aitzakiarekin kanpora ateratzea erabaki zuen. Etxe barruan armak garbitu zitezkeen eta untxiak ehizatzeko fusil bat sorbaldan jarrita afaldu ere bai, baina ez zegoen erretzerik. Etxe hartako legeak ulertzea ez zen samurra, egia esan.
Erretzeari utzi zeniola esan zenidan.
Aspaldi zen hori, arrebatxo. Elkarrekin egon ginen azken aldian zure alabatxo hori zapaburu baten udako gau bateko fantasia beroa besterik ez zen.
Arrebaren senarrak alfonbran galdu zuen begirada, masailak gorriturik. Ez zen erraza jakiten bietatik zein, fantasia edo zapaburu hitza, izan ote zen gehien mindu eta lotsarazi zuena: mindu eta lotsatu biak batera egiten zituen beti gizagaixo hark, abildade berezi bat eduki behar eta, harexen jabe zen bera. Arreba berriz, bere zaldi-hortz okerrak, batetik besterako tarte handiegi eta irregularrez banatuak nekazari hasiberri batek elkarrengandik distantzia ezberdinetara landatutako hesolak ziruditen, hortz haiek erakutsi eta marmar ozenean hasi zen. Baina ez zuen arrebaren erantzuna entzun, horretarako denborarik utzi gabe itxi baitzuen Carverrek bere atzean atea, danbateko batez, eta orduan bai, gauzak gaizki bukatuko zirelako irudipena izan zuen.
Zigarroa erre eta lorategia inguratzen zuen hesiari begiratu zion. Baita hesi hura ere. Hesi hura ere, bere arrebaren irribarrea baino ederragoa zen, bai horixe, erregularragoa. Luzera jauziak egitera jolastu ohi zuten lorategi hartan arrebak eta biek umetan. Lehen jauzian kale. Bigarren ahalegina orain. Berriz ere etxera sartu zenean, denek isilik jarraitzen zuten artean. Zapuztu zen giroa: umore onak betirako alde egina zirudien. Arrebaren senar autista lurrera begira zen, arreba hitz ulergaitzak ahopeka zerabiltzala, aita eta ama noiz edo noiz elkarri begiratu, noiz edo noiz elkarri ardoa zerbitu eta noiz edo noiz ardoa edanez. Bere anaia, eskopeta hartu eta egongela erdiko mundu mapa esferikora apuntatzen ari zen. Mundu mapari biraka eragin eta eskopetaren puntaz esfera biragarria geratzea gustatzen zitzaion, munduko puntu bat zoriaren arabera aukeratuz, ez zegoen garbi zein helbururekin. Zaila zen jakiten zer zerabilen Pablok buruan: irribarre amultsua soinean zuen beti, baina hitz erdi bat bera ere ez zuen sekula esaten.
Kalifornia ingurua seinalatu zuen anaiak eskopetaz. Agian berari bai. Agian anaiari kontatu egin beharko ziokeen Raymond Carverren istorioa. Berak ulertuko zuen.
Infernu hartan umea zen esperantza izpi bakarra. Aingerutxo bat zirudien, han, kapazuan lo, gloria ederrean kizkurtuta.
Oparien aurretik, jolas gaitezen apur bat pokerrean.
Azken aukera bat erregalokoa ematen duenaren ahots tonuaz mintzatu zen arreba. Bene-benetan azken aukera bat ematen duenaren ahots tonuaz. Tira. Pokerra zen urte hartako bolada, beraz. Bere oroimen kaxkarrak ematen zioneraino, musean aritu izan ziren beti ordura arte. Amore eman zuen. Ricardok ez bezala, Raymond Carverrek bazekien pokerrean jolasten. Kartetan hasi zirenean gauzak apur bat hobetuko zirela zirudien. Bere arreba erretxindu egin zen ordea; mahaian utzi zuen zilarrezko zippoa banatzen ari zen kartak ikusteko ispilu gisara erabiltzen zuela salatu ez zuen ba! Izorratu beharra zegoen. Horixe bakarrik falta zitzaion. Gangster film gehiegi ikusi zituen neska hark. Oharkabean, aita eta ama lotara alde eginak zirela konturatu zen, bere koinatua ere txokora telebista ikustera erretiratu zela. Karta sorta hartu eta lurrera jaurti zuen bere arrebak, amorrazioz. Zaratarekin, umea esnatu eta aire-erasoen berri ematen zuen sirenotsarena egiten hasi zen.
Arimaren babes-sotoetan gordetzeko unea zen, baldin arimak halakorik bazuen.
Ricardo madarikatua! Zure errua da! Betiko matrakarekin beti! Lasai maite, lasai, tori karta bat jolasteko, ixo eder hori, lasai bihotz hori...
Amak ilunpean utzitako kapazua beraganantz erakarri, karta sortatik bat bereizi eta umeari eman zion, bere hatz lodiekin. Esku haiek gehiago ziren ume bat eskuetan hartzeko baino Land Rover baten motorra konpontzeko eginak. Zenbatean tasatuko ote zituen hatz haiek arrebaren aseguru etxeak? Umeak berehala karta zimurtu eta ahora sartu zuen, hari hortzaka eginez. Bosteko bihotza zen. Baina ahoan zerbait edukiagatik, marru erdiragarriak botaz jarraitzen zuen ume demonioak.
Haur ttikiaren amak kapazuaren ondoko lanpara piztu zuenean, erabat lur jota geratu zen Raymond Carver: umea ere amaren iguala zen behin esnatu eta ahoa irekiz gero, hesola okertu eta altuera ezberdinetan landatuak ziruditen hortzoiak doi zulatzen zituzten bere hortzek.
Jaka gakotik hartu, zigarro berri bat erretzeko aitzakiarekin kanpora atera eta ehun bat metro urrundu zen etxetik. Jiratu eta atzera begira geratu zen une batez. Gurasoen goiko gelan argia itzalita zegoen. Bi koadro beltz eta ohe isil bat imajinatu zituen han. Bere arrebak senarrari nola oihu egiten zion beheko pisuan. Dena ilun inguruan. Planetariuma oroitu eta zerbait epela sentitu zuen bular parean. Ez zuen ondo egin etxera itzulita: urtero zen berdin, ezbeharra gertatu zenetik. Hamasei urte besterik ez zituen berak eta bere anaiak bi gehiago. Eskopetarekin jolasean ari zirela lehertu egin zitzaion bere anaiari aurpegian. Egun asko eman zituen ospitalean etxera bueltatu aurretik. Eskopeta sorbaldatik zintzilik zuela itzuli zen, txistuka, gaurdaino mantentzen zuen irribarrearekin. Ez gurasoak ezta arreba ere, ez ziren bere itzultzeraz jabetu. Carver bakarrik jabetu zen (narratzaile orojakilearen abantailak, pentsatzen zuen orain). Zerraldo batean zegoela sinesten zuten gainerakoek, auskalo nongo kanposantu batean lur emana, marmolezko hilarri baten pean. Berak ikus zezakeen, fusila garbitzen, trapua hartuta, salako munduko bola birarazi eta hari apuntatuz. Baina besteei ez zitzaien mahaian halakorik aipatzea gustatzen.
Beheko ezpainaz goikoa bildu zuen berriro. Beste ehun metro egin zituen eta gero beste ehun. Gurasoenera itzultzeko asmoa zeukan oraindik. Gero, hiri kaskora oinez jaitsi, eta behin hara heltzean, aurkitutako lehen zabor ontzian utzi zuen, paperezko poltsa eta guzti, bihotz itxurako izotz koxkorrak egiten zituen plastikozko kubitera, oraindik jakako barruko patrikan zuena.
Agian norbaitek merezi zuen opari hura. Ziur baietz. Norbaitek merezi zuen. Baina ez zuen asmo eta jarrera egokiekin erosi. Opari bat erosten denean jakin behar da norentzat erosten den, eta opari hura erosi zuenean, ez zuen inor gogoan izan.
Kafetxe baten paretik igaro zen. Gazte batek irakurtzen ari zen liburutik soa altxatu eta begirada bitxi bat, irribarre harritu eta are bitxiago bat zuzendu zion. «Raymond Carver nauk, ohitzen hasi beharko diat», gaztigatu zion bere buruari. Gustuko zuen, zertan uka.
Ez zuen bere hiria ezagutzen. Eraldatuta topatu zituen kaleak eta auzoak, etxe asko ari ziren eraikitzen azken urteetan. Bera Raymond Carver bihurtu zen eran zergatik ez bada? hildako idazleak ote ziren etxe barru haietan horma-margotzaile?
Zoriari taberna bat aukeratzen utzi eta sartu egin zen.
Ez daukagu izotzik: izotz-makina izorratuta daukagu.
Ez zitzaiola inporta, hotza berak jarriko zuela.
Orkideei buruz hitz egiten ari zen bikote sofistikatu bat bere ondoan: fotometriaz loratzen dira orkideak. Ez tenperaturagatik, baizik eta argiarekin. Horregatik hazten dira leku eta egoera txarretan, beste landare guztiak baino lehenago. Makina txanponjalea. Txinatar bat makina txanponjalean. Txinan krisiaren zeinua adierazteko beste bi zeinuren batuketa erabiltzen omen dute: arriskuaren zeinua eta aukeraren zeinua. Makina txanponjalea, moto bat kanpoan.
Trago bakarrean edan eta atera egin zen tabernatik. «Edariari uzteaz hizketan aritzen ginenean ere sukaldeko mahaian eserita egoten ginen, edo kanpoan, pic-nic-eko mahaian, sei garagardoko sorta edo whiskya aurrean genuela».
Egia ote zen orkideak argitik zetozela? Begiratu behar zuen hori ondo.
Hotz egiten zuen arren, su-bajurako egur bila doanaren izpiritu suspergarria jabetu zen berataz. Baina bere bizitzan ez zuen sekula su-bajurik izan, ez eta su-baju horretan erretzekorik ere.
Eta halere sentitzen zuen, bai. Izpiritu suspergarri hura.